Etxebizitza ez den higiezin baten errentatzailea

1. Enpresaburuen, profesionalen eta atxikitzaileen zentsua:

Erroldan alta eman behar du 036 ereduaren bidez, alokairu era eragingarrian hasi eta hilabeteko epearen barruan.

Jardueraren betearazpena hasi ez arren aurretiazko gastuak eta inbertsioak baditu 036 eredu bat aurkez dezake jarduera hasi aurreko alta bat jakinaraziz.

 

23

2. BEZ:
BEZaren peko errentamenduak

Ondasun higiezinen errentamendua Balio Erantsiaren gaineko Zergaren peko zerbitzu-prestazio bat da.

Zerga-oinarria

Honako hauek zerga-oinarriaren parte dira, errentariari erasaten bazaizkio:

  • Ondasun Higiezinen gaineko Zerga (OHZ),
  • erkidegoaren gastu orokorretan (atezain edo ataltzainaren soldata barne dela) duen partaidetza-kuota,
  • bai eta obrei, energia-hornidurei, urari eta antzeko beste kontzeptu batzuei dagozkien zenbatekoak ere.
Araubide orokorra:

Errentariari jasanarazitako BEZaren eta zure hornitzaileek zuri jasanarazitako jasandako BEZ kengarriaren arteko diferentzia kalkulatu eta, hala denean, ingresatu beharko duzu.

Aurkezteko ereduak:

Orokorrean hiru hilero autolikidazioa egin behar duzue Ogasunean (303 eredua); autolikidazio horretan sortutako BEZaren eta kengarria den jasandako BEZaren arteko aldea kalkulatuko duzue.

  • Emaitza zero baino gehiago bada: aldea Ogasunean edo erakunde laguntzaileetan ingresatu behar da.
  • Emaitza negatiboa bada: konpentsatzeko uzten da ekitaldiko azken autolikidazioan izan ezik, horretan amaierako emaitza negatiboa itzultzeko eskabidea egin daitekeelako. Azken autolikidazio hau urteko laburpena da eta 390 ereduaren bidez aurkezten da urte bakoitzaren urtarrilaren 1etik 30era arte.
Adibidea:

Errentatzaileari alta martxoaren 1ean eman dion pertsona bat, BEZaren araubide orokorra aplikatzen zaiona. Lehen hiruhilekoan 3.150 €-ko muntako BEZa jasanarazi du eta 300 €-ko zenbatekoa duen BEZ kengarria jasan du.

  • Lehen hiruhileko emaitzako kuota 3.150 € - 300 € = 2.850 € izango da, eta 303 ereduaren bidez egin behar du ingresoa.
  • Halaber, bigarren eta hirugarren hiruhilekoetan 303 eredua aurkeztu beharko du eta 4. hiruhilekoko datuak urteko laburpenean – 390 eredua- sartuko ditu.
Nola aurkeztu BEZaren 303 eredua merkataritza-lokalen errentamendu batean

Hurrengo estekan, merkataritzako lokal bat alokatuta duen pertsona batek BEZaren 303 eredua nola aurkez dezakeen azaltzen duten bideoak aurkituko dituzu, urratsez urrats.

Honako hauei buruzko bideoak aurkituko dituzu:
 
  • BILA(eredua sortzeko plataforma) deskargatu eta instalatu
  • Konfiguratu BILA
  • Sartu aitortzailearen datuak BILAn
  • 303 eredua BILAn betetzea
 
3. Ondare Eskualdaketa eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zerga:

Errentamendua BEZaren pekoa bada eta ez badago zerga horretatik salbuetsita, ez da izango Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergaren pekoa.

4. Atxikipenak:
  • Higiezinaren errentaria pertsona fisiko bat bada eta higiezina ez badu jarduera ekonomiko baterako erabiltzen: Ez dago behartuta atxikipena egitera.
  • Higiezinaren errentaria pertsona juridiko bat edo errentak esleitzeko araubidean dagoen entitate bat bada edo, bestela, higiezina jarduera ekonomiko baterako erabiltzen duen pertsona fisiko bat bada: Behartuta dago atxikipena egitera, kasu hauetan izan ezik:
    • Enpresek beren enplegatuentzat alokatzen dituzten etxebizitzak direnean.
    • Errentariak errentatzaile berari ordaindutako errentak urteko 900 euro baino gehiago ez direnean.
    • Errentatzailearen jarduera Ekonomi Jardueren gaineko Zergako epigrafeetako batean sailkatuta dagoenean eta kuota zero ez denean. Ondorio horietarako, errentatzaileak betekizun hori betetzen duela frogatu beharko dio errentariari, Ogasun eta Finantzen foru diputatuak ezartzen duen eran.

    Errentatzaileari alogeraren % 19 atxiki behar dio eta ondoko hauek aurkeztu beharko ditu:

    • 115 eredua: hiruhilero. Epea: 1-25 apirila, 1-25 uztaila, 1-25 urria, 1- 25 urtarrila.
    • 180 eredua: urteko laburpena. Epea urtarrilaren 1etik 31ra.
5. PFEZ:

Etekin garbia kalkulatu beharko da jasotako alokairuaren guztizkoagatik, Zerga-oinarri orokorrean ordaintzen duten kapital higiezinaren etekinen arauak aplikatuz.

Sarrerak

Higiezinen kapitalaren sarreretan ondoko kopuruak sartu behar dira: batetik, errentariak jasotzen duen errenta eta, bestetik, higiezinaren titularrak kobratzen dituen gainerako kontzeptuak. Ekitaldian kobratuak soilik.

Gastuak

Etekinen iturburu diren ondasunak edo haiek erabiltzeko edo gozatzeko eskubideak edo ahalmenak eskuratzeko, birgaitzeko edo hobetzeko inbertitutako besteren kapitalen korrituak, eta finantzaketako gainerako gastuak.

  • Estatuarenak ez diren zergak eta errekarguak.
  • Hirugarrenek, zuzeneko nahiz zeharkako kontraprestazio gisa, edo norberaren zerbitzuen ondorioz, sortzen dituzten diru kopuruak, hala nola, administrazio, jagoletza, atezaintzakoak zein antzekoak.
  • Errentamendua, azpierrentamendua edo eskubideen lagapena edo eraketa formalizatzeko egiten diren gastuak, eta ondasunen, eskubideen edo etekinen inguruko defentsa juridikoak eragiten dituenak.
  • Artapen eta konponketa gastuak.
  • Aseguru kontratuen primak .
  • Zerbitzu edo horniduretan gastatutako kopuruak.
  • Amortizazioetarako erabiltzen diren kopuruak.

Dena den, ondasun higiezin bakoitzeko, gastu kengarrien baturak ezin du ekarri etekin garbia negatiboa izatea.