Zuzendaritzaren Jarraibidea Identifikazio zenbakia: 900004172
Zergatik salbuetsita daude zergadunaren ekonomi jarduerarako beharrezkoak ez diren ondasunak eta eskubideak, betiere ohiko jarduera bada, zergadunak berak zuzenean egiten badu eta errentaren iturri nagusia bada.
Zergadunak egiten duen jarduera errentaren iturri nagusia izango da Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren zerga oinarriaren %50 gutxienez jardueraren ondoriozko etekinetatik datorrenean. Ondore horietarako, ez dira zenbatu ez Ondarearen gaineko Zergari buruzko otsailaren 27ko 2/2013 Foru Arauko 6.2. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz salbuetsita dauden partaidetzak dituzten erakundeetan beteriko zuzendaritza eginkizunen ziozko ordainsariak, ez partaidetza horien ondoriozko bestelako ordainsariak ere, kalifikazioa edozein delarik ere. Beraz, kalkulua egite aldera, bereziki ez dira zenbatzen salbuetsitako partaidetzak dituzten erakundeetatik datozen dibidenduak, zergadunak erakundeotan zuzendaritza eginkizunak betetzen ez dituenean ere.
Zergadun berak bi jarduera edo gehiago egin ohi baditu modu pertsonalean eta zuzenean, jarduerei loturiko ondasun eta eskubide guztiak hartuko ditu bere baitan salbuespenak, eta jarduera guztien etekinen multzoak errenta iturri nagusia emango duela kontsideratzen da, errenta-eratxikipena duten erakundeen bitartez eginikoak barne.
Konputatu beharreko zenbatekoak, ildo horretan, zergadunak lor dezakeen errentako hainbat iturriren ondoriozko etekin garbiak dira eta, ondare irabaziak eta galerak direnean, horien integrazioaren eta konpentsazioaren emaitzak, hots, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren zerga oinarrian integraturiko zenbatekoak. Alabaina, ez dira aintzat hartzen ekonomi jarduerak egitetik datozen aurreko ekitaldietako saldo negatiboen konpentsazioak, likidazio oinarri negatibokoak, ezta aurreko ekitaldietako ondare galerak ere.
Baterako zerga-ordainketa denean, Ondarearen gaineko Zergaren zergadun bakoitzak banaka lorturikoak dira kontuan hartu beharreko jardueren etekin garbiak eta zerga oinarria.
5/2013 Jarraibidea, Ondarearen zergari buruzkoa, 4.3 atala