saltatu edukira

Aldundiaren Logoa
 
 

Hemen zaude:

Gure Gida

Informazioa


www.bizkaia.eus/guregida


Zuzendaritzaren Jarraibidea Identifikazio zenbakia: 900001573

PFEZren 9.17. artikulua eta PFEZaren erreglamentuko 11. artikulua: Langileak atzerrian egindako lanen zioz jasotako etekinak.

Baliozko erantzuna indarrean dagoen arautegia egun honetatik aurrera aplikatuz: 2013/12/31

Ondoko betekizun hauek bete behar dira salbuespena aplikatu ahal izateko:

  1. Lorturiko errentak lan etekintzat hartzea. Ondorio horietarako, kontuan izan behar dugu, administratzaileen ordainsariak Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren eremuan laneko etekintzat jotzen diren arren, administratzaileek ezin dutela izan salbuespenaren onuradun. Izan ere, ez dira inoren kontura ordaindutako zerbitzuak egiten dituzten langileak, beste pertsona edo erakunde baten (enplegatzailea edo enpresaburua) antolaketa eta zuzendaritza pean. Ondorio hau entitate bereko administratzaile eta langile diren pertsona fisikoei ere aplikatu behar zaie, harekin lan-loturarik ez badute.
  2. Atzerrian egindako lan batetik lortutako etekina izatea; beraz, beharrezkoa da langilea Espainiako lurraldetik kanpora joatea eta, gainera, lantokia atzerrian eduki behar du, aldi baterako behintzat.
  3. Lan horiek egoiliar ez den enpresa edo entitate batentzat edo atzerrian egoitza duen establezimendu iraunkor batentzat egitea. Hau da, lekuz aldatutako langileak ematen dituen zerbitzuen onuraduna egoiliarra ez den enpresa edo erakundea edo atzerrian dagoen establezimendu iraunkor bat izan behar da. Ondorioz, salbuespena bakarrik aplikatu ahalko da zergadunak egindako jarduera egoiliarra ez den erakundearentzat edo establezimenduarentzat mesedegarria bada, hau da, berarentzat abantaila sortzen badu edo baliagarri bazaio edo balio erantsia ematen badio. Horregatik, esan dezakegu batez ere zerbitzuen nazioarteko prestazioen eremuan lan egiten duten langileen kasuan duela eragina salbuespen honek.
    Egoiliarrak ez diren erakundeen alde edo atzerrian kokatutako establezimendu iraunkorren alde egiten diren lanak direla ulertzeko (eta ez konpainia enplegatzailearen alde), beharrezkoa da atzerrira joaten den langileak egindako lanak soilik egoiliarrak ez diren erakundeek emandako proiektuekin berariaz eta zuzenean lotuta egotea (edo atzerrian kokatutako aipatutako establezimendu iraunkorrek emandakoak izatea). Hala, lan horiek proiektu horiei zuzenean eta berariaz atxiki ahal zaizkien kostuen atal izango dira, bai eta erakunde edo establezimendu horien fakturazio-xede ere (banatuta edo modu globalean horiengatik kobratzen den prezioaren barruan).
    Ondorioz, erosketekin, atzerriko azpikontratazioarekin edo erakunde egoiliarrak kanpoan hornitzearekin zerikusia duten zereginak, bezero berriak edo atzerrian egindako eskaerak lortzearekin (merkataritza-akordio berriak lortzea) zerikusia dutenak edo jada sinatuta dauden kontratuak birplanteatzearen ondoriozko negoziazioak garatzearekin lotuta daudenak, horien interpretazioari buruz sor daitezkeen eztabaidak ebaztea barne, ezin dute justifikatu salbuespena aplikatzea, nahiz eta kanpoan egin (lanerako kontratatu duen erakunde egoiliarraren beraren onurarako egiten direnean).
