Zuzendaritzaren Jarraibidea Identifikazio zenbakia: 900004167
Zergadunaren ohiko etxebizitza salbuetsita dago Ondarearen gaineko Zergatik: gehienez 400.000 euro.
Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 29ko 6/2006 Foru Arauaren 89. artikuluko 8. idatz-zatian ezarritakoarekin bat etorriz, ohiko etxebizitza da zergaduna bertan gutxienez hiru urtez jarraian bizi deneko egoitza, salbu eta hiru urte baino lehen etxebizitza ezinbestean aldatzea dakarren inguruabarren bat gertatzen bada.
Baldin eta higiezinean gutxienez hiru urtez jarraian bizi beharrari buruzko baldintza betetzen ez bada, Bizkaiko Lurralde Historikoko Zergei buruzko martxoaren 10eko 2/2005 Foru Arauaren 119. artikuluko 2. idatz-zatiko bigarren paragrafoan xedaturikoarekin bat etorriz araupetu behar du bere zerga egoera zergadunak. Paragrafo hori dela bide, beren beregi bestelakorik ezarri ezean, baldin eta zerga pizgarriak salbuespena edo kenkaria aplikatu ondoren berau aplikatzeko eskubidea galtzen bada bete beharreko eskakizunetako bat ez betetzeagatik, hauxe sartu behar du zergapekoak ez betetzea gertatu den zergaldiari dagokion autolikidazioan: ukituriko salbuespenaren, kenkariaren edo pizgarriaren ondoriozko diru-kopurua edo kuota, berandutze interesak barne.
Ez dira ohiko etxebizitzaren kontzeptuaren barruan sartzen lorategiak, parkeak, igerilekuak eta kirol instalazioak, garajeak eta, oro har, eranskinak edo etxebizitzakoa ez den beste edozein elementu, salbu eta etxebizitzarekin batera erregistroko finka bakarra osatzen badute.
Familia-unitateko kideak hiriko ondasun higiezin baten edo gehiagoren titularrak badira, horietako bat hartuko da soilik ohiko etxebizitzatzat. Horretarako, familia-unitateak bizitzeko interesen eta harreman pertsonal, sozial eta ekonomikoen gune nagusia dueneko higiezina izango da ohiko etxebizitza.
Salbuespen hori egiteko, ez da exijitzen kasuan kasuko higiezinaren gaineko jabetza osoa izatea, betiere zergadunaren ohiko etxebizitza bada, halako moldez non gozamenaren eskubide errealen titularrek salbuespenaren onura izango baitezakete, gehienez 400.000 euro.
Etxebizitzaren baterako titulartasuna dagoenean, irabazizko araubideko edo foru komunikazioko ezkontzak barne, banaka aplikatuko zaio zergadun bakoitzari 400.000 euroko gehieneko salbuespen muga; ez dute baterako ordainketa izango etxebizitzaren jabekide guztiek. Hortaz, zergadun bakoitzaren titulartasunari dagokion higiezinaren zatiaren balioari dagokio gehieneko muga (ez etxebizitzaren guztizko balioari).
Horrenbestez, Ondarearen gaineko Zergari buruzko otsailaren 27ko 2/2013 Foru Arauaren 9. artikuluan bildutako ondare elementuen titulartasunaren arauak bete behar dira muga hori baliatzeko.
Higiezinaren balioa ezartzeko, Ondarearen gaineko Zergari buruzko otsailaren 27ko 2/2013 Foru Arauko 12. artikuluan eta bosgarren xedapen gehigarrian (2013, 2014 eta 2015eko ekitaldiei dagokiena soilik) xedaturiko arauak baliatu behar dira, eta balio horren gainean egiten da salbuespena.
Salbuespena baliatzeak berekin dakar higiezinaren erosketa finantzatzeko hartutako zorrak kengarriak ez izatea, Ondarearen gaineko Zergari buruzko otsailaren 27ko 2/2013 Foru Arauko 27.2. artikuluko a) hizkian beren beregi xedatuta dagoenez. Salbuespen partziala bada, kengarria izango da salbuetsi gabeko zenbatekoari egotzi beharreko proportziozko zorraren zatia.
Gainera, Ondarearen gaineko Zergari buruzko otsailaren 27ko 2/2013 Foru Arauko 27. artikulu bereko Hiru idatz-zatiak dakarrenez, inola ere ez dira kengarriak izango ondasunak edo eskubideak eskuratzeko hartutako zorrak, Zergaren arauen arabera horiei eman beharreko balorazioa baino handiagoko zenbatekoan.
Beraz, soilik izango da kengarria etxebizitzatik salbuetsi gabeko zenbatekoa finantzatzeko hartutako zorren zati proportzionala (Ondarearen gaineko Zergari buruzko otsailaren 27ko 2/2013 Foru Arauko 27.2. artikulua), zerga oinarrian integratu beharreko balioaren berdina den gehieneko balioarekin (Ondarearen gaineko Zergari buruzko otsailaren 27ko 2/2013 Foru Arauko 27.3. artikulua).
5/2013 Jarraibidea, Ondarearen zergari buruzkoa, 3.2 atala