www.bizkaia.eus/guregida


Zuzendaritzaren Jarraibidea Identifikazio zenbakia: 900004942

Familia-unitatearen modalitateak: 13/2013 Foru Araua, abenduaren 5ekoa, 98. artikulua.


  

Familia-unitateetan bi talde bereizi behar dira:

  1. Abenduaren 5eko 13/2013 Foru Arauak 98. artikuluko 1. apartatuan arautzen dituen familia-unitateak. Unitate hauetan senar-emazteak edo izatezko bikoteetako kideak (maiatzaren 7ko 2/2003 Legean xedatutakoaren arabera eratuta) izaten dira, umeekin zein ume barik. Modalitate honetan ez dago salbuespenik, nahiz eta ezkontide edo bikotekideetako batek aurreko beste erlazio bateko umeren bat eduki. Ume horiek familia unitatearen modalitatean sar daitezke, zeren eta abenduaren 5eko 13/2013 Foru Arauaren 98. artikuluaren 1. apartatuan ez baita ezartzen bi gurasoko familia-unitateetako seme-alabak nahitaez ezkontide bienak izan behar direnik, edo izatezko bikotekideenak, baizik eta adingabeak izan behar direla (salbu eta, gurasoen baimenarekin, gurasoengandik aparte bizi badira) edo, adin nagusikoak izanez gero, Kode Zibilaren XI. tituluan xedatzen den esparruan, ordezkaritza-ahaldun kuradoretzapean egon behar direla, hain zuzen ere gurasoen edo adoptatzaileen ordezkaritza-ahaldun kuradoretzapean.

    Izatezko bikoteak direla-eta, Konstituzio Auzitegiak honako hau ebatzi zuen 2022ko martxoaren 21eko epaian oinordetza eta dohaintzen gaineko zergaren eremuko zerga-onurei buruz: "8. Babesgabezia baiestearen ondorioak. Autonomia erkidegoko kasazio-organo judizialaren erabakiaren berehalako ondorioa izan da errekurtsogilea baztertuta geratu dela izatezko bikoteentzat legez ezarritako zerga-onura baten aplikazio eremutik eta horrela zentzurik gabeko tratamendu-desberdintasuna ezarri dela, justifikazio objektibo nahikorik ez daukana eta, gainera, kostu handiko ondorioa sortzen duena. Legegileak erabaki du oinordetza eta dohaintzen gaineko zergan tratamendu bera aplikatzea senar-emazteei eta inskribatutako izatezko bikoteei. Horregatik, izatezko bikotea eratuta dagoela egiaztatzeko, organo judizialek modu integratzailean interpretatu behar dute araua, halako moduz non beste erregistro ofizialetako inskripzioak onartu ahal izan daitezen bete beharreko baldintza materialak erregistro autonomikoan inskribatzeko bete beharreko berak direnean, zeren eta arauaren interpretazio honen arabera (zeina auzialdiko epaian aintzatetsi baitzen) segurtasun juridikoa bermatzen baita, bai eta legearen aurreko berdintasuna ere, Konstituzioak agintzen duen bezala".

    Horrenbestez, ez da sine qua non baldintza maiatzaren 20ko 2/2003 Legearen arabera inskribatuta egotea; aitzitik, beste autonomia erkidego batzuetako pareko erregistroetako inskripzioak ere onargarriak dira izatezko bikoteen zerga-onurak aplikatu ahal izateko, eta Batasuneko askatasunen arabera Batasuneko edo Europako Esparru Ekonomikoko beste lurralde batzuetako erregistroetakoak ere bai.

  2. Artikulu beraren 2. apartatuan araupetutakoak; kasu hauek gerta daitezke:

    • legezko banantzea, eta
    • bikotea ez ezkonduta ez maiatzaren 7ko 2/2003 Legean ezarritakoaren arabera izatezko bikote gisa eratuta ez egotea; hau bikotea izatezko bikote gisa inskribatuta ez dagoenean edo ezkontza deseginda dagoenean gertatzen da (desegiteko arrazoiak: ezkontzaren deuseztapena, dibortzioa, edo ezkontide baten heriotza edo hil delako adierazpena).

