Atxikitzaileak edo konturako sarrera egin behar duenak, urtarrilaren 1etik 31ra bitartean, aurre-aurreko urtean egindako atxikipen eta konturako sarreren urteko laburpena aurkeztu behar du.
Halaber, laburpena telematikoki edo ordenagailuz zuzenean irakurtzeko moduko euskarrian aurkezten bada, epealdi berean aurkeztu behar da.
...
Laburpen horietan, atxikitzailearen edo konturako sarrera egin behar duenaren identifikazio datuez gainera, hartzaileen zerrenda jar dadila eskatu ahal izango da, honako datu hauek izango dituena:
- Izen-abizenak.
- Identifikazio fiskaleko zenbakia.
- Bazkide, partaide edo onuradunaren zerga-egoitza, erakundea bada, edo ohiko bizilekua, pertsona fisikoa bada.
- Lortutako errenta, eta azaldu behar da zein den kontzeptuen identifikazioa, deskripzioa eta izaera, bai eta errenta horiek zein ekitalditan sortu ziren ere. Errenta horien barruan sartuta egongo dira, halaber, zenbatekoa dela-eta atxikipenaren edo konturako sarreraren pean ez dauden errentak, kargapetik salbuetsitako dietak eta salbuetsitako errentak.
- Zergari buruzko Foru Arauko 19. artikuluan, 20. artikuluan edo 39. artikuluko 3. idatzzatian ezarrita dagoenaren arabera aplikatutako integrazio-ehunekoak.
- Ordaintzaileak atxikipen-ehunekoa aplikatzerakoan kontuan hartu dituen inguruabar pertsonalak eta familiakoak. 77
- Egindako atxikipena edo egindako konturako sarrera.
- Ordaintzaileari itzulitako kopuruak, aurreko ekitaldietan sortutako errentetatik datozenak.
- Gizarte Segurantzari edo funtzionarioen derrigorrezko mutualitate orokorrei egindako kotizazioei dagozkien gastu kengarriak eta eskubide pasiboen murrizketak eta umezurtzen ikastetxe edo antzeko erakundeei egindako kotizazioak, bai eta zergadunek erakunde edo instituzioei ordaindutako zenbatekoak ere, erakunde edo instituzio horiek, indarrean dagoen araudiarekin bat, Gizarte Segurantzari dagozkion zenbait kontingentziaren prestazioak euren gain hartu badituzte, eta betiere etekinen ordaintzaileak horiek kendu baditu.
Aurreko paragrafoetan ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte, orobat, egoitza Espainian duten edo Espainian ordezkatuta dauden erakundeek, besteren kontura atxikipenpeko errentak ordaintzen badituzte edo baloreen errenten kobrantza kudeatzen badute edo haien gordailuzainak badira.