www.bizkaia.eus/guregida


Zuzendaritzaren Jarraibidea Identifikazio zenbakia: 900004177

Salbuespenaren hedadura. Ekonomi jarduera egiteko beharrezko aktiboak. Kapitaleko edo erakundeen ondareko zenbait partaidetza salbuesteko beharkizunak, merkatu antolatuetan kotizazioa izanda edo izan barik. Ondarearen gaineko Zergari buruzko otsailaren 27ko 2/2013 Foru Arauaren 6. artikulua.


  
Salbuetsitako partaidetzaren balioaren zatia zehaztea

Alabaina, salbuespenak ez du hartuko erakundearen ekonomi jarduera egiteko beharrezkoak ez diren aktiboen zenbatekoarekin bat ez datorren partaidetzen balioaren zatia, eta jarduera horren ondoriozkoa ez diren zorren zenbatekoan gutxituko da.

Merkatu antolatuetan negoziatu gabeko partaidetzak direnean, kontabilitatearen eta Ondarearen gaineko Zergari buruzko otsailaren 27ko 2/2013 Foru Arauko 18. artikuluak dakartzan arauen aplikazioaren ondoriozkoa izango da erakundearen aktiboen eta zorren balioa. Horren arabera, ondareko zenbait elementuren kontabilitate balioa zuzendu beharra dago hala nola ondasun higiezinak, merkatu antolatuetan kotizaturiko balioak, inbertsio kolektiboko erakundeetako partaidetzak eta ibilgailuak, itsasontziak eta aireontziak.

Ildo horretan, aktibo guztiei dagokien proportzioan jasanaraziko dira erakundeak hartutako zorrak, loturik nahiz loturik ez dauden aktiboei, haiek dituzten kontabilitate balioei erreparatuta, betiere erakundeak ondarearen aldetik duen benetako egoera agerrarazten badu kontabilitateak. Hala ere, haiei baizik ez zaizkie esleituko zenbait ondasun eta eskubide finantzatzeko beren beregi harturiko zorrak.

Zorrak ekonomi jarduera egiteko beharrezkoak ez diren aktiboei esleitzerakoan, kontuan izan behar da inola ere ez direla aintzat hartuko aktiboak baino handiagokoak diren zorrak.

Beraz, lehenik eta behin, Ondarearen gaineko Zergari buruzko otsailaren 27ko 2/2013 Foru Arauko 18. artikuluan xedatu denaren arabera baloratu behar dira partaidetzak oro har, eta ondoren, partaidetza horien zein balio salbuetsi daitekeen ezarri behar da, hala denean.

Alabaina, baldin eta jarduera egiteko beharrezkoak ez diren aktiboak badira zuzendu beharreko kontabilitate balioa dutenak, Ondarearen gaineko Zergari buruzko otsailaren 27ko 2/2013 Foru Arauko 18. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, nahikoa izango da dagokien balio garbiaren zatia sartzea Zergaren zerga oinarrian, zergadunak aktibo horietan duen partaidetzari egotz dakiokeen proportzioan.

Ekonomi jarduera egiteko beharrezko ondasunak eta eskubideak

Aktiboa ekonomi jarduera egiteko beharrezkoa izango da jarduera horri loturiko elementua denean, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 29ko 6/2006 Foru Arauko 26. artikuluan xedatu denaren arabera, salbu eta laga beharreko higiezinen edo horien gaineko eskubide errealak eratu diren higiezinei dagokienez. Higiezinok ekonomi jarduerari atxikita dauden ala ez erabakitzeko, Ondarearen gaineko Zergari buruzko otsailaren 27ko 2/2013 Foru Arauko 6. artikuluko Sei idatz-zatiko b) hizkian ezarritakoa bete beharko da, salbu eta erakundeko funts propioen partaidetzaren aktibo nagusiei eta kapital propioak hirugarrenei lagatzeari dagokienez. Izan ere, pertsona juridikoak izaki, ekonomi jarduerei loturik geldi daitezke, hala denean.

Turismo ibilgailuak eta horien atoiak, motozikletak, atseden- eta kirol-ontziak eta aireontziak

Turismo ibilgailuak eta atoiak, motozikletak, atseden- eta kirol-ontziak eta aireontziak ez dira jarduerari lotutakotzat hartzen Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren eremuan kengarritzat hartzen diren gastuen proportzio berean.

