Ohiko galderak Identifikazio zenbakia: 900010214
Bat. Hurrengo paragrafoan xedatutako kasuan izan ezik, subjektu pasiboek Ogasun eta Finantzen foru diputatuak ezartzen dituen tokian, eran, epeetan eta inprimakietan zehaztu eta sartu behar dute zerga-zorra
Bi. Ondasun-inportazioen kasuan, zergaren likidazioa egiteko aduana-legerian arantzel-eskubideez ezartzen dena aplikatuko da, edo, bestela, foru-arau honen 167 bis artikuluan arautzen dena.
Inportazioetan, erregelamenduz ezarriko da nola egin kuoten bilketa zein sarrera. Erregelamendu horretan, aukera egongo da zehazteko zer baldintza eskatu behar zaizkien subjektu pasiboei kuota horiek Administrazioak egindako likidazioaren agirian jasotzen den epeari dagokion autolikidazioan sartu ahal izateko.
Baina, aduana-aitorpena Europar Batasuneko beste estatu batean aurkezten bada Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko urriaren 9ko 952/2013 (EB) Erregelamenduaren 179. artikuluan xedatutakoaren arabera (haren bidez, Europar Batasuneko Aduana Kodea ezartzen da), orduan, aitorpena aurkeztu den estatuko aduanatik jasotako informazioan oinarrituta likidatuko du zerga Administrazioak.
Hiru. Subjektu hauek behartuta daude autolikidazioa Foru Aldundian soilik aurkeztera:
Bizkaian egoitza fiskala duten subjektu pasiboak, baldin eta aurreko urtean 10 milioitik gorako eragiketa-bolumena izan ez badute, edozein delarik ere eragiketak egin dituzten lekua.
Aurreko urtean 10 milioitik gorako eragiketa-bolumena izan duten subjektu pasiboak, baldi eta beren egoitza fiskala edozein bada ere eragiketa guztiak Bizkaiko Lurralde Historikoan egin badituzte.
Bizkaian egoitza fiskala duten subjektu pasiboak, edozein direlarik ere eragiketan egin dituzten lekua eta haien munta ekonomikoa, jarduera hauen kasuan:
Nekazaritza, basogintza, abeltzaintza edo arrantzako ustiategiek eta arrantzaontzien jabeek beren laborantza-lan, ustiapen edo harrapaketetatik zuzenean etorri eta transformazio-prozesurik jasan gabe egiten dituzten produktu naturalen emateak.
Garraio-zerbitzuak, baita etxez aldatzeko zerbitzuak, atoi-zerbitzuak eta garabizerbitzuak ere.
Garraiobideen errentamendua.
Europar Batasunaren barruan garraiobide berriak eskuratzeagatik Balio Erantsiaren gaineko Zergatik erabat salbuetsita edo lotu gabe dauden eragiketak egin dituzten partikularrak edo pertsonak, baldin eta garraiobide horiek behin betiko matrikulatzen badira Bizkaiko Lurralde Historikoan.
Aurreko zenbakian xedatutakoa gorabehera, zerga osorik edo partez deduzitzeko eskubidea sortzen ez duten eragiketak bakarrik egiten dituzten subjektu pasiboak eta enpresaburu edo profesional gisa jarduten ez duten pertsona juridikoak, hala aukeratzeagatik edo foru arau honen 14. artikuluko 2. zenbatekoan ezarritako muga kuantitatiboa gainditzeagatik zergari lotuta dauden Europako Batasunaren barruko ondasun-eskuraketak direla eta, betiere haien egoitza fiskala Bizkaian badago.
Araubide erraztuan, nekazaritza, abeltzaintza eta arrantzako araubide berezian eta baliokidetasun-errekarguaren araubidean dauden subjektu pasiboak, Europako Batasunaren barruko ondasun-eskuraketak direla eta, betiere haien egoitza fiskala Bizkaian badago.
Lau. Subjektu pasiboek Foru Aldundi honetan eta jarduera egiten duten lurraldeetako tributuadministrazioetan aurkeztu beharko dute autolikizazioa aurreko urtean 10 milioitik gorako eragiketa-bolumena izan badute, Bizkaian zein beste lurralderen batean jarduten dutenean. Kasu horretan, arau hauek beteko dira:
Subjektu pasibo batek lurralde batean baino gehiagotan diharduenean eta bere eragiketa-bolumenagatik administrazio batean baino gehiagotan tributatu behar duenean, zerga-likidazioaren emaitza dagokien administrazioei egotzi beharko zaie, lurralde bakoitzean egutegiko urtebetean lortu den kontraprestazioen zenbatekoaren arabera eta Balio Erantsiaren gaineko Zerga alde batera utzita. Kontraprestazio horiek, hain zuzen ere, egindako ondasun-emate eta zerbitzuei dagozkie, batzuetan zergapetu eta beste batzuetan salbuetsi egingo direnak eta, salbuetsitakoen kasuan, kenketaeskubidea dakartenak.