    Zerbitzuak jasotzen dituen entitatea langilearen enplegatzaileari edo langileak zerbitzua ematen duenari lotuta badago, Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 5eko 11/2013 Foru Arauaren 44.1 artikuluan ezarritako betekizunak bete behar dira, halako moldez non talde barruko zerbitzua eman dela ulertuko baita, zerbitzuen hartzaileari abantaila edo onura dakarkiona eta zergadunari lana ematen dion konpainiaren fakturazioa izan duena edo izan behar duena. Bereziki, taldeko beste kide batzuen mesederako zerbitzua egiten ari dela ulertu behar da baldin eta egiten den jarduerak haientzat interes ekonomikoa edo komertziala badu, merkatuan duten lekua sendotzen dielako. Inguruabarrak antzekoak direnean, beraz, zerbitzuak hartzen dituzten enpresak prest egongo lirateke zerbitzu horiek hirugarren independenteei kontratatzeko edo lanak enpresa barruan egiteko. Enpresa independente bat hirugarrenei kontratatzeko prest legokeen edo berak egingo lituzkeen jarduerak izan ezean, ez gara talde barruko zerbitzu prestazioen aurrean egongo
  4. Lanak egiten diren lurraldean Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga bezalako edo horren antzeko zerga bat aplikatzea, eta herri edo lurralde hori arau bidez zerga-paradisutzat ez hartzea. Ondore horietarako:
    1. Ez da exijituko lanaren etekinak lanak egin diren herrialdean edo lurraldean benetan kargatzea; izan ere, arauak bakarrik exijitzen du lurralde horretan Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga bezalako zerga edo horren antzekoa aplikatzea, eta ez diru-sarrerak jatorrian Zergaren kargapean egotea.
    2. Paradisu fiskalak dira urriaren 7ko 188/2003 Foru Dekretuan aipatzen diren herrialde eta lurraldeak. Joan den 2016ko uztailaren 30era arte, ez ziren zerga-paradisutzat jotzen Espainiarekin zergapetze bikoitza ekiditeko hitzarmena, informazioa trukatzeko klausula zuena, izenpetzen zuten herrialde edo lurraldeak, edo zergei buruzko informazioa trukatzeko akordioa izenpetzen zutenak, baldin eta hitzarmen edo akordio horretan berariaz jasotzen bazen hura indarrean jartzen zenetik herrialde edo lurraldeok ez zirela zerga- paradisutzat jotzen. Hala ere, 2016ko uztailaren 30etik, Zergei buruzko Foru Arau Orokorraren hogeita laugarren xedapen gehigarriak zehazten du paradisu fiskaltzat hartzen diren herrialde eta lurraldeen zerrenda irizpide hauei jarraituz eguneratu daitekeela:
      1. Hitzarmen bat egotea informazio-trukeko klausula duen nazioarteko ezarpen bikoitza saihesteko, zerga arloko informazio-trukeko akordio bat, edo ELGAren Zerga Arloko Elkarrekiko Administrazio Laguntza HItzarmena eta aplikatzekoa den 2010 Protokoloak zuzendutako Europako Batzordea;
      2. zerga arloko benetako informazio-trukea egotea edo ez, aipatutako Zerga arloko Foru Arau Orokorraren hogeita laugarren xedapen gehigarrian ezarritako baldintzetan; eta
      3. Gardentasuneko eta Helburu Fiskaleko Informazio Trukerako Foro Orokorrak egindako ebaluazioen emaitzak egotea. Horrela, egun horretatik aurrera, paradisu fiskalen zerrenda ez da automatikoki eguneratzen; berariaz egin beharko da, aurreko irizpideak kontuan hartuz.

