Ohiko galderak Identifikazio zenbakia: 900006168
2/2005 Foru Araua, martxoaren 10ekoa, Bizkaiko Lurralde Historikoko Zergei buruzkoa.
Aldaketa hauek egiten dira Bizkaiko Lurralde Historikoko Zergei buruzko 2005eko martxoaren 10eko 2/2005 Foru Arauan:
Bat. r) letra gehitzen zaio 94. artikuluko 1. zenbakiari; hau da haren edukia:
«r) Europar Batasuneko Zuzenbidean zein ordenamendu juridikoaren parte diren nazioarteko tratatu eta akordioetan aurreikusitako kasuetan.»
Bi. Berridatzi egiten da hogeita laugarren xedapen gehigarria, eta honela geratu da idatzita:
«Hogeita laugarren xedapen gehigarria. Paradisu fiskalaren, tributazio ezaren eta zergei buruzko informazio-trukearen definizioa.
1. Erregelamenduz ezartzen diren herrialde edo lurraldeak joko dira paradisu fiskaltzat.
2. Paradisu fiskaltzat jotzen diren herrialde eta lurraldeen zerrenda honako irizpide hauei jarraituz eguneratu ahal izango da:
3. Tributazio eza dago baldin eta dagokion herrialde edo lurraldean ez bada Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren, Sozietateen gaineko Zergaren edo Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergaren, kasu bakoitzean doakionaren, berdin-berdina edo antzekoa den zergarik aplikatzen.
Xedapen honek ezartzen duenaren ondorioetarako, errenta, zati batean besterik ez bada ere, zergapetzea helburu duten zergak zerga berdin-berdin edo antzekotzat joko dira, zergaren xedea errenta bera, sarrerak edo errenta egotearen zantzua ematen duen beste edozein elementu dela ere. Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren kasuan, zerga berdin-berdin edo antzekotzat joko dira Gizarte Segurantzari egindako kotizazioak, erregelamendu bidez ezarriko diren baldintzetan.
Zerga berdin-berdina edo antzekoa aplikatzen dela iritziko zaio dagokion herrialde edo lurraldeak Espainiarekin zerga bakoitzaren kasuan nazioarteko zergapetze bikoitza saihesteko hitzarmena izenpetuta badauka, hitzarmenean bertan ezartzen diren berezitasunekin.
Paradisu fiskaltzat jotzen ez diren herrialde edo lurraldeekin zergei buruzko informazio-trukea dago herrialde edo lurraldeoi honako hau aplikatzekoa bazaie:
Aurrekoa hala izanik ere, erregelamendu bidez ezar daiteke informazio-trukearen mugak direla-eta zein kasutan ez dagoen zergei buruzko informazio-trukerik.
5. Tributu bakoitzaren arauetan berezitasunak ezar daitezke xedapen hau aplikatzeko.»
6. Gaitasuna ematen zaio Bizkaiko Foru Aldundiari xedapen gehigarri honetan araututakoa garatzeko eta aplikatzeko beharrezko diren xedapen guztiak eman ditzan, bai eta paradisu fiskaltzat jotzen diren herrialde eta lurraldeen zerrenda eguneratu dezan ere.»
Hiru. Xedapen gehigarri bat gehitzen da, hogeita hamaikagarrena; hau da haren edukia:
Hogeita hamaikagarren xedapen gehigarria. Elkarren laguntzaren eremuan, finantza-kontuen inguruan informazioa emateko eta behar bezalako ardura izateko betebeharrak.
Halaber, finantza-kontuen titulartasuna edo kontrola duten pertsonek beren egoitza fiskala identifikatu behar dute kontu horiek irekita dauden finantza-instituzioen aurrean. Egoitza identifikatzeko eta informazioa emateko betebeharrak erregelamendu bidez garatuko dira, bai eta finantza-instituzioek haietan irekitako finantza-kontuak direla-eta kontuon titulartasuna edo kontrola duten pertsonen egoitza fiskala identifikatzerakoan erakutsi behar duten ardura erregulatzeko arauak ere.
Tributu-arloko arau-haustea da finantza-erakundeari datu faltsuak, osatugabeak edo zehazgabeak ematea finantza-kontuen titulartasuna edo kontrola duten pertsonen egoitza fiskala identifikatzeko beharrezkoak diren aitorpenei dagokienez, baldin eta ez-betetze horren ondorioz ez bada zuzen identifikatzen pertsona horien egoitza fiskala.
Aurreko zenbakiko bigarren paragrafoan adierazitako tributu-arloko arau-hausteak 300 euroko isun finkoa jasoko du.
Horrez gainera, 2015. urtean irekitako kontuen kasuan, 2016ko urtarrilaren 1ean ez badira haiei buruz 5. zenbakian aipatzen diren aitorpenak aurkezten, eta egun horretatik aurrerako 60 eguneko epean ez bazaizkio finantza-erakundeari ematen, bada, orduan, finantza-erakundeak ez du kargurik, ez abonurik, ez beste eragiketarik egingo kontu horretan, harik eta aitorpenok ematen zaizkion arte.»
Oharra
Galdera/Erantzun honek ez du ondore loteslerik Bizkaiko Foru Ogasunarentzat; informazio hutsa besterik ez da.