www.bizkaia.eus/guregida
Ohiko galderak Identifikazio zenbakia: 900006445
Bizkaiko Foru Aldundiaren 178/2016 FORU DEKRETUA, abenduaren 20koa. Honen bidez zenbait aldaketa egiten dira Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Araudian, Sozietateen gaineko Zergari buruzko Erregelamenduan eta Bizkaiko Lurralde Historikoko zerga betebehar formalak araupetzen dituen Araudian.
2016ko abenduaren 30eko BAOn hurrengo Dekretua argitaratu da:
Bizkaiko Foru Aldundiaren 178/2016 FORU DEKRETUA, abenduaren 20koa. Honen bidez zenbait aldaketa egiten dira Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Araudian, Sozietateen gaineko Zergari buruzko Erregelamenduan eta Bizkaiko Lurralde Historikoko zerga betebehar formalak araupetzen dituen Araudian.
Foru-dekretu honek zenbait aldaketa egiten ditu tributuen inguruko hiru erregelamendutan: Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Araudian, Sozietateen gaineko Zergari buruzko Erregelamenduan eta Bizkaiko Lurralde Historikoko zerga betebehar formalak araupetzen dituen Araudian.
ALDAKETAK:
- Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Araudia:
- Aldaketa bat egiten da lurraldeko administrazio publikoek ematen dituzten laguntzen gaineko salbuespenetan, eta, hala, salbuetsitakoen artean sartzen dira London School of Economics 4nd Political Science zentroak Batasunarekin zerikusia duten gaietan espezializatzeko duen programa berezian ikasketak egiteko Bizkaiko Foru Aldundiak emandako laguntzak.
- Araudian egiten den beste aldaketa bat harpidetza-eskubideak eskualdatuz lortutako ondare-irabazien gaineko atxikipena egiteko betebeharra ezartzea izan da. Aldaketa hori, bada, bat dator Estatuko arautegiarekin, Estatuan 2017ko urtarrilaren 1eko ondorioekin onetsi baitzen betebehar hori, 2014ko azaroaren 27ko 26/2014 Legearen bidez (lege horrek honako hauek aldatzen ditu: 35/2006 Legea, azaroaren 28koa, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergarena; Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zerga arautzen duen legearen testu bategina, zein martxoaren 5eko 5/2004 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartu baitzen; eta beste zerga-arau batzuk). Horretarako, arautzen da nor dagoen behartuta atxikipena edo konturako sarrera egitera, eta atxikipenaren oinarria zein atxikipen-tasa ere arautzen dira.
- Sozietateen gaineko Zergari buruzko Erregelamendua:
- Sozietateen gaineko Zergari buruzko 2013ko abenduaren 5eko 11/2013 Foru Arauak funtsezko aldaketak ekarri ditu entitate zein eragiketa lotuak direla-eta, ELGAren barruan lantzen ari diren BEPS planari (Zerga-oinarria erosionatzearen eta mozkinak lekualdatzearen aurkako ekintza-plana) egokitzearren. Hain zuzen ere, plan horretako 13. ekintzari lotuta (transferentzia-prezioen inguruko dokumentazioari buruzkoa da ekintza hori), berritasun moduan, informazioa herrialdez herrialde jasotzen duen txostena aurkezteko betebeharra ezarri zaie enpresa multinazionalei, merkataritzako talde batek transferentzia-prezioen politikari dagokionez dituen arriskuak ebaluatzeko modua ematen duen tresna baita.
- Horrenbestez, betebehar hori betetzeko, Sozietateen gaineko Zergari buruzko Erregelamenduan ezartzen da herrialdez herrialde eman beharreko informazioa zelan eta zein epetan aurkeztu behar den.
- Horrekin batera, 41 bis artikulua gehitzen da, zeinaren bidez zehazten den zer muga egongo den ekonomia-Intereseko elkartzeen bazkideei zerga-oinarri positiboak eta negatiboak zein kuotako kenkariak egozteko, bazkideok elkartzeari egindako ekarpenak kontabilitate-irizpideen arabera ezaugarri berezidun ondare-tresna gisa kalifikatu behar diren kasuan.
- Gainera, eta 2017ko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako zergaldietarako ondorioekin, 36 bis artikulua gehitzen da, zeinaren bidez Sozietateen gaineko Zergaren Foru Arauaren beste artikulu berri baten edukia garatzen den: 64 bis artikulua da garatzen dena, eta azken horren ondorioak ere aurreko data horretatik bertatik aurrera sortuko dira.
- Bizkaiko Lurralde Historikoko zerga betebehar formalak araupetzen dituen Araudia:
Kendu egiten da Hidrokarburo Batzuen Txikizkako Salmentaren gaineko Zergaren lurralde erregistroari buruzko aipamena, zerga hori derogatu eta Hidrokarburoen gaineko Zergan sartu baita 2013ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin. Gainera, zehaztasun tekniko bat egiten da araudi horren 70. artikuluan.
Loturak
Oharra
Galdera/Erantzun honek ez du ondore loteslerik Bizkaiko Foru Ogasunarentzat; informazio hutsa besterik ez da.
Itzuli