Bereziki, turismo ibilgailuak eta horien atoiak eta motozikletak direnean, proportzioa zehazteko, kontuan izan behar da jarduera egiteko erabilitakotzat jotzen diren aktiboen ehunekoa, %50ekoa edo %100ekoa, eta balio-galeraren ondoriozko gastuak kentzeko modua ematen duen gehieneko eskuraketa-balioa.

Ondarearen gaineko Zergari buruzko otsailaren 27ko 2/2013 Foru Arauko 6. artikuluko Sei idatz-zatiko b) hizkian ezarri denez, manu horretan araupeturiko salbuespena ez da aplikatzen, inola ere, ibilgailuei, itsasontziei eta aireontziei dagozkien partaidetzen balioaren zatian. Ekonomi jarduerari inola ere loturik ez dauden ibilgailuei, itsasontziei eta aireontziei eratxiki dakiekeen partaidetza horien balioaren zatiari dagokiola ulertu behar da zehaztapen hori, baita ekonomi ustiapenari lotutakotzat ezin har daitekeen garraio horien zatiari ere, Sozietateen gaineko Zergari buruzko ekainaren 26ko 3/1996 Foru Arauko 14. artikuluaren 3. idatz-zatian ezarritakoarekin bat etorrita.

Laga beharreko higiezinak edo eskubide errealak eratu behar zaizkienak

Errentamendu, azpierrentamendu, lagapen edo erabiltzeko eskubide errealak edo ahalmenak eratzeko higiezinak ekonomi jarduerari lotutakotzat hartzeko, zergadunak gutxienez eta batez beste bost langile izan behar ditu urtean inoren kontura lanean, lanaldi osoan eta jardueran dedikazio esklusiboan.

Ondorio horietarako, ez dira langile gisa zenbatzen ez ezkontidea, ez erregistraturiko izatezko bikotekidea, ez zergadunaren seme-alabak edo bigarren graduko albo-ahaideak, dela odolkidetasunagatik, dela adopzio edo ezkontzagatik (izatezko bikotea eratzearen ondoriozko harremana barne), ezta erakundearekin loturiko pertsonak ere Sozietateen gaineko Zergari buruzko ekainaren 26ko 3/1999 Foru Arauko 16. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Langileak lanaldi osoko kontratua izatea eta higiezinen lagapen edo errentamendurako jardueran dedikazio esklusiboa edukitzea exijitzen den neurrian, ez dira zenbatzeko zatizko lanaldia duten langileak, ezta enpresariarentzako bestelako lanak egiten dituztenak ere.

Langileek dedikazio esklusiboa izan behar dute hirugarrenei higiezinak errentatzeko edo lagatzeko jardueran, baina ez da nahitaezkoa jarduera antolatzeko agindua ematea. Beraz, higiezinekin loturiko bestelako atazak egiten dituzten langileak zenbatu daitezke (esate baterako, atezaintza, ordenantza, zaintza, garbiketa, etab.)

Zergadunak aldi berean higiezinen errentamenduko eta salerosketako jarduerak egiten dituenean, salerosketari loturiko ondasunak ekonomi jarduerari lotutakotzat hartuko dira, betiere Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 29ko 6/2006 Foru Arauko 24.3. artikuluan eta 26. artikuluan horretarako exijituriko baldintzak betetzen badira.

Hala denean, kontrataturiko pertsonalak salerosketako eragiketetan nahiz errentamenduari datxezkion eragiketetan jarduten duenean, ekonomi jarduera egitearekin lotutakotzat joko dira salerosketako eragiketak, baldin eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren gaineko araudia horretarako exijituriko baldintzak betetzen badira. Laga behar edo errentamenduan jarri beharreko ondasunak ere halakoak izan daitezen, Ondarearen gaineko Zergari buruzko otsailaren 27ko 2/2013 Foru Arauko 6. artikuluko Sei idatz-zatiko b) hizkian exijituriko baldintza bete behar du erakundeak nahitaez. Hala, urtean gutxienez bost langile izan behar ditu batez beste, inoren konturako kontratuarekin eta errentamenduari datxezkion lanetarako dedikazio esklusiboarekin.