      Horregatik, 188/2003 Foru Dekretuan dagoen zerrendatik herrialde hauek kendu behar dira: Zipreko errepublika (4/2005 Jarraibidea, otsailaren 4koa; gainera hitzarmena dauka indarrean 2014ko maiatzaren 28tik), Maltako errepublika (4/2005 Jarraibidea, otsailaren 4koa, eta 2006ko irailaren 12an indarrean jarri zen hitzarmena), Arabiar Emirerri Batuak (hitzarmena indarrean 2007ko apirilaren 2tik), Jamaika (2009ko maiatzaren 16an indarrean jarri zen hitzarmena), Trinidad eta Tobago (2009ko abenduaren 28an indarrean jarri zen hitzarmena), Luxemburg Dukerri Handiaren hitzarmenaren eranskineko protokoloko 1. paragrafoan aipatutako sozietateak (protokolo horrek hitzarmena aldatu du 2010eko uztailaren 16tik), Panamako Errepublika (2011ko uztailaren 25ean indarrean jarritako hitzarmena), Barbados (2011ko urriaren 14an indarrean jarritako hitzarmena), Singapurreko Errepublika (2012ko otsailaren 2an indarrean jarritako hitzarmena), Txinako Errepublika Popularreko Hong Kongeko Erregio Administratibo Berezia (2012ko apirilaren 13an indarrean jarritako hitzarmena) eta Oman sultanerria (2015eko irailaren 19an indarrean jarritako hitzarmena). Gainera, kontuan eduki behar da Espainiako erresumak informazioa trukatzeko akordio bi sinatu dituela Herbehereen erresumarekin, horrek Arubaren izenean eta Holandar Antillen (Curaçao eta San Martin) izenean jardunik (EAOn 2009ko azaroaren 23an eta 24an argitaratu ziren, hurrenez hurren, eta indarrean daude 2010eko urtarrilaren 27tik), eta mota bereko hitzarmena sinatu du Andorra printzerriarekin (EAO, 2010eko azaroaren 23koa eta 2011ko otsailaren 10etik indarrean dagoena) –gainera 2015eko urtarrilaren 8an hitzarmena sinatu zen zergapetze bikoitza eta zerga-itzurpena saihesteko, eta informazioa trukatzeko klausula ezarri zen (2016ko otsailaren 26an jarri da indarrean), San Marino errepublikarekin (EAO, 2011ko ekainaren 6koa; 2011ko abuztuaren 2tik dago indarrean) eta Bahametako Commonwealth-ekin (EAO, 2011ko uztailaren 17koa; 2011ko abuztuaren 17tik dago indarrean).

      Oraindik indarrean ez badaude ere, aipatu behar da Espainiako erresumak informazioa trukatzeko akordioak sinatuta dauzkala Bermudekin, Kaiman uharteekin, Cook uharteekin, Santa Luziarekin eta San Bizente eta Granadinak uharteekin, Guernesey eta Jersey uharteekin, Mann uhartearekin, Monacorekin eta Macaorekin (akordioak izapidetzen ari dira). Gainera, zergapetze bikoitza saihesteko hitzarmena izapidetzen ari da Bahrein-ekin. Horrez gain, Berlinen 2014ko urriaren 29an egindako finantza-kontuen informazio-trukatze automatikoari buruzko Agintaritza Eskudunen arteko Akordio Aldeaniztuna indarrean dago. Lanak egiten diren herrialdeak edo lurraldeak Espainiarekin nazioarteko ezarpen bikoitza galarazteko hitzarmen bat sinatzen badu, eta hitzarmen horretan informazioa trukatzeko klausula badago, 4) puntu honetako aldez aurretiko betekizuna bete dela ulertuko da. Horri buruz kontuan izan behar da Suitzarekiko hitzarmenean informazioa trukatzeko klausula sartzeko protokoloa 2007ko ekainaren 1ean sartu zela indarrean, egun horretatik aurrera hasten diren ekitaldietan ondorioak izanik. Era berean, kontuan eduki behar da Danimarkarekiko hitzarmenaren amaiera iragarri ondoren hitzarmena ez dagoela indarrean 2009ko urtarrilaren 1etik aurrera hasten diren aldietarako. Azkenik, 2012ko uztailaren 13an, Argentina Errepublikako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen herrialde horrek Espainiarekin sinatutako Ezarpen Bikoitzeko Hitzarmena salatu zuela. Ondorioz, hitzarmenak 2013ko urtarrilaren 1az geroztik ez du ondoriorik (halere hitzarmen berria sinatu da eta 2013ko urtarrilaren 1ean jarri da indarrean; EAO, 2014ko urtarrilaren 14koa).