Egutegiko urte bakoitzean behin-behingoz aplikatu behar diren proportzioak aurreko urteko eragiketen arabera zehaztuko dira.
Jarduera hasten den egutegiko urteko likidazio-aldietan behin-behinean aplikatu behar den proportzioa subjektu pasiboak berak kalkulatuko du, beraren ustez lurralde bakoitzean egingo dituen eragiketak kontuan hartuta, hala ere azkenean erregularizazioa egingo da. Aurreko paragrafoan ezarritakoa gorabehera, behinbehineko beste proportzio bat aplikatu ahal izango da kasu hauetan:
Aktiboak bategitea, bereiztea eta ekartzea.
Lurralde erkidean edo foru-lurraldean jardueraren bat hasi, amaitu, zabaldu edo murrizten denean, baldin eta 2. arau honen lehen paragrafoan zehaztutako irizpidearen arabera kalkulatutako proportzioa nabarmen aldatzen bada.
Beti ere, aldakuntza nabarmena dela uste izango da lurraldeetariko edozeini aplikatu beharreko proportzioak ehuneko 15 gora edo behera, gutxienez, egiten duenean.
Beste proportzio bat aplikatzeko, beharrezkoa izango da subjektu pasiboek aurretik jakinarazpen bat egitea Araugintza Koordinatu eta Ebaluatzeko Batzordeari (Ekonomia Itunaren III. kapituluko 2. atalean ezartzen da batzorde hori), baldin eta foru administrazioetan eta administrazio erkidean tributatu behar bada. Foru administrazioetan bakarrik tributatzen bada, subjektu pasiboaren kasuan ikuskapeneskumena duen administrazioari egingo zaio jakinarazpen hori.
Subjektu pasiboak, egutegiko urte bakoitzean Zergaren gainean egindako azken autolikidazioan, behin betiko proportzioak kalkulatuko ditu -garai horretan egindako eragiketen arabera-, eta aurreko likidazio-aldietan administrazio bakoitzarekin egindako aitorpenak erregularizatu egingo ditu, dagokion moduan.
Subjektu pasiboek aurkeztutako autolikidazioetan, betiere, administrazio bakoitzaren aurrean aplikatu beharreko proportzioak eta kuotak jasoko dira.
Bost. Batasun barruko emateen eta eskuratzeen laburpen-aitorpenak subjektu pasiboari egiaztapenak eta ikerketak egiteko eskumena daukan zerga-administrazioan aurkeztu beharko dira.
Sei. Foru-arau honen 2 bis artikuluko Hamar apartatuan xedatutakoarekin bat Bizkaiko Foru Aldundiari badagokio zerga honen ordainarazpena, orduan, araubide bereziak aplikatzea aukeratu duten enpresaburuek eta profesionalek (apartatu horretan aipatutakoak) araubide horietatik eratorritako betebehar formal eta materialak beteko dituzte Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean.
Zazpi. Zergaren ikuskapena honako irizpide hauen arabera egingo da:
Honako kasu hauetan, lurralde historiko honetako Zerga Ikuskatzailetzak egingo du ikuskapena:
Subjektu pasiboek Foru Aldundi honi bakarrik tributatu behar diotenean.
Subjektu pasiboak Zerga lurralde bakoitzean egindako eragiketen bolumenaren proportzioan ordaintzen badu eta zerga-egoitza Bizkaian badauka, lurralde erkidean egindako eragiketak direla-eta Estatuko Administrazioarekin lankidetzan aritzea eragotzi gabe. Horrek administrazio eskudun guztietan izango ditu ondoreak, are haiei zerga-ordainketan dagokien proportzioan ere.
Aurreko paragrafoan xedatutakoa gorabehera, subjektu pasiboak aurreko ekitaldian lurralde erkidean egin badu eragiketen %75 edo gehiago (zehaztutako konexio puntuen arabera), eskumena Estatuko Administrazioak edukiko du; horrek ez du eragotziko Bizkaiko Foru Aldundiaren lankidetza. Ikuskapen-lanen ondorioz hainbat administraziori dagokien zor bat sartu edo kopuru bat itzuli behar bada, kobrantza edo itzulketa Bizkaiko Foru Aldundiak egingo du eta gero, beharrezkoa bada, administrazioek konpentsazioak egingo dituzte euren artean. Ikuskapen-organoek euren jardunaren emaitzen berri emango diete eragindako gainerako administrazioei.
