saltatu edukira

Aldundiaren Logoa
 
 

Hemen zaude:

Informazioa


www.bizkaia.eus/guregida

Ohiko galderak Identifikazio zenbakia: 900005516

Gerorapen bat eskatzerakoan zein dokumentazio aurkeztu behar da?

Baliozko erantzuna indarrean dagoen arautegia egun honetatik aurrera aplikatuz: 2020/01/01

  1. Ordainketa geroratzeko edo zatikatzeko eskaera Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza elektronikoan egin beharko da. Jarduera ekonomikorik egiten ez duten pertsona fisikoek Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza elektronikoan egin beharko dute ordainketa geroratzeko eskaera 2021eko urtarrilaren 1az geroztik .
    Eskaera datu hauek jarri beharko dira nahitaez:
    1. Eskatzailearen eta, kasua bada, hura ordezkatzen duenaren izen-abizenak, sozietate-izena edo deitura, eta identifikazio fiskaleko zenbakia.
    2. Aurkeztu den eta ordainketa geroratzeko eskatzen den likidazioaren edo autolikidazioaren identifikazioa. Haren zenbatekoa, eredua, ekitaldia eta zergaldia adieraziko dira.
    3. Bideragarritasun-plana, Ogasun eta Finantzen foru diputatuaren foru-agindu bidez zehaztutako edukia izango duena. Pertsona juridikoek, gainera, urteko kontuak aurkeztu beharko dituzte, eta haietan, betiere, eskudiru-fluxuen egoera-orriak aurkeztu beharko dituzte, nahiz eta zergadunak beharrik ez izan orriok merkataritza-ondorioetarako formulatzeko. Urteko kontu horiek geroratzeko eskaera egiten denean itxita dauden bi ekitaldietakoak izan behar dute, salbu eta erregelamendu honen 38. artikuluko 1, 2, 3 eta 4. zenbakietan xedatutakoaren babesean eskatutako geroratzeetarako edo kreditu-erakunde batek edo elkarrekiko berme-sozietate batek emandako abal solidarioa edo kauzio-aseguruaren ziurtagiria berme gisa eskaintzen duten geroratzeetarako.
    4. Proposatzen den ordainketa plana. Bertan amortizaziorako kuotak eta baldintzak adieraziko dira, araudi honen 38. artikuluko 1., 2. eta 3. zenbakietan ezarritakoari jarraituz, kasua bada.
    5. Epeak kobratzeko banku-helbideratzearen agindua; zordunketa egin behar duen zerga-bilketako erakunde laguntzailean zabaldutako kontuaren IBAN kodea adierazi behar da. Helbideratze-kontua bakarra izango da geroratuta edota zatikatuta dauden zor guztietarako. Kontu hori aldatzeko, eskabidea aurkeztu beharko da epea amaitu baino hamabost egun lehenago, gutxienez.
    6. Lekua, eguna eta sinadura.
    7. Behar denean, Zerga Administrazioak ordezkaritza frogatzeko eskatzen dituen agiriak.
  2. Geroratzeko eskabideari honako informazio edo agiri hauek ere erantsi beharko zaizkio nahitaez:
    1. Zorren ordainketari aurre egin ezina iragankorra delako justifikazioa. Diruzaintzako zailtasunak sortu dituzten inguruabarren deskribapena eta justifikazioa gehituko dira.
    2. Eskaintzen den bermea, araudi honen 35. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoaren arabera.
    3. Zorduna titularra den ondasun higigarri eta higiezinen eta eduki ekonomikoko gainerako ondare-eskubideen zerrenda xehakatua.
    4. Foru Administrazioak aurreko letran aipatutako zerrenda eskatu ahal izango du, halaber, Sozietateen gaineko Zergari buruzko Foru Arauaren 42. artikuluan xedatutakoaren arabera zordunarekin lotura duten pertsona edo erakunde guztiei dagokienez. Zerrenda horretan eskurapen balioa eta data adieraziko dira.
    5. Geroratze edo zatikatzearen indarraldian zehar zordunaren alde aitor litezkeen kredituekin zorra konpentsatzeko eskaera, behar denean.
      Zenbaki honetan xedatutakoa ez da aplikatuko araudi honen 38. artikuluko 1., 2., 3. eta 4. zenbakietan xedatutakoari jarraituz aurkezten bada zorra geroratzeko eskaera, eta ez da beharrezkoa izango zenbaki honetako c) eta d) letretan aipatutako agiriak aurkeztea kreditu-erakunde edo elkar bermatzeko sozietate baten abal solidarioa edo kauzio-aseguruaren ziurtagiria eskaintzen bada geroratutako zorraren berme gisa.
  3. Kreditu-erakunde edo elkar bermatzeko sozietate baten abal solidarioa edo kauzio-aseguruaren ziurtagiria eskaintzen denean berme gisa, erakunde horiek berariaz hartutako konpromiso ezeztaezin hau aurkeztu beharko da eskabidearekin batera: geroratzea onartzen bada behar den abala formalizatzeko konpromisoa.
  4. Aurreko zenbakian aipatutakoak ez diren bermeak eskaintzen direnean, honako agiri eta informazio hauek ere aurkeztu beharko dira.
    1. Ondasun edo eskubidearen identifikazioa, beharrezkoak diren erreferentzien azalpenarekin, eta jabetza frogatzen duen tituluaren, eskrituraren, fakturaren edo egiaztagiriaren kopia.
    2. Berme gisa eskainitako ondasunen balorazioa, enpresa edo profesional espezializatu eta independenteek egina. Ondasun mota jakinen baten balorazioan espezializatutako enpresen edo profesionalen erregistroa egonez gero, erregistro horretan inskribatutako enpresa edo profesional batek egingo du balorazioa, lehentasunez.
      Landa- edo hiri-ondasun higiezinak esleitu behar zaien gutxieneko balioaren arabera edo katastroko balioaren arabera baloratu ahal izango dira bermearen ondorioetarako, horrