Ohiko galderak Identifikazio zenbakia: 900006197
Zergapekoari edo beraren ordezkariari jakinarazpena egiteko bi ahalegin edo gehiago egin bazaizkio, zerga-egoitzan edo interesdunak adierazitako tokian, baina ezin izan bazaio jakinarazpena egin, Zerga Administrazioari egotzi ezin dakizkiokeen arrazoiengatik, espedientean jasoko dira jakinarazpena egiteko ahaleginen inguruabarrak. Egoitza edo toki horretan jasotzailea ezezagun legez agertzen bada, ahalegin bat nahikoa izango da.
Hala gertatzen denean, interesdunari edo beraren ordezkariari zitazioa egingo zaio bertaratuta jakinarazteko; horretarako, iragarkiak argitaratuko dira —iragarki bakarra interesdun bakoitzeko—, honako modu hauetako bat erabilita:
Zerga Administrazioaren egoitza elektronikoan, herritarrek zerbitzu publikoetan sarbide elektronikoa izateari buruzko araudian zehaztutako baldintzetan.
Zerga Administrazioak modu horretan argitaratuko ditu tributusistema aplikatzeko dagozkion eskumenak betez egin beharreko jakinarazpenak egiteko. Ogasun eta Finantzen foru diputatuaren foru agindu baten bidez zehaztuko da iragarkiak zer baldintzatan argitaratuko diren Zerga Administrazioaren egoitza elektronikoan, zer egunetan argitaratuko diren eta zenbat denbora egongo diren argitaratuta.
«Bizkaiko Aldizkari Ofizialean», hilaren 5ean eta 20an edo, hala badagokio, egun horien osteko lehenengo egun baliodunean.
Interesdunaren azken egoitza ezaguna Bizkaitik kanpo egonez gero, ezagutzen den azken zerga-egoitzari dagokion udaletxean ere jarri ahal izango da iragarkia. Ezagutzen den azken egoitza atzerrian badago, berriz, iragarkia dena delako herrialdearen kontsulatuan edo enbaxadako kontsulatu-sailean jarri ahal izango da.
Iragarkia egoitza elektronikoan eta «Bizkaiko Aldizkari Ofizialean» argitaratzen denean, egiteko dauden jakinarazpenen zerrenda agertuko da eta honako hauek adieraziko dira:
jakinarazpen bakoitzeko zergapekoa edo beraren ordezkaria; jakinarazpenak eragin dituen prozedura; izapidetzeko eskumena duen organoa, eta jasotzaileak nora eta noiz joan behar duen jakinarazpena jasotzera.
Dena dela, interesduna beti bertaratu beharko da iragarkia «Bizkaiko Aldizkari Ofizialean» argitaratu eta hurrengo egunetik 15 egun natural pasatu baino lehen. Aldi horretan bertaratzen ez bada, jakinarazpen hori epea amaitzen den egunaren biharamunean egintzat hartuko da, lege-ondorio guztietarako.
Zergapekoa edo beraren ordezkaria jakinarazpena jasotzera bertaratu ez eta, ondorioz, prozedura baten hasiera edo beraren izapideetako bat jakinarazitzat jotzen bada, prozeduraren hurrengo jarduerak eta eginbideak ere jakinarazitzat joko dira, eta bere hartan mantenduko da interesdunak prozeduran zehar noiznahi bertaratzeko duen eskubidea. Hala ere, prozeduran ematen diren likidazioak eta enbargatutako ondasunak besterentzeko erabakiak atal honetan ezarritakoaren arabera jakinarazi beharko dira.
Oharra
Galdera/Erantzun honek ez du ondore loteslerik Bizkaiko Foru Ogasunarentzat; informazio hutsa besterik ez da.