    3. Hitzarmenik ez badago, Zergei buruzko Foru Arau Orokorreko hogeita laugarren xedapen gehigarrian ezarritakoa bete behar da. Hona: “(…) zerga berdin edo baliokideak izango dira errentaren ezarpena helburu dutenak, zati batez bada ere (zergaren xedea errenta bera, diru-sarrerak edo errentaren berri ematen duen beste edozein elementu izatea gorabehera). Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren kasuan, zerga berdin-berdin edo antzekotzat joko dira Gizarte Segurantzari egindako kotizazioak, arau bidez ezarriko diren baldintzetan”.
  5. Atzerrian ematen diren egunetan sortutako ordainsariei aplikatuko zaie salbuespena, urtean 60.100 euroko muga gainditu gabe. Atzerrian egindako lanei dagokien ordainsaria kalkulatzeko, langilea benetan atzerrian zenbat egunez egon den kontuan izan behar da, baita kanpoan emandako zerbitzuei dagozkien ordainsari espezifikoak ere. Ondorio horietarako, ezin dira zenbatu behar atzerrian emandako egun gisa joan-etorriko egunetan emandakoak. Beraz, soilik hartu behar da kontuan langilea Espainiatik kanpora dagoen egun kopurua, 3. puntuan esandako zerbitzuen nazioz gaindiko prestazioak egiteko, eta hala denean, salbuetsita gelditzen dira egun horietan sortutakoak (gainera, atzerrian buruturiko lanengatik beren beregi jasotako ordainsariak). Hala ere, irizpide hau aplikatzeak ez du eragozten atzerrian egondako egun modura zenbatzea dena delako herrialdera iristen denekoa eta handik irteten denekoa, baldin eta zergadunak egun horietako lan ordutegian zerbitzuak egin baditu (batzuetan bidaiak lan ordutegitik kanpo egiten dira eta).

    Atzerrian egindako lanengatik egunean sortu diren etekinen zenbatekoa kalkulatzeko, lan horiei dagozkien berariazko ordainsari bereziez aparte, banaketarako irizpide proportzionala erabiliko da, urtearen egun-kopuru osoa kontuan hartuz.

    Atzerrian egindako lanengatik egunean sortu diren etekinen zenbatekoa kalkulatzeko, lan horiei dagozkien berariazko ordainsari bereziez aparte, banaketarako irizpide proportzionala erabiliko da, urtearen egun kopuru osoa kontuan hartuz.
    Salbuetsita dauden urtean zehar langileak lortutako ordainsari ez-berezien zatia kuantifikatzeko, banaketarako irizpide proportzionala erabiliko da, urteko egun kopuru osoarekin (365 egun, irizpide orokor gisa, edo 366 egun, urte bisiestoa baldin bada) erlazionatuta bere zerbitzuak eskaintzeko kanpoan desplazatuta dagoen egunak aintzat hartuz, enplegatuak zehaztutako desplazamendu epealdiari dagozkion lan-egun ez direnak barne hartuta.
    Xede hauetara, aldiz, ez dira lanen hasiera baino lehen langilea arrazoi partikularrengatik kanpoan egon den lan- egun ez direnak zenbatuko (jaiegunak, asteburuak edo oporraldiak), edo lanak amaitu ondorengoak, ezta kanpoan gozatzen dituen oporraldiak ere.

  6. Salbuespena bateraezina da Zergaren Araudiko 13.A.3 b) artikuluan ezarritako zerga-ordainketatik salbuetsitako gaindikinen araubidearekin baina ez sarien araubide orokorrarekin.

Loturak

Ogasun Zuzendaritza Nagusiaren jarraibideak

Informazio gehiago

Lotutako orrialdeak

Salbuetsitako errentak

Itzuli