Ohiko galderak Identifikazio zenbakia: 900009974
Bizkaiko Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza Sailak 2022ko ekitaldiko sozietateen gaineko zergaren autolikidazioa egiteko garatu duen laguntza-programak abenduaren 13ko 6/2021 Foru Arauak eta uztailaren 20ko 8/2022 Foru Arauak eragindako aldaketak jasotzen ditu, batez ere.
Beste aldaketa batzuen artean, 6/2021 Foru Arauaren bidez konpentsazio berezi bat sartzen da, Batuz sistemak mikroenpresentzat, enpresa txikientzat eta enpresa ertainentzat dituen betebeharrak borondatez betetzeari lotua dagoena. Konpentsazio hau zerga-oinarri positiboa ehunekotan murriztean datza. Konpentsazioaren ehuneko zehatza betebeharrak borondatez betetzen hasten den dataren arabera zehazten da, eta murrizketa-ehuneko handiagoa aplikatzen zaie Batuz sistemari lotutako betetze hori arinago hasten duten zergadunei. Konpentsazio hau Sozietateen gaineko Zergari buruzko 11/2013 Foru Arauaren 26. xedapen iragankorrean, aipatutako 6/2021 Foru Arauak sartua, eta abenduaren 14ko 158/2021 Foru Dekretuan jasotzen da. Laguntza-programak hainbat data garrantzitsu eskatzen ditu, eta murrizketaren ehunekoa automatikoki kalkulatzen du, mikroenpresa edo enpresa txiki edo ertain gisa zergak ordaintzen ari dela kontuan hartuta.
6/2021 Foru Arauaren bidez, era berean, kenkari berriak sartzen dira sortu berri diren, berritzaileak diren edo zilarrezko ekonomiari lotuta dauden mikroenpresetan eta ETEetan egindako inbertsioengatik (SZFAren 66bis artikulua), eta zilarrezko ekonomiaren eta zainketen sektoreko prestakuntzarako gastuengatik (SZFAren 66ter artikulua). Laguntza-programan, biak sartzen dira kenkarien blokean, kuota likidoaren % 35eko mugarekin.
Kenkariekin jarraituz, nabarmentzekoa da enplegu egonkorra sortzeagatiko kenkariaren erregulazioaren aldaketa, 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako zergaldietan aplikatzekoa. Horrela, zergaldian kontratatzen den pertsona bakoitzeko, lan-kontratu mugagabearekin eta kontratazioaren unean indarrean dagoen lanbide arteko gutxieneko soldata ehuneko 70 gehituta baino handiagoa den soldatarekin, urteko soldata gordinaren ehuneko 25 izango da kengarria. Kenkari honen muga kontratazioaren unean indarrean zegoen lanbide arteko gutxieneko soldataren % 50 izango da. Hala ere, kenkarirako eskubidea sortzen duen kontratatua lan-merkatuan sartzeko zailtasun berezia duen talderen batean badago, kenkaria urteko soldata gordinaren ehuneko 50ekoa izango da, eta muga kontratazioaren unean indarrean dagoen lanbide arteko gutxieneko soldata. Era berean, Sozietateen gaineko Zergaren Erregelamenduan, artikuluaren 2. atalean, zenbait kolektibo zehazten dira eta horietan betetzat jotzen da lan-merkatuan sartzeko zailtasun bereziaren baldintza arestian aipatutako kenkari areagotua aplikatu ahal izateko. Laguntza-programan, muga horiek aldatu egin dira.
Beste alde batetik, 8/2022 Foru Arauaren bidez beste arau-aldaketa batzuk egin dira, eta horien artean emaitza aplikatzearen arloko zuzenketei lotutako onura fiskalen gehikuntza azpimarratu behar da. Kasu batzuetan zerga-onura horien ehunekoak eta mugak handitzen dira, eta beste batzuetan horien denbora-mugak malgutu. Laguntza-programak muga horiek aldatu ditu eta aldaketaren bat egin du 14. xedapen iragankorra aplikatu ahal izateko.
Gainera, ingurumenaren hobekuntzarekin lotutako proiektuak bultzatzeko eta klima-aldaketa iraultzeko, % 35etik % 50era igo da garapen jasangarria, ingurumena kontserbatzea eta hobetzea eta energia-iturriak modu eraginkorragoan aprobetxatzea bideratzen duten proiektuei lotutako inbertsio eta gastuengatiko kenkarien kuota likidoaren gaineko kenkariaren muga (SZFAren 65. artikulua). Laguntza-programan, kenkarien bloke berri bat sortu da, kuota likidoaren % 50eko mugarekin, % 35eko eta % 70eko muga duten kenkarien ondoren, hori baita aplikatu beharreko ordena.
Era berean, araubide iragankorra sartzen da lurralde erkideko araudia aplikatuta tributatzen zuten kapital aldakorreko inbertsio-sozietate jakin batzuen Bizkaiko araudiari lotutako bazkideentzat, desegitea erabakitzen badute eta lurralde erkideko araudian jasotako baldintzetan berrinbertitzeko konpromisoa hartzen badute (SZFAren 28. xedapen iragankorra). Kasu horretan, xedapen iragankor honen aldeko aukera markatu beharko da, eta dagokion doikuntza egin.
Apirilaren 5eko 2/2002 Foru Dekretu Arauemailearen bidez % 10etik % 15era igo zen mikroenpresek 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako lehen ekitaldian aplikatu beharreko zerga-konpentsazioa (SZFAren 32.4. artikulua). Erakundeek aukera hori markatu beharko dute, 2022an edo geroago hasitako lehenengo ekitaldia den zehaztuta, dagokion konpentsazio-ehunekoa aplikatzeko.
Azkenik, 2022ko ekitaldian eragina galduko dute 2021eko ekitaldian aplikatu ziren ezohiko neurri batzuek. Zehatzago esanda, honako hauek dira: jarduera ekonomikoa garatzeko erabiltzen diren lokalen errentamenduen errentak jaisteari buruzko doikuntza, 4/21 FDAren 3. artikuluan jasotakoa; jarduera ekonomikoei berriro ekiteko ezohiko kenkaria, hau ere 4/21 FDAn jasota dagoena, eta mikroenpresetan eta ETEetan inbertitzeagatiko ezohiko kenkaria, 4/2020 FDAn araututa dagoena. Ondorioz, doikuntza eta kenkari horiek ez dira agertzen 2022ko laguntza-programan.
Aldaketa hauen guztien ondorioz beharrezko aldaketak egin dira aitorpen-ereduetan eta laguntza-programan, autolikidazioa egitea errazagoa eta sinpleagoa izan dadin; helburua ahal den neurrian partidak kalkulatzeko eta betetzeko akatsak minimizatzea da. Ildo horretatik, Sozietateen gaineko Zergaren laguntza-programan ohi den bezala, programa ahalik eta eraginkorrena izateko gaitu da erabilera errazte aldera.
Zeintzuk dira 2022ko ekitaldian sozietateen gaineko zergaren laguntza-programaren berrikuntzak?
Oharra
Galdera/Erantzun honek ez du ondore loteslerik Bizkaiko Foru Ogasunarentzat; informazio hutsa besterik ez da.