Ondare Irabaziak

Izaera orokorrez eta barruko araudiari jarraiki, ulertuko da ondare-irabaziak Bizkaian eskuratutako errentak direla ondoko kasuetan:

  • Honako ondasun hauen eskualdaketa:
    • Bizkaian egoitza duten pertsonek edo erakundeek jaulkitako baloreak (kontuan hartu eragiketa-bolumenaren ziozko tributazioa daukan).
    • Baloreak ez diren eta Bizkaiko lurraldean dauden beste ondasun higigarri batzuk edo lurralde horretan bete edo egikaritu behar diren eskubideak.
    • Bizkaiko lurraldean dauden ondasun higiezinak.
  • Bizkaiko lurraldean dauden ondasunen edo eskubideen beste ondare-gehikuntza batzuk, nahiz eta aurretiazko eskualdaketa batetik ez etorri, hala nola joko-irabaziak.

Espainiak zergapetze bikoitza ekiditeko hitzarmena sinaturik duen herrialde bateko egoiliarrei dagokienez, irabaziak bakar-bakarrik zergapetu daitezke eskualdatzaileak bizilekua daukan estatuan, ondoko kasuetan izan ezik:

  • Espainiako lurraldean dauden ondasun higiezinen besterentzeen zioz ez-egoiliarrek eskuratutako irabaziak. Errenta-mota horiek Espainian zergapetzen dira.
  • Espainian egoitza daukan sozietate bateko partaidetza esanguratsua osatzen duten akzioen edo beste partaidetza-era batzuen besterentzearen ziozko kapital-irabaziak (funtsean, aktiboa higiezinek osatzen dutenean).

Oro har, ondare-irabaziei dagokien zerga-oinarria eskualdaketa-balioaren eta eskuratze-balioaren arteko aldearen arabera kalkulatzen da, ondare-aldaketa bakoitzari 13/2013 Foru Arauan aurreikusitako arauak aplikatuz. Hau da:

Eskurapen-balioari gastuak eta zergak gehitu behar zaizkio, interesak izan ezik. Gainera, dagokion diru-zuzenketaren koefizientea aplikatuko da.

Eskualdaketa-balioa benetako zenbatekoa izango da, eskualdaketari datxezkion gastuez minoratuta.

Gainera, pertsona fisikoei aplikagarria zaie jarduera ekonomikoen menpekoak ez diren eta 1994ko abenduaren 31 baino lehen eskuratu diren ondare-elementuen ziozko irabaziek bete beharreko araubide iragankorra (EEEZri buruzko Legearen xedapen iragankor bakarra).

Barruko araudiari jarraiki eta, hala badagokio, hitzarmenari jarraiki, ondare-irabaziak Espainian (Bizkaian) zergapetu daitezkeenean, sortzapen-urtean indarrean dagoen karga-tasa orokorraren arabera ordainduko dute zerga.

Establezimendu iraunkorrik ez duten zergadunek egindako ondasun higiezinen eskualdaketak direnez, adostutako kontraprestazioaren % 3ko atxikipena egin behar du eskuratzaileak, konturako ordainketa gisa.


Itzuli