www.bizkaia.eus/guregida


Zuzendaritzaren Jarraibidea Identifikazio zenbakia: 900004174

Ondare higiezina edo higigarria kudeatzeko lanean diharduten erakundeak. Kapitaleko edo erakundeen ondareko zenbait partaidetza salbuesteko beharkizunak, merkatu antolatuetan kotizazioa izanda edo izan barik. Ondarearen gaineko Zergari buruzko 2/2013 Foru Arauaren 6. artikulua


  

Ondarearen gaineko Zergari buruzko otsailaren 27ko 2/2013 Foru Arauko 6.2. artikuluan ezarritako salbuespena aplikatu ahal izateko, zergadunak partaidetza duen kapital edo ondarearen erakundeak ez du jarduera nagusia izan behar ondare higigarriaren edo higiezinaren kudeaketa, ekonomi jarduera bat egitea baizik.

Beharkizun hori betetzat joko da erakundeak baldintzak betetzen ez dituenean, hots, aktiboaren erdia baino gehiago balioek eratuta edo ekonomi jarduerei lotuta ez dagoela ulertzeko bete beharreko baldintzak, Sozietateen gaineko Zergari buruzko ekainaren 26ko 3/1996 Foru Arauko 66. artikuluan xedatu denarekin bat etorriz.

Horrenbestez, ez dira ez balio gisa ez balioei loturiko elementu gisa zenbatzen erakundeak lortu dituen eta banatu ez diren etekinen zenbatekotik gorako eskuraketa-prezioa ez dutenean, dela urtean bertan, dela aurreko hamar urtean, betiere ekonomi jarduerak egitearen ondoriozko etekinak badira.

Alabaina, salbuespenak ez du hartuko erakundearen ekonomi jarduera egiteko beharrezkoak ez diren aktiboen zenbatekoarekin bat ez datorren partaidetzen balioaren zatia, eta jarduera horren ondoriozkoak ez diren zorren zenbatekoan gutxituko da.

Azken arau hori aplikatzen da erakundeak aribideko urteko eta aurreko hamar urteetako etekin ez banatuen kargura erositako ondare elementu ez lotuei eta balioei dagokien partaidetzen zenbatekoaren gainean, etekin horiek halakotzat eta lotuta ez dauden elementu gisa zenbatu behar ez badira ere, zertarako-eta erakundearen jarduera nagusia higigarrien edo higiezinen kudeaketa den ala ez zehazteko.

Beraz, arau ezberdinak aplikatzen dira, batetik, erakundearen helburu nagusia higigarrien edo higiezinen ondarea kudeatzea den zehazteko eta, bestetik, salbuespenaren norainokoa ezartzeko.

Sozietateen gaineko Zergari buruzko ekainaren 26ko 3/1996 Foru Arauko 66. artikuluan beren beregi adierazi denez, erakundearen aktiboen erdia baino gehiago lotu gabeko balioekin edota elementuekin osatuta dagoen erabakitzeko, batzuen nahiz bestetzuen zenbatekoa izango da kontabilitatetik ondorioztatzen dena, betiere erakundeak ondarearen aldetik duen benetako egoera islatzen badu kontabilitateak.

Loturak

5/2013 Jarraibidea, Ondarearen zergari buruzkoa, 5.1 atala

Informazio gehiago

Itzuli