www.bizkaia.eus/guregida


Zuzendaritzaren Jarraibidea Identifikazio zenbakia: 900001566

13/2013 Foru Arauko 9.6 artikulua: Erantzukizun zibilaren ziozko kalte-ordainak


  

"Honako errenta hauek salbuetsita egongo dira: (...) 6. Pertsonei eginiko kalte fisiko, psikiko edo moralen ondoriozko erantzukizun zibilaren kalte-ordainak, legalki edo juridikoki onartu den zenbatekoan".

Kalte fisikoak edo psikikoak esatean ulertu behar da kanpoko indarkeriaz, bat-batean eta zergadunak nahi gabe egindako lesio fisiko, psikiko edo moralak direla, aldi baterako elbarritasuna edo elbarritasun iraunkorra sortzen dutenak. Beraz, kalte-ordaina aurreko ezaugarriak betetzen dituen ekitaldi baten ondoriozkoa denean baino ezingo da salbuespen hori aplikatu.

Besteak beste, salbuespen hau aplikatu ahal zaie laneko gaixotasunen zein ezbeharren erruz gertatzen diren kalteengatik ezartzen den erantzukizun zibilak eragiten dituen kalte-ordainei; izan ere, batzuetan zein besteetan kaltea zergadunari ez dagokion arrazoi baten ondoriozkoa da.

Legez ezarritako zenbatekoei dagokienez, esan behar da inguruabar hori gertatzen dela kaltea pairatu duen pertsonari ordaindu behar zaion kalte-ordainaren zenbatekoa arau batean ezarrita dagoenean. Hala ere, esan behar da zirkulazio-istripuetan pertsonei eragindako kalte-galerak baloratzeko sistema, urriaren 29ko 8/2004 Legegintzako Errege Dekretuak onetsitako motordun ibilgailuen zirkulaziorako erantzukizun zibilari eta aseguruari buruzko Legearen testu bateginean eranskin gisa sartua, eta egun zirkulazio-istriputan pertsonei eragindako kalte-ordainak baloratzeko sistema erreformatzeko irailaren 22ko 35/2015 Legearen eranskinak ordeztua, lege horretan (motordun ibilgailuen zirkulaziorako erantzukizun zibilari eta aseguruari buruzko legea) arautzen diren kasuetan baino ezin dela aplikatu.

Salbuetsita daude, halaber, Amiantoaren biktimentzako konpentsazio funtsa sortzeko urriaren 19ko 21/2022 Legearen ondoriozko kalte-ordainak, kaltea egiten duena ez baitagokio zergadunari (kanpokoa da).

Aldiz, hauetako edozein izan daiteke "epai bidez onartutako zenbatekoa": a) Epaile edo auzitegi batek ebazpen judizialaren bidez finkatutako zenbatekoa; b) Tarteko beste formula batzuk, zeinetan gatazkan dauden alderdien jarreren borondatezko hurbilketa bat gertatzen den, justiziaren esku-hartze edo onarpen motaren bat badago, hala nola, esaterako, adiskidetze judizialeko egintzak, amore emateak, uko egiteak, atzera egiteak edo transakzio judizialak.

Enplegatzaileek ordaintzen dituzten kalte-ordainak direla eta, salbuespen hau enplegatzailearen ardurapeko langileek jasaten dituzten gaitz-kalteen ordainei soilik aplikatzen zaie, Kode Zibilak 1.101 eta 1.902 artikuluetan erantzukizun zibilaz xedatzen duenarekin bat etorriz; beraz, ez zaie aplikatzen akordioetan, hitzarmen kolektiboetan edo antzeko xedapenetan ezartzen diren aldi baterako ezintasunagatik edo ezintasun iraunkorragatik langileei ordaindu beharreko kopuruei.

Gaitzen erantzukizun zibilaren ondorioz kalte-ordainak ematen direnean, salbuetsitako zenbatekoaren gaindikina zerga-oinarri orokorrean ezarri beharreko ondare-irabazia da.

Loturak

Ogasun Zuzendaritza Nagusiaren jarraibideak

Itzuli