    Apartatu honetan aipatutako kasuetan familia-unitatean gurasoetako bat eta adingabeko ume guztiak daude (bienak zein batenak), norekin bizi diren kontuan hartu gabe. Beste gurasoa bizi bada ere, ez da familia-unitateko kidea. Seme-alaba guztiak guraso bati edo besteari esleitzea familia-unitatea osatzean guraso bien adostasunarekin egingo da. Adostasunik ez badago, honela osatuko da familia-unitatea: seme-alaben zaintza ebazpen judizial baten bidez era esklusiboan duen gurasoa eta seme-alaba horiek. Kasu horretan bi familia-unitate egon daitezke, eta honela osatuko da bakoitza: gurasoa eta era esklusibo batean bere zaintzapean dauden seme-alaba guztiak.

    Gurasoetako bat gutxienez ezkonduta dagoenean (edo izatezko bikotea osatzen denean beste pertsona batekin), aurreko harremanetako seme-alabak familia-unitate bati edo beste bati eratxiki behar zaizkiola (aitarenari edo amarenari, bi gurasokoak zein guraso bakarrekoak izan), abenduaren 5eko 13/2013 Foru Arauan gurasoengandiko legezko banaketarako edo ezkontzarik ezerako edo izatezko bikoterik ezerako ezarritako irizpideen arabera. Hortaz, lotura bikoitzeko neba-arrebak familia batean edo bestean sartuko dira, gurasoen akordioaren arabera (edo familia-unitatea osatuko dute batekin edo beste batekin). Akordioa dagoenik ezin bada egiaztatu, epailearen ebazpena dela bide zaintza esklusiboa eratxikita duen gurasoaren familia-unitatean sartuko dira seme-alabak (edo harekin osatuko dute familia-unitatea, kasuan kasukoa). Kasu honetan, baldin eta guraso bakoitzak seme-alaben zati baten zaintza esklusiboa badu, aztergai ditugun ondorioetarako, epailearen ebazpenaren bidez zaintza esklusiboa duten seme-alabak eratxiki beharko dituzte gurasoek familia-unitatean.

    Aurreko bi paragrafoetan ezarritakoaren ondorioetarako, gurasoen arteko adostasuna zuzenbidean onartutako edozein frogabideren bitartez egiaztatu ahalko da, eta, adierazi denez, adostasun horren froga sinesgarririk ez badago, familia-unitatea soilik era honetara osatu ahalko da: ebazpen judizial baten bidez era esklusiboan seme alaben zaintza duen gurasoa eta seme-alaba horiek.

    Lotura sinpleko neba-arrebak badaude, seme-alaba guztiak guraso bati bakarrik atxikitzeko araua, guraso biak ados egonda (edo, bestela, seme-alaben zaintzaile bakarra nor den kontuan izanik), bakarrik aplikatu ahal zaie bikote bakoitzak elkarrekin dituen seme-alaba guztiei (lotura bikoitzeko neba-arrebei); izan ere, jakina denez, guraso bakoitzak bere seme-alaben zergapetzean bakarrik (edo familia-unitate bateko edo besteko integrazioan) izan dezake eragina, baina ez inoren seme-alabenean.

    Abenduaren 5eko 13/2013 Foru Arauko 79.6 artikuluan ondorengoengatik aplika datekeen kenkariaz ezarritako gorabehera, adingabeen babesaren arloan eskumena daukan erakunde publikoaren aurrean formalizatutako tutoretzaren edo harreraren ondorioz zergadunari lotuta dauden pertsonak ez dira seme-alabatzat hartuko familia-unitatearen kalkuluetarako.

Loturak

Itzuli