Izaera orokorrez eta barruko araudiak ezarritakoari jarraiki, ulertuko da jarduera ekonomikoen etekinak Bizkaian eskuratu drela ondoko kasuetan:
- Ustiapen ekonomikoen etekinak badira eta jarduerak Bizkaiko lurraldean gauzatzen direnean.
- Zerbitzu-prestazioak (aholkularitza teknikoa edo kudeatzeko laguntza, baita beste zerbitzu profesional ere), Bizkaiko lurraldean gauzatzen edo erabiltzen direnean.
- Artistek edo kirolariek Bizkaian egindako lanen ondoriozkoak direnean, zuzenean edo zeharka, edo lan horri lotutako zeinahi jardueraren ondoriozkoak direnean, nahiz eta artista edo kirolaria ez den pertsona batek jaso.
Espainiak zergapetze bikoitza ekiditeko hitzarmena sinaturik daukan herrialde bateko egoiliarrei dagokienez, oro har, Bizkaian establezimendu iraunkorrik izan gabe eskuratutako jarduera edo ustiapen ekonomikoen zioz eskuratutako etekinak honela zergapetuko dira:
- Enpresa-mozkinak: arruntean, enpresa-mozkinak zergadunak bizilekua daukan herrialdean baino ezin dira zergapetu, Espainian zerga ordaintzetik salbuetsita daudelako hitzarmenaren aplikazioaren ondorioz.
- Lanbide-jarduerak: oro har, hitzarmenek aipatutako etekinak kargatzeko zerga-eskumena eman ohi diote zergadunak bizilekua daukan herrialdeari, betiere eskuratu badira Espainian (Bizkaian) establezimendu iraunkorrik izan gabe. Espainian (Bizkaian) establezimendu iraunkorra izanez gero, establezimendu iraunkor horri egozgarriak diren heinean, lurralde horretan zergapetu daitezke.
- Artisten eta kirolarien jarduerak: oro har, Espainian (Bizkaian) kargatu daitezke, barruko aradiak ezarritakoari jarraiki.
Izaera orokorrez, zerga-oinarria langileriaren, obretan edo lanetan erabilitako materialen hornikuntzaren eta horniduren sarreren eta gastuen arteko aldea izango da.
Hala eta guztiz ere, Europar Batasuneko edo zerga-informazioa modu eraginkorrean trukatzen duen Europako Eremu Ekonomikoko kide den estatu bateko egoiliarrei dagokienez, zerga-oinarria kalkulatzeko, ondokoak kendu ahal izango dira:
- Pertsona fisikoak direla eta, PFEZri buruzko 13/2013 Foru Arauan ezarritako gastuak, betiere zergadunak Espainian eskuratutako etekinekiko harreman eta lotura ekonomiko zuzena eta etenezina egiaztatzen badu.
- Erakundeak direla eta, Sozietateen Zergaren Foru Arauan ezarritako gastuak, betiere zergadunak Espainian eskuratutako etekinekiko harreman eta lotura ekonomiko zuzena eta etenezina egiaztatzen badu.
Barruko araudiari jarraiki eta, hala badagokio, hitzarmenari jarraiki, jarduera ekonomikoen etekinak Espainian zergapetu daitezkeenean, sortzapen-urtean indarrean dagoen karga-tasa orokorraren arabera ordainduko dute zerga.
Zerga-kuotatik, dohaintzak bakar-bakarrik kendu ahal izango dira PFEZri buruzko 13/2013 Foru Arauaren 91 artikuluan ezarritako baldintzetan, bai eta egindako atxikipenak ere.