Zuzendaritzaren Jarraibidea Identifikazio zenbakia: 900004175
5/2013 Jarraibidea, abenduaren 18koa, Ogasuneko Zuzendaritza Nagusiarena, Ondarearen gaineko Zergari buruzko otsailaren 27ko 2/2013 Foru Araua aplikatzeko zenbait interpretazio-irizpide ezartzen dituena.
Ondarearen gaineko Zergari buruzko otsailaren 27ko 2/2013 Foru Arauko 6. artikuluko 2. idatz-zatian xedatu denez, salbuetsita daude jabetza osoa, jabetza soila eta biziarteko gozamena zenbait partaidetzaren gainean, betiere, beste baldintza batzuen artean, zergadunak kasuan kasuko erakundeko kapitalean duen partaidetza gutxienez %5ekoa bada, banaka zenbatuta, edo %20koa, zenbait seniderekin batera zenbatuta.
Baldin eta zergadunek jabetza soila edo biziarteko gozamena badute partaidetzen gainean, hauxe da garrantzitsua: erakundearen kapitaleko partaidetza ehuneko horien partaidetzen gaineko eskubideak izatea, %5ekoa edo %20koa, kasuaren arabera, eskubideei esleitu beharreko balioa edozein delarik ere, Ondarearen gaineko Zergari buruzko otsailaren 27ko 2/2013 Foru Arauko 22. artikuluan aipatu denarekin bat etorriz.
Zuzenean eduki behar da legez exijituriko gutxieneko partaidetzaren ehunekoa, eta ez da bidezkoa zeharkako partaidetzak zenbatzea.
Gainera, ez dira zenbatzen erakundeak autozorroan dituen partaidetzak. Hortaz, halakoetan, zergadunaren edo ahaide-taldearen titulartasunaren ehunekoa kalkulatu behar da berriz ere, legez exijituriko gutxienekoetara iristen den erabakitzeko (%5ekoa edo %20koa, kasuaren arabera).
Bidezkoa da Ondarearen gaineko Zergari buruzko otsailaren 27ko 2/2013 Foru Arauko 6. artikuluko 2. idatz-zatian arauturiko salbuespena aplikatzea, baldin eta zergadunak kasuan kasuko erakundeko kapitalean %20ko partaidetza badu gutxienez, ezkontidearekin, erregistraturiko izatezko bikotearekin, seme-alabekin edo bigarren mailako albo-ahaideekin batera, dela odol-ahaidetasunagatik, dela ezkontzagatik, bakoitzaren banako partaidetza zein den alde batera utzita.
Halakoetan, erakundearen kapitalean parte hartzen duen ahaidetasun-taldeetako batek bete behar du gutxienez honako baldintza hau: zergadunak erakundean zuzendaritza lana betetzea eta horri dagokion ordainsaria ekonomi jardueren eta lan pertsonalaren etekin guztien %50etik gorakoa izatea. Hala bada, salbuespena balia dezakete gainerako guztiek ere.
Horrenbestez, balioen titular guztiek osaturikoari deritzo ahaidetasun-taldea, baina horretarako, balio horiek batera erakundearen kapitalaren %20ko partaidetzaren parekoa izan behar dute gutxienez eta legez ezarritako ahaidetasun eta senidetasun loturen bidez egon behar dute lotuta.
Ahaidetasun-talde horren barruan ez dira sartzen erakundearen kapitalean partaidetzarik ez duten senideak. Hala, senide horiek bete ditzaketen zuzendaritza eginkizunak ez dira kontuan hartzen salbuespena egiteko exijituriko baldintzak betetzen diren edo ez aztertzeari begira.
Bestalde, Ondarearen gaineko Zergari buruzko otsailaren 27ko 2/2013 Foru Arauan ez da ezarri erreferentziako zergadun espezifikorik. Horrenbestez, partaidetzen beste edozein pertsona titular kontsidera daiteke, betiere gainerakoek legez exijituriko senidetasun edo ahaidetasun harremana badute harekin.
5/2013 Jarraibidea, Ondarearen zergari buruzkoa, 5.2. atala