saltatu edukira

Aldundiaren Logoa
 
 

Hemen zaude:

Gure Gida

Informazioa


www.bizkaia.eus/guregida


Zuzendaritzaren Jarraibidea Identifikazio zenbakia: 900002984

Kasua: hainbat mailegu-hartzaile baina batzuk (edo bat) baino ez dira etxebizitzaren jabe eta beraiek ordaintzen dituzte maileguaren hileko kuotak

Etxebizitzaren erosketa finantzatzeko eskatutako maileguan etxebizitzaren jabeez gainera beste pertsona batzuk ere agertzen badira, ulertu behar da maileguaren amortizazio-kuotak eta korrituak denek ordaintzen dituztela hain bana, horretarako erabiltzen diren funtsen jatorria gorabehera. Halaber, mailegu-hartzaile guztiak zorraren erantzule solidarioak dira mailegua eman duen erakundearen aurrean. Kode Zibileko 1.205. artikuluan xedatutakoaren arabera, berritzea jatorrizko zordunaren ordez beste zordun bat jartzea bada, horretarako ez da beharrezkoa jatorrizkoa jakinaren gainean egotea, baina bai hartzekodunak baimena ematea. Hori kontuan hartuta, higiezinaren jabeek maileguaren kuota guztiak ordaintzeak ez dakar besterik gabe beraiek izatea mailegu-hartzaile bakarrak.

Honelako kasuetan, etxebizitzaren jabeek maileguaren amortizazio-kuota eta korritu guztien araberako kenkaria aplikatu ahal izateko maileguaren kontratuan ezarritakoa aldatu behar da eta frogatu behar da maileguaren bitartez finantzatu ez den etxebizitzaren balio kengarriaren zatiak (dena ez baita berarena) ez duela kenkaririk sortu eta beste modu batean finantzatu zela, orain aldatu nahi den modu batean (hain zuzen ere, beste pertsona batzuek zorraren zati bat berenganatuta: eskritura aldatuz gero, mailegu-hartzaileen betebeharretatik aske geratuko dira; hala ere, kontsultagilearen zorra beste moduren batean bermatu ahal izango da).

Maileguaren eskritura ez bada aldatzen baina, gero, modu sinesgarrian frogatzen bada higiezinaren jabeak direla maileguaren kuotak osorik eta urtero ordaintzen dituzten bakarrak, inori ezer erreklamatzeko eskubiderik gabe, ulertu ahalko da higiezinaren titularrak diren eta ez diren mailegu hartzaileen arteko harremana dela titularrak ez direnek bermatu egiten dutela titularrek eskatutako kreditua mailegu emaileari itzuliko zaiola. Berme horren bidez, abal edo fidantza solidarioa emanez gero edukiko lukeen posizioaren baliokidea eman nahi zaio aipatutako mailegu hartzaileari. Horrenbestez, alderdien benetako borondatea kontuan izanik, ohiko etxebizitzan inbertitzeagatik kenkaria eskuratzeko orduan, higiezinaren gaineko jabetza-kuotarik eskuratzen ez duten mailegu hartzaileek abal edo fidantza solidarioa jartzeari emango litzaiokeen tratu berbera eman ahal zaio eragiketari. Horrela, maileguaren kuoten ordainketa higiezinaren jabeak (edo jabeek) bakarrik egiten badu, eta urtero-urtero hala frogatzen bada, ez da eragozpenik egongo jabeak maileguaren kuotetan kenkariak aplikatzeko, bai amortizazioan bai interesetan. Hori dena baldin eta kasu honetan jabeak badira etxebizitzan inbertitzen dutenak, nahiz eta posible izan, mailegua ordaindu ezean, mailegu emaileak mailegu hartzaileetako edozeini erreklamatzea edo errepikatzea.

Loturak

Zuzendaritza Nagusiaren Jarraibideak

Informazio gehiago

Lotutako orrialdeak

Bankuaren mailegua

Itzuli