Subjektu pasiboaren zerga-egoitza Araban edo Gipuzkoan egonez gero, ikuskapena kasu hauetan abiaraziko da: zergadunaren eragiketa-bolumena, aurreko ekitaldian, 10 milioi euro baino gehiago izan bada eta ekitaldi horretako eragiketa-bolumenaren %75 gutxienez lurralde erkidean egin ez badu eta, gainera, Euskal Autonomia Erkidegoan egindako eragiketa guztiak Bizkaian egin baditu (edo Bizkaian eta zerga-egoitzarik ez duen beste lurralde historiko batean egin baditu, haien eragiketa-bolumenaren proportziorik handiena Bizkaian egin badu).
Subjektu pasiboek lurralde batean baino gehiagotan tributatzen badute beren eragiketa-bolumenaren proportzioaren arabera, egoitza fiskala lurralde erkidean badute, aurreko ekitaldian beren eragiketen %75 edo gehiago euskal lurraldean egin badute eta euskal lurraldean eginiko eragiketa-bolumen horiek guztiak edo zatirik handiena Bizkaian egin badituzte, ezertan eragotzi gabe Estatuaren Administrazioaren lankidetza eragiketak lurralde erkidean egiten direnean, eta ondorioak izango ditu administrazio eskudun guztien aurrean, bakoitzari dagokion tributazioaren proportzioa barne.
Aurreko paragrafoan xedatutakoa gorabehera, entitate-taldearen araubide berezia duten entitateen kasuan, lurralde historiko honetako zerga-ikuskatzailetzak egingo du ikuskapena, entitate horiek eragiketen %100 euskal lurraldean egin badituzte, ezarritako lotura-puntuekin bat, eta euskal lurraldean eginiko eragiketa-bolumen horiek guztiak edo zatirik handiena Bizkaian egin badituzte.
Ikuskapen-jarduketak beste administrazio batek eginez gero, egintzat joko dira, Bizkaiko Foru Aldundiak egiaztapenaren eta ikerketaren arloan dauzkan ahalmenak gorabehera, eta Aldundiaren jarduketek ez dute edukiko ondorio ekonomikorik zergadunentzat administrazio eskudunetako organoen jarduketen ondoriozko behin betiko likidazioei dagokienez.
Zehatzago, Bizkaiko Foru Aldundiak ikuskapen-eskumena ez duenean, ikuskatu ahal izango ditu eragiketa-bolumenaren kalkuluan eragina izan dezaketen eragiketa guztiak, edonon egin badira ere, baina ikuskatzeko eskumena duen administrazioari haien berri emateko soilik.
Administrazio eskudunak egiaztapenetan ezarritako proportzioak subjektu pasiboak ere bete beharko ditu, likidatutako betebeharren inguruan. Horrek ez du esan nahi administrazio eskudunen artean behin betiko zehazten dituztenak bete behar ez direnik, hala ere.
Zortzi. Erakunde taldeen araubide bereziaren barruan dauden erakundeek aurreko paragrafoetan jasotako arauak aplikatuko dituzte zerga ordaintzeko, honako berezitasun hauekin:
Lehenengo.Erakunde nagusia lurralde historiko honetako ikuskapen-organoen mende badago, mendeko erakundeak ez dira taldean sartutzat joko, baldin eta azken erakunde horien ikuskapena, aurreko sei paragrafoan jasotzen diren erregelen arabera, lurralde erkideko ikuskapen-organoei badagokie.
Bigarren. Erakunde taldearen barruan dauden erakundeek, foru arau honetan aipatzen diren arau orokorren arabera, banako zerga-ordainketaren araubiderako ezarritako aitorpena aurkeztu beharko dute. Aitorpen horretan Zerga arautzen duten arauak banaka aplikatuta sortzen diren zenbatekoak agertu beharko dira, eta, hala badagokio, erakunde taldearen araubide bereziarenak ere sartuko dituzte.
Taldearen barruan dagoen erakunde bakoitzak banaka kalkulatuko du Administrazio bakoitzari egotzi ahal zaion aitorpenaren emaitza; horretarako, artikulu honetan eta foru arau honetako 2.bis artikuluan ezartzen diren gainerako arauak aplikatu beharko ditu.
Hirugarren. Erakunde taldearen autolikidazio erantsietan zenbatu beharreko zenbatekoak dira aurreko erregelaren arabera kalkulatutako emaitzetatik foru-aldundi bakoitzari edo Estatuko Administrazioari dagozkion emaitza guztien batuketa, eta ezin izango dira erantsi beste zerga-administrazio batzuei dagozkien kopuruak.
Laugarren. Erakunde nagusien betebehar zehatzak taldea osatzen duten erakundeek eragiketak egiten dituzten lurraldeetako zerga-administrazioen aurrean bete beharko dira.
Bederatzi. Zerga-betebeharrak betetzen direla bermatzeko egokiak diren bermeak arauz zehaztuko dira.
Oharra
Galdera/Erantzun honek ez du ondore loteslerik Bizkaiko Foru Ogasunarentzat; informazio hutsa besterik ez da.