Batez besteko langile-kopurua zenbatzeko, baldintzak betetzen dituzten eta zergadunak zuzeneko edo zeharkako partaidetza duen erakunde multzoan lanean ari diren langileak zenbatu daitezke, betiere %25etik gorakoa partaidetza zuzena edo zeharkakoa bada eta Ondarearen gaineko Zergatik salbuetsi badaiteke. Halakoetan, zergadunak banaka duen partaidetza izango da erreferentziako erakundeetan zenbatu beharrekoa. Beraz, ez dira kontuan izango familia-taldeko edo ahaidetasun-taldeko gainerako kideek izan ditzaketen partaidetzak.

Beharrezko gutxieneko langile kopurura iristeko zenbatu daitezkeen langileak dituzten sozietateek ez dute helburu nagusitzat izan behar ondare higigarriaren edo higiezinaren kudeaketa, eta ezin dira ondare sozietatetzat hartu. Ildo horretan, errentamenduan hartutako higiezinak edo eskubide errealak eratu diren higiezinak jarduera egiteari atxikita daudela ulertuko da higiezin horien erakunde titularra erakunde-talde baten barruan sartzen denean eta zergadun berak, zuzenean edo zeharka, %20ko partaidetza duenean talde horretan, eta legez exijituriko gutxieneko langile-kopurua izan behar du nahitaez. Gainera, Ondarearen gaineko Zergari buruzko martxoaren 27ko 2/2013 Foru Arauko 6. artikuluko Bi idatz-zatiko d) hizkian exijituriko baldintza bete behar da, zergadunak partaidetza duen erreferentziako erakunde guztietan.

Bigarren mailako merkatuetan eta inbertsio kolektiboko erakundeetan kotizaturiko balioak

Ondarearen gaineko Zergari buruzko otsailaren 27ko 2/2013 Foru Arauko 6. artikuluko Sei idatz-zatiko c) hizkian xedatu denarekin bat etorriz, inola ere ezin aplika daiteke manu horretan araupeturiko salbuespena kapitaleko partaidetzaren balioaren zatian, kotizaturiko tituluei badagokie, kasu hauetan izan ezik:

  1. Erakundeak %5eko partaidetza izatea, kapitalean kotizatzen duen konpainiaren botoen eskubideei dagokiena. Gainera, bertan kudeatu behar du bere partaidetza, baliabide materialak eta giza baliabideak antolatuz.
  2. Salbuespen hori ezin aplika daiteke Kapital Aldakorreko Inbertsioko Sozietateen kapitalaren akzio nagusietan. Akzio horiek ez dira beharrezkotzat hartzen, inola ere, ekonomi jarduera egiteko.

  3. Merkatu antolatuetan negoziaturiko kapital propioak hirugarrenei eginiko lagapenaren aktibo nagusiak; beharrezkotzat joko dira, edo ez, kasuan kasuko jarduera egiteko Zergaren arau orokorren eta kasuan kasuko inguruabarren arabera eta, bereziki, jardueraren ohiko funtzionamenduarekin duten loturaren arabera.

Halaber, Inbertsio Kolektiboko Erakundeen akzioekin edo partaidetzekin bat datozen eta erakundeen kapitalean dauden partaidetzen balioaren zatiaren gainean ere ezin aplika daiteke salbuespena.

Hala ere, beren beregiko lege xedapenaren bidez kaxa-koefiziente jakin bati eustera -Inbertsio Kolektiboko Erakundeetako inbertsioetan gauzatu daitekeena- behartuta dauden erakundeek kontsidera dezakete inbertsio horiek beharrezkoak direla ekonomi jarduera egiteko, betiere Kapital Aldakorreko Inbertsioko Sozietateen edo Higiezinen Inbertsioko Sozietateen kapitalaren akzio nagusiak ez badira.

Inbertsio kolektiboko erakundeen kontzeptuaren barruan ez daude arrisku-kapitaleko erakundeak eta sozietate kudeatzaileak arautzen dituen azaroaren 24ko 25/2005 Legean arauturiko arrisku-kapitaleko erakundeak.

Loturak

5/2013 Jarraibidea, Ondarearen zergari buruzkoa, 5.4 atala

Informazio gehiago

Itzuli