www.bizkaia.eus/guregida


Zuzendaritzaren Jarraibidea Identifikazio zenbakia: 900004937

Erretiroaren ondoriozko mugak. 13/2013 Foru Araua, 70.5 artikulua. (eguneratze-prosezuan)


  

Abenduaren 5eko 13/2013 Foru Arauko 70.5 artikuluak arau berri bat gehitu du; horren arabera, ezin dira zerga-oinarritik murriztu arau bereko 1. eta 3. idatz-zatiek aipatzen dituzten gizarte aurreikuspeneko sistemetarako ekarpenak eta kontribuzioak, bazkideak, partaideak, mutualistak edo asegurudunak (mendekotasun-asegurua dutenak barne) erretiroa hartu eta hurrengo zergaldiaren hasieratik egiten badira.

Hori dela eta, honako kasu honetan gertatuko da erretiroa: bazkideak, partaideak, mutualistak edo aseguratuak erretiratzea onartzen duenean berari dagokion Gizarte Segurantzaren araubidean edo araubide horren ordezko edo alternatiba diren entitateetan.

Zergaren Araudiko 62. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, erretirotzat hartu behar dira erretiro aurreratua, erretiro malgua, erretiro partziala eta Gizarte Segurantzak edo horren ordezko entitateek onartutako ordezko beste formula batzuk.

Erretiro partzialetan eta antzekoetan, ordea, zergadunek zerga-oinarritik kendu ahal izango dituzte erretiro osoa estaltzeko egiten dituzten ekarpenak (eta kontribuzioak). Honetarako, erretiro aktiboa eta malgua erretiro partzialarekin berdinesten dira.

Ezinezkoa bada erretiroari heltzea Gizarte Segurantzan edo haren ordezko edo alternatiba diren entitateetan, erretiroaren kontingentzia gizarte aurreikuspeneko planaren estatutuetan ezarritako adinean gertatuko da (ezin da izan hirurogei urtetik behera), edo bestela Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean ezarritako adinera iristean.

Zergadun ezinduak Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean ezarritako adinera iristean hartuko dira erretiratutzat.

Gizarte Segurantzako sistema eguneratu, egokitu eta modernizatzeari buruzko abuztuaren 1eko 27/2011 Legea onetsi zenetik erretiroa hartzeko adina urtean-urtean aldatzen da, Legeko hogeigarren xedapen iragankorrean ezarritakoarekin bat etorriz. Xedapen horretan arautu da erretiratzeko adina apurka-apurka aldatuko dela 2027ra arte. 2022an erretiratzeko adina 66 urte eta 2 hilabete da.

Zergaren Araudiko 62. artikuluan ezarritako zehaztapen hauek eragina dute gizarte aurreikuspeneko sistemetara egindako ekarpenengatik murrizketa aplikatzeko eskubidean, baina ez sistema horien prestazioak jasotzeko kontingentziarik gertatu denetz zehazteko moduan, prestazio horiei gero abenduaren 5eko 13/2013 Foru Arauko 19.2 artikuluan araututako integrazio ehunekoak aplikatzeko; izan ere, horretarako bidezko finantza arautegia aplikatu behar da, eta osagarri moduan, behar izanez gero, kasuan kasuko gizarte aurreikuspeneko tresnaren estatutuak, araudiak edo zehaztapenak.

Ezkontideari edo izatezko bikoteko kideari ekarpenik eginez gero (abenduaren 5eko 13/2013 Foru Araua, 70.3 artikulua), murrizketa aplikatzea eragozten duen erretiroa gizarte aurreikuspeneko sisteman ekarpena jaso duen ezkontidearena edo izatezko bikoteko kidearena da, ez ekartzailearena.

Ekarpenak (erretiroaren legezko egoera lortu eta hurrengo zergaldiaren hasieratik aurrera egindakoak) murriztu ezin diren arren, prestazioak jasotzen direnean, horiek osorik zergapetu daitezke lan pertsonalaren etekin gisa, abenduaren 5eko 13/2013 Foru Arauko 18 eta 19. artikuluetan xedatutakoaren arabera, eta ez da murriztuko horren zioz lortutako etekina, abenduaren 5eko 13/2013 Foru Arauko 70. artikuluko 2. idatz-zatian berariaz adierazten den bezala. Bertan azaldutakoari jarraiki, izan ere, BGAEn eskutik jasotako prestazioak (gizarte aurreikuspeneko beste sistema batzuetan bezala) osorik zergapetzen dira eta ezin dira jaitsi murriztutako ekarpen eta kontribuzioen gaindikinei dagozkien zenbatekoetan.

PFEZaren aitorpena ez aurkeztea ezin da parekatu Auzitegi Gorenaren 2020ko azaroaren 5eko 1.457/2020 epaian planteatutako kasuarekin parekatu. Epai horretan, dirudienez, abiaburua da zergadunak bidezko aitorpenak aurkeztu zituela eta beraren borondatez ez zela aplikatu gizarte-aurreikuspeneko sistemara egindako ekarpenen murrizketa, horretarako aukera eduki arren; Auzitegi Gorenak ekarpenen zenbatekoa kentzea ahalbideratu zuen.

PFEZ Foru Arauaren 70.2 artikuluaren xedea izango litzateke finantza-muga eta zerga-muga gainditzen dituzten kopuruak eta zerga-oinarriaren gainean eta horren ondorioz beren ekarpenak murriztu ezin dituztenak ere jaso beharreko zenbateko osoaren kargapean geratzea. Horrek ez dakar berekin aitorpenik ez aurkezteak edo aurkeztera behartuta ez egoteak lortutako zenbateko osoa ez integratzeko aukera ematea (bidezko ekarpenak murriztuta).

Loturak

Ogasun Zuzendaritza Nagusiaren jarraibideak

Itzuli