saltatu edukira

Aldundiaren Logoa
 
 

Hemen zaude:

Gure Gida

Informazioa


www.bizkaia.eus/guregida


Zuzendaritzaren Jarraibidea Identifikazio zenbakia: 900001561

13/2013 Foru Arauko 9.3. artikulua: Erabateko ezintasun iraunkorra

Kargatik salbuetsita daude Gizarte Segurantzak, edo aurreko artikuluan aipatzen diren erakundeek, ezintasun iraunkor osoagatik aintzatetsitako prestazioak, baldin eta zergadunak 55 urte baino gehiago badauzka eta ez badu jasotzen bere lanagatik 13/2013 Foru Arauko 18.a) artikuluan ezarritakoez beste etekinik, ez eta jarduera ekonomikoen etekinik ere.

Hori dela eta, argitu behar da:

  1. salbuespena 55 urte betetzen direnetik aurrera kreditatu daiteke;
  2. lanaren etekinen aipamena (13/2013 Foru Arauko 18.a) artikulukoak) lan jarduera bat (edo horiekin berdinetsitako bat) eginez lortzen ez diren lanaren etekin guztiei dagokie.

Salbuespenaren eta lan aktiboen etekinak, edo jardueren etekinak, lortzearen arteko bateraezintasuna ez da aplikatuko ezintasun iraunkor osoagatiko prestazioa jasotzen den lehenengo zergaldian.

Zahartzaro eta Elbarritasun Aseguruaren (ZEA) zahartzaro-ezintasuneko pentsioa eta elbarritasun-pentsioa Gizarte Segurantzaren ezintasun iraunkor osoagatiko prestazioekin parekatu dira eta, beraz, salbuetsita daude, baldin eta hartzaileak 55 urte baino gehiago badauzka eta ez badu jasotzen lanaren etekinik lan-jarduera batean aritzeagatik, ez jarduera ekonomiko batean aritzeagatik (salbuespena: aurreko paragrafoan betekizun honetaz ezarritakoa).

Ostera, ZEAren zahartzaro-pentsioak Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren kargapeko eta horretatik salbuetsi gabeko lanaren etekinak dira.

(*) Ezintasun iraunkorraren pentsioen izendazioaren aldaketa.


Urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bategineko 200.4 artikuluan hauxe ezarri da: "4. Ezintasun iraunkorraren pentsioak, onuradunak hirurogeita zazpi urte betetakoan, erretiro-pentsioak izango dira. Izendazio berriak ez dakar berekin inolako aldaketarik prestazioa jasotzeko moduari dagokionez".

Honelako kasuetan, pentsioaren izendazioa baino ez da aldatzen; gainerako inguruabarrek, ekonomikoek tarteko, bere hartan jarraitzen dute.

Ondorioz, prestazioaren izendazioa bakarrik aldatzen denez gero, orain arte bezala aplikatu ahal izango zaio abenduaren 5eko 13/2013 Foru Arauak 9.3 artikuluan arautzen duen salbuespena, aldaketaren aurreko modu berean.

(*) Erretiro-pentsioa hautatzea.

Hala ere, kasu batzuetan, erretiratzeko adinera iristen denean onuradunak hauta dezake ezintasun-pentsioa jasotzen jarraitzea edo erretiro-pentsioa kobratzen hastea, horretarako eskubidea edukiz gero, urriaren 30eko
8/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bategineko 163. artikuluan xedatzen denaren arabera: "1. Onuradun batek ezin du jaso araubide orokor honetako pentsio bat baino gehiago, legez edo arauz besterik xedatu ezean. Bateraezintasuna gertatzen denean, bi pentsio edo gehiago jasotzeko eskubidea duenak horietako bat hautatu beharko du. 2. Aurreko idatz-zatian ezartzen den bateraezintasun-araubidea honako hori ere aplikatu ahal zaio: 196.2 artikuluan erabateko ezintasun iraunkorraren pentsioaren ordezkoa izateko arautzen den oroharreko kalte-ordainari".

Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bategineko 163. artikuluan arautzen da bi prestazio bateraezin jaso ditzaketen onuradunek haietako bat hautatu behar dutela. Hori dela eta, hauxe da arau orokorra: Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorreko pentsioak bateraezinak dira beren artean, berariaz besterik ezarri ezean.

Baldin eta, erretiratzeko adinera heldutako onuradun batek erretiro-pentsioa jasotzeko eskubidea badauka eta pentsio hori kobratzea hautatzen badu, ezintasun-pentsioari uko eginda, pentsioaren inguruabarrak ez dira lehengoak izango eta, beraz, izendazio-aldaketa baino zerbait gehiago gertatuko da, jasoko duen prestazioa ez baita salbuetsita egongo Zergaren kargatik, abenduaren 5eko 13/2013 Foru Arauak 9.3 artikuluan ezartzen duenarekin bat etorriz (izan ere, pentsioa erretiroagatik jasotzen da, ez ezintasun iraunkorragatik, abenduaren
5eko 13/2013 Foru Arauak 9.3 artikuluan arautzen duen bezala).

Loturak

Ogasun Zuzendaritza Nagusiaren Jarraibidea

Informazio gehiago

Lotutako orrialdeak

Salbuetsitako errentak

Itzuli