Eragiketak EBren barruan

Batasunaren barruko eragiketen BEZaren tratamendua eragiketa egiten duenaren araberakoa da: batetik, norbanakoek egindako eragiketak;: bestetik, enpresaburuek eta profesionalek egindakoak.

Oro har, norbanakoei egiten zaizkien ondasun-emateak sorburu-herrialdean kargatzen dira, hau da, ondasuna ematen duen enpresaburuaren herrialdean. Urrutiko salmentek eroslearen edo saltzailearen herrialdean indarrean dagoen BEZ tasaren arabera tributatu dezakete, saltzaileak urrutiko salmenten atalasea (10.000 €) gainditu duen eta OSS (leihatila bakarra) erregistratu den ala ez kontuan hartuta.

Enpresaburu eta profesionalei, BEZaren subjektu pasiboei, egiten zaizkien ondasun-emateak xede-herrialdean kargatzen dira, hau da, ondasuna eskuratzen duenaren herrialdean, eragiketaren kalifikazioa Batasunaren barruko ondasun-eskuraketa dela.

BEZaren kargarako, Batasunaren barrukotzat jotzeko ondasun-eskuraketa bat (BBOEs) edo ondasun-emate bat (BBOEm) ondoko inguruabar hauek gertatu behar dira:

  1. Eskuraketetan, garraioa EBko herrialde batean hasi behar da eta xedea Penintsulan edo Balear uharteetan egon behar da; emateetan, alderantziz. Kanariak, Zeuta eta Melilla ez dira BEZaren aplikazio-lurraldeak.
  2. Eskuratzailea eta eskualdatzailea enpresaburuak edo profesionalak izan behar dira.
  3. Batasunaren barruko eragiketetan parte hartu nahi dutenak Batasunaren barruko eragile moduan agertu behar dira eragiketetan, eta horrek berekin dakar VIES erroldan (BEZaren inguruko informazioa trukatzeko sistema) egon beharra.

Zerbitzugintzak direla eta, Europar Batasuneko hainbat zuzentarau indarrean ipini ondoren ondasun-emateak bezala kargatzen dira.

9 bis artikulua. Kontsignako ondasunen salmentei buruzko akordioa.

Bat. Foru-arau honetan xedatutakoaren ondorioetarako, kontsignako ondasunen salmentei buruzko akordiotzat jotzeko, akordio horrek betekizun hauek bete behar ditu:

a) Saltzaileak edo hirugarren batek (saltzailearen izenean eta kontura) ondasunak igortzea edo garraiatzea, ondasunok iritsi ondoren gaitutako beste enpresaburu edo profesional batek eskura ditzan, alderdi bien arteko aurretiazko akordio batekin bat etorrita.

b) Ondasunak igorri edo garraiatzen dituen saltzaileak ez edukitzea bere jarduera ekonomikoaren egoitza edo establezimendu iraunkor bat igorri edo garraiatutako ondasunak iritsi diren estatu kidean.

c) Ondasunak eskuratuko dituen enpresaburua edo profesionala identifikatuta egotea, balio erantsiaren gaineko zergaren ondorioetarako, igorri edo garraiatutako ondasunak iritsiko diren estatu kidean, eta saltzaileak identifikazio fiskaleko zenbaki hori, izen-abizenak eta sozietate-izen osoa zein diren jakitea ondasunak igorri edo garraiatzen hasten direnean.

d) Saltzaileak igorri diren ondasunak jasota uztea erregelamenduz ezarriko den erregistro-liburuan zein foru-arau honetako 162. artikuluko Bat apartatuko 5. zenbakian aipatutako laburpen-aitorpenean, erregelamenduz ezarriko den moduan.

Bi. Baldin eta enpresaburuak edo profesionalak —aurreko apartatuko c) letran edo hurrengo apartatuko aipatutako a´) letran aipatua— ondasunak baliatzeko ahala eskuratzen badu ondasunak estatu kidera iritsi ondorengo hamabi hilabeteen barruan —beti ere kontsignako ondasunen salmentei buruzko akordio baten esparruan—, orduan, ulertuko da zergaren aplikazio-lurraldean honako hauetako bat egiten dela (kasuaren arabera):

a) Foru-arau honetako 68. artikuluko Bi apartatuko 1. zenbakiko A) letrako lehen paragrafoak ezarritako ondasun-emateetako bat, saltzaileak egina, zeinari aplikatuko baitzaio foru-arau honetako 25. artikuluan jasotako salbuespena, edo

b) Foru-arau honetako 15. artikuluko Bat apartatuko b) letran jasotako Europar Batasunaren barruko ondasun-eskurapenetako bat, ondasunak eskuratzen dituen enpresaburuak edo profesionalak egina.

Hiru. Foru-arau honetako 9.3 artikuluan adierazitako ondasun-transferentzia bat egin dela ulertuko da baldin eta aurreko apartatuan jasotako hamabi hilabeteko epean aurreko Bat apartatuko baldintzetako edozein betetzen ez bada —beti ere kontsignako ondasunen salmentei buruzko akordio baten esparruan—, eta, bereziki:

a) Ondasunak hasiera batean jaso behar zituen enpresaburuak edo profesionalak eskuratu ez baditu.

b) Ondasunak kontsignako ondasunen salmentei buruzko akordioaren arabera hasiera batean igorri behar ziren estatu kidea ez beste leku batera igorri edo garraiatu badira.

c) Ondasunak suntsitu, galdu edo lapurtu badira.
Baina aurreko Bat apartatuko betekizunak bete direla ulertuko da baldin eta epe horretan:

a ) Ondasunak aurreko Bat apartatuko c) letran adierazitako enpresaburuaren edo profesionalaren ordez beste batek eskuratzen baditu eta letra horretan ezarritako betekizunak betetzen baditu.

b ) Ondasunak baliatzeko ahala eskualdatu ez bada eta ondasunok itzuli badira jatorrizko estatu kidera, zeinetik igorriak edo garraiatuak izan baitziren.

c ) Saltzaileak a´) eta b´) letretan adierazitako inguruabarrak jaso baditu erregelamenduz ezarriko den erregistro-liburuan.

Lau. Ondasunak jaso behar dituen estatu kidera iristen direnetik 12 hilabeteko epearen barruan enpresaburuak edo profesionalak —artikulu honetako Bat apartatuko c) letran edo Hiru apartatuko a’) letran aipatua— ondasunak erabiltzeko ahala eskuratu ez badu, orduan, epe hori amaitu eta biharamunean ulertuko da foru-arau honetako 9.3 artikuluko ondasun-transferentzia egin dela kontsignako ondasunen salmentei buruzko akordio baten esparruan eta aurreko Bat apartatuko baldintzak beteta.

Bost. Kontsignako ondasunen salmentei buruzko akordio bat sinatzen duten enpresaburuek edo profesionalek eta hasiera baten ondasunak jaso behar zituztenen ordezkoek halako eragiketen erregistro-liburu bat eraman beharko dute, erregelamenduz ezarriko diren baldintzetan.


Itzuli