www.bizkaia.eus/guregida

Ohiko galderak Identifikazio zenbakia: 900007012

Frantzian zerga-egoitza daukan pertsona batek badauka higiezin bat Gernikan, eta higiezin hori errentamenduan egon da 2017 osoan. Alokairua 900 eurokoa da hilean. Higiezinari lotutako gastuei dagokienez, errentatzaileak ondokoak justifikatu ditu: OHZ, 500 eurokoa, eta komunitate-gastua, 100 eurokoa hilean? Zelan zergapetuko dira errentamendu horren ziozko errentak?



Bai barruko araudiak, bai zergapetze bikoitza ekiditeko hitzarmenek ezartzen dutenari jarraiki, Espainiako lurraldearen barruan dauden higiezinek (errentamenduan emanda egon zein ez egon) Espainian ordainduko dute zerga. Kasu honetan, Bizkaian ordaindu behar dute, Ekonomia Ituna aplikatzen delako.

  • Jasotako alokairu-sarien zenbateko osoak osatuko du zerga-oinarria.Kasu honetan, errentatzailea zerga-informazioa trukatzen duen Europako Eremu Ekonomikoaren barruan bizi denez, alokairu-saria eskuratzeko gastu guztiak (interesak, konpontze- eta mantentze-gastuak, zergak, kobrantza zalantzagarriko saldoak, amortizazioak…) kendu ahal izango ditu.
  • Karga-tasa orokor aplikagarria sortzapen-urtean indarrean dagoena izango da (2017an, Europar Batasuneko, Islandiako eta Norvegiako egoiliarrak: % 19; gainerako egoiliarrak: % 24).
  • Zerga-kuotatik, dohaintzak bakar-bakarrik kendu ahal izango dira indarrean dagoen legeriak ezarritako baldintzetan, bai eta, hala badagokio, egindako atxikipenak ere.
  • Zerga-aitorpena aurkezteko epea hiru hilerokoa izango da eta 210 eredua (eredu bakarra) erabiliz aurkeztuko da. Ez-egoiliarrak berak aurkeztu ahal izango du edo, bestela, errenta-mota horientzat borondatez izendatutako haren ordezkariak.

Kasu honetan, beraz, hiru hilean behin ordaindu beharreko zergaren kuota honela kalkulatuko da:

  • Guztizko sarrerak (900 € x 3 hilabete) 2.700 €
  • Gastuak (500 € x 3/12 + 100 € x 3 hilabete) :-425€
  • Zerga-oinarria : 2.275 €
  • Karga-tasa : % 19
  • Kuota (2.275 € x % 19) : 432,25 €

Errentatzaileak atxikipena egin behar badu (lokal, negozio eta abarren errentamendua), egindako atxikipenak 216 ereduan jasoko ditu, eta errentari ez-egoiliarrak ez du autolikidaziorik aurkeztu beharko, baina EBko egoiliarra bada, gastu kengarriak erabiltzeko eskubidea izango du, eta autolikidazioa aurkeztu ahal izango du atxikipenen zati bat berreskuratzeko (210 eredua – hiru hileroko aurkezpen-epea).

Errentatzaileak atxikipenik egin behar ez badu (etxebizitzaren errentamendua), zergadun ez-egoiliarrak berak (edo haren ordezkariak) ordaintzeko autolikidazioa aurkeztu beharko du (210 eredua – hiru hileroko aurkezpen-epea).

Kasu honetan, errentatzaileak atxikipenik egin behar ez duela ematen badugu, ez-egoiliarrak berak (edo haren ordezkariak) ordaintzeko autolikidazioa aurkeztu beharko du hiru hilean behin (210 eredua), eta 432,25 euroko kuota ordaindu beharko du erakunde laguntzaileren batean.


Oharra

Galdera/Erantzun honek ez du ondore loteslerik Bizkaiko Foru Ogasunarentzat; informazio hutsa besterik ez da.

Itzuli

 

e-mailez bidali