Zuzendaritzaren Jarraibidea Identifikazio zenbakia: 900004173
5/2013 Jarraibidea, abenduaren 18koa, Ogasuneko Zuzendaritza Nagusiarena, Ondarearen gaineko Zergari buruzko otsailaren 27ko 2/2013 Foru Araua aplikatzeko zenbait interpretazio-irizpide ezartzen dituena.
Zergatik salbuetsita daude zergadunaren ekonomi jarduerarako beharrezkoak ez diren ondasunak eta eskubideak, betiere ohiko jarduera bada, zergadunak berak zuzenean egiten badu eta errentaren iturri nagusia bada.
Foru Arauko 26. artikuluan ezarritakoren arabera atxikiriko elementua denean, salbu eta lagapenaren xedeko higiezinei edo horien gaineko eskubide errealen eraketari dagokienean. Izan ere, higiezin horiek ekonomi jarduerari lotuta dauden ala ez erabakitzen da Ondarearen gaineko Zergari buruzko otsailaren 27ko 2/2013 Foru Arauko 6. artikuluko Sei idatz-zatiko a) hizkian xedatu denaren arabera.
Pertsona fisikoen eta errenta-eratxikipena duten erakundeen eremuan, inola ere ez dira hartzen jarduerari lotutakotzat erakundeen funts propioetako partaidetza ordezkatzen duten aktiboak, edo kapital propioak hirugarrenei lagatzeari dagozkienak.
Inola ere ezin har daitezke atxikitzat inbertsio kolektiboko erakundeetan eginiko inbertsioak ere.
Turismo ibilgailuak eta atoiak, motozikletak, atseden- edo kirol-ontziak eta aireontziak ez dira jarduerari atxikitzat hartuko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren eremuan kengarritzat hartzen diren gastuen proportzio berean.
Bereziki, turismo ibilgailuak eta horien atoiak eta motozikletak direnean, proportzioa zehazteko, kontuan izan behar da jarduera egiteko erabilitakotzat jotzen diren aktiboen ehunekoa, %50ekoa edo %100ekoa, eta balio-galeraren ondoriozko gastuak kentzeko modua ematen duen gehieneko eskuraketa-balioa.
Errentamendu, azpierrentamendu, lagapen edo erabiltzeko eskubide errealak edo ahalmenak eratzeko higiezinak ekonomi jarduerari atxikitzat hartzeko, zergadunak gutxienez eta batez beste bost langile izan behar ditu urtean, inoren kontura lanean, lanaldi osoan eta jardueran dedikazio esklusiboan.
Ondore horietarako, ez dira zergadunaren langiletzat zenbatuko ez ezkontidea ez erregistraturiko izatezko bikotekidea, ez seme-alabak edo bigarren graduko albo-ahaideak, dela odol-ahaidetasunagatik, dela adopzioagatik edo ezkontzagatik (izatezko bikotea eratzearen ondoriozko harremana barne).
Langileak lanaldi osoko kontratua izatea eta higiezinen lagapen edo errentamendurako jardueran dedikazio esklusiboa edukitzea exijitzen den neurrian, ez dira zenbatzen zatizko lanaldia duten langileak, ezta enpresariarentzako bestelako lanak egiten dituztenak ere.
Langileek dedikazio esklusiboa izan behar dute hirugarrenei higiezinak errentatzeko edo lagatzeko jardueran, baina ez da nahitaezkoa jarduera antolatzeko agindua ematea. Beraz, higiezinekin loturiko bestelako atazak egiten dituzten langileak zenbatu daitezke (esate baterako, atezaintza, ordenantza, zaintza, garbiketa, etab.)
Zergadunak aldi berean higiezinen errentamenduko eta salerosketako jarduerak egiten dituenean, salerosketari loturiko ondasunak ekonomi jarduerari atxikitzat hartuko dira, betiere Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 29ko 6/2006 Foru Arauko 24.3. artikuluan eta 26. artikuluan horretarako exijituriko baldintzak betetzen badira.
Hala denean, kontrataturiko pertsonalak salerosketako eragiketetan nahiz errentamenduari datxezkion eragiketetan jarduten duenean, ekonomi jarduera egiteari atxikitzat joko dira salerosketako eragiketak, baldin eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren gaineko araudian horretarako exijituriko baldintzak betetzen badira. Alabaina, laga edo errentamenduan emateko ondasunak jarduerari lotutakotzat hartzeko, Ondarearen gaineko Zergari buruzko otsailaren 27ko 2/2013 Foru Arauko 6.6. artikuluko a) hizkian ezarritakoa baldintza exijitzen da. Horrenbestez, horretarako gutxienez bost langile izan behar ditu batez beste urtean zergadunak, inoren konturako eta lanaldi osoko kontratuarekin eta errentamenduari datxekion atazetarako dedikazio esklusiboarekin.
5/2013 Jarraibidea, Ondarearen zergari buruzkoa, 4.4 atala