Inportazioak eta esportazioak

Oro har, ondasun inportazioa da Batasunekoa ez den lurralde batetik (Kanariak, Zeuta eta Melilla barne) datorren ondasuna zergaren aplikazio-lurraldera (Penintsula eta Balear Uharteak) sartzea.

BEZaren arauan hauxe ezartzen da: “Ondasun inportazioak zergapetuta egongo dira, beren helburua eta inportatzailearen izaera edozein izanik ere".

Horregatik, Batasunaren barruko ondasun-eskuraketetan ez bezala, inportatzaileak ez dauka enpresaburua edo profesionala izan beharrik: norbanakoek egin dezakete zerga-egitate hau.

Esportazioa, oro har, gertatzeko ezinbestekoa da ondasuna zergaren aplikazio-lurraldetik irtetea xedea Batasunekoa ez den lurraldea (Kanariak, Zeuta eta Melilla barne) dela.

Esportazioak kargapeko eragiketak dira, baina salbuetsita daude; beraz, ondasun-ematea edo zerbitzugintza zerga-egitatea bada ere, zergaren arauak ezartzen du ez dagoela karga jasanarazi beharrik. Gainera, salbuespena erabatekoa da, hau da, eragiketa egiteak berekin dakar ondasun-eskuraketak edo zerbitzu-eskuraketak jasandako BEZaren karga kentzeko eskubidea.

2023ko urtarrilaren 1etik aurrera:

BEZaren Legea egokitzea Europako Erkidegoko aduana-araudira (artikuluak: 18.Bi eta 18.Hiru; 19.5; 21.3 eta 21.7; 22.Zazpi eta 22.Hamasei; 23; 24; 83.Bi; 167 eta eranskinaren seigarren atala). Indarrean jarri denetik, mugagabeko indarraldiarekin, 2023rako Estatuaren Aurrekontu Orokorren Legearen 74. artikuluak eguneratu egin ditu BEZaren Legearen zenbait manu, Europako Erkidegoko aduana-araudira egokitzeko. Zehazki, alderdi hauei buruzko aipamenak:

• Ondasun-inportazioaren zerga-egitatea, zeinean sartuko den BEZaren Legearen 65. artikuluaren salbuespena aplikaturik aldez aurretik inportatzen diren eta aduanaz bestelako gordailu-araubideari lotuta dauden ondasunen araubidea uztea.

• Ondasunen inportazioei berdinetsitako eragiketak, zeinean kenduko den salbuetsitako aldeetatik irteteari espazio fisiko jakin bat bailitzan egiten zaion aipamena.

• Esportazioetako salbuespenak, zeinetan gehituko den aduana-araudian xedatutakoaren arabera esportatzaile izaera duenak Europako Erkidegotik kanpo ondasunak igorri edo garraiatzeari dagokion kasua.

• Esportazioei berdinetsitako eragiketetako salbuespenak, zeinek ez dituzten barne hartuko esportazioak, Europar Batasunaren barruko emateak edo BEZaren Legearen 20 eta 20 bis artikuluen arabera salbuetsitako eragiketak. Halaber, salbuetsi egiten dira zamaketariek beren izenean zamalanetako enpresen alde emandako zerbitzuak, zeinak enpresa horiek itsasontzi jakin batzuen ustiapenaren titularrei ematen dizkieten.

• Aldi baterako gordailu-egoerei eta beste egoera batzuei buruzko salbuespenak, zeinek ez dituzten barne hartuko esportazioak eta berdinetsitako eragiketak, ezta BEZaren Legearen 20. artikuluan salbuetsitako eragiketak ere.

• Aduana- eta zerga-araubideei buruzko salbuespenak, zeinetatik ezabatuko diren aduanako transformakuntzari egindako aipamenak eta sartuko den zona frankoko araubidea.

• Inportazioen zerga-oinarria, zeinaren kalkulua sartuko den aduanaz bestelako gordailu-araubidea uzten duten ondasunen kasuan, baldin eta eragiketa horrek inportazioaren zerga-egitatea sortzen badu.

• Inportazioetako BEZaren likidazioa, zeinean gehituko den aduana-aitorpena Europar Batasuneko beste estatu batean aurkeztea, kasu horretan likidazioa estatu horretatik jasotako informazioan oinarrituta egingo delarik.


Itzuli