saltatu edukira

Aldundiaren Logoa
 
 

Hemen zaude:

Gure Gida

Informazioa


www.bizkaia.eus/guregida


Zuzendaritzaren Jarraibidea Identifikazio zenbakia: 900002981

13/2013 FAko 41 art.: Ondarea aldatzen ez den kasuak.

Ondasun erkidegoa, ezkontza-sozietatea edo maiatzaren 7ko 2/2003 Legean xedatutakoaren arabera eratutako izatezko bikote bateko kideek itundutako sozietatea desegiten bada eta gero erkide, ezkontide edo bikotekide bakoitzari erkidegoko edo sozietateko ondasunak eta eskubideak adjudikatzen bazaizkie, horrek ez du aldatzen bakoitzaren ondarearen osaketa, hau da, ez du sortzen ondare irabazirik ez galerarik, baldin eta adjudikazioak bakoitzari erkidegoan edo sozietatean dagokionaren arabera egiten badira, hau da, bakoitzaren partaidetza-kuotaren proportzioan. Honelako kasuetan ezin daiteke eguneratu jasotako ondasunen eta eskubideen balioa, ez eta erosketa-data ere.

Hala ere, erkidegoaren edo sozietatearen likidazioan gehiegizko adjudikaziorik gertatuz gero, hau da, erkide, ezkontide edo bikotekideetako bati adjudikatutako ondasunen eta eskubideen balioa erkidegoan edo sozietatean daukan partaidetza-kuotari dagokiona baino gehiago bada, besteari (edo besteei) konpentsazioa emanda zein eman gabe, konpentsazioa jasotzen duen erkide, ezkontide edo bikotekidearen ondarea aldatzen da (aldakuntza gehiegizko adjudikazioa jaso duenari kostu bidez edo dohain eskualdatutakoaren zenbatekoa da) eta ondorioz konpentsazioa ordaindu behar duen edo dohaineko eskualdaketaren onura jasotzen duen erkide, ezkontide edo bikotekidearen gehiegizko zatia dagokien ondasunen balioa eta eskuraketa-data eguneratzen dira.

Kasu horretan, ondare-aldaketa hori irabazte ondasunak esleitzen diren aldiari egozten zaio eta, kasuan kasu, emandako gehiegizkoari dagokion konpentsazioa jasotzeko eskubidea eta ordaintzeko beharra, epekako edo epekako prezioko eragiketetarako xedatutako aldi baterako egozpen irizpidea aplikagarria izan ezean.

Honetarako ez daukan inolako eraginik konpentsazioa eskudiruz edo gauzaz egiteak, ez eta inolako konpentsaziorik ez ituntzeak ere (konpentsaziorik ez badago, “inter vivos” dohaineko eskualdaketa dugu).

Planteamendu hau bat dator eragiketa hauen izaera ekonomikoarekin eta ez du lekurik uzten zergapetze bikoitzerako. Izan ere, ondasun erkidego baten edo ezkontza-sozietate baten likidazioan behar baino adjudikazio handiagoa eskuratzen duenak inbertsioa baizik ez baitu egiten Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren arautegiaren arabera (edo lehen ez zeukan zerbait dohain eskuratzen).

Horregatik, honelako kasuetan gehiegizko adjudikazioa jasotzen duen erkide, ezkontide edo bikotekideari adjudikatutako ondasunak eta eskubideak bi alditan eskuratutzat jotzen dira. Lehenbizi, likidazioan partaidetza-kuotaren konpentsazio gisa jasotako ondasunak eta eskubideak, erkidegoak edo sozietateak eskuratu zituenean. Bigarrenez, kuotaren gainetik jasotako ondasun eta eskubideen zatia (gehiegizko adjudikazioaren konpentsazioa edo dohaineko eskuraketa), erkidegoa edo sozietatea likidatu den egunean.

Horrek dauzkan ondorioetako bat hauxe da: gehiegizko adjudikazioa jasotzen dutenek konpentsazio baten trukean ohiko etxebizitzan inbertitzeagatiko kenkaria aplika dezakete, hain zuzen ere oinarritzat beste erkideek edo ezkontideak edo bikotekideak erkidego edo sozietateko partaidetza-kuotarekin bat ez datorren etxebizitzaren titulartasunaren ehunekoa eskuratzeko ordaindutakoa hartuta. Horretarako, noski, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren arautegian ezarritako betekizunak bete behar dira.

Horrekin lotuta, behar baino gutxiago jasotako erkideek edo ezkontideak edo bikotekideak ondare aldakuntza edukitzen dute: uko egiten dioten ondasun edo eskubideen partaidetza-kuotaren eskualdaketa-balioaren (merkatuko balioa izan ohi da) eta erkidegoak edo sozietateak kuota hori eskuratzeko ordaintzen duen zenbatekoaren arteko diferentzia.

Bestela, erkide batzuen zerga-karga besteek jasan beharko lukete (edo ezkontide edo bikotekide batek bestearena). Izan ere, honelako kasuetan ez bada onartzen ondare aldakuntza gertatu denik eta, ondorioz, ezin badira eguneratu gehiegizko adjudikazioa jaso duenak ondasunak eta eskubideak eskuratu dituen datak eta haien balioak, konpentsazio baten trukean behar baino gutxiago jasotako erkideak, ezkontideak edo bikotekideak ez ditu aitortu behar ondasunek eta eskubideek erkidegoa edo sozietatea likidatu den egunean sortutako isilbidezko gainbalioak eta, aldiz, behar baino gehiago adjudikatutako erkideak, ezkontideak edo bikotekideak berak ordaindutakoa baino eskuraketa-balio txikiagoa ezarri beharko die ondasun eta eskubideei.

Horrez gain, adierazi behar da zerga-arloan zenbait aldaketa onartzen dituen uztailaren 20eko 5/2016 Foru Arauak abenduaren 5eko 13/2013 Foru Arauaren 41. artikulua aldatu duela, hain zuzen kasu horietan guztietan, zergadunen ondarearen osaeran ez dela aldaketarik gertatuko argitzeko, "betiere, gehiegizko esleipenik ez badago".

Loturak

Zuzendaritza Nagusiaren Jarraibidea

Informazio gehiago

Lotutako orrialdeak

Beste kasuak

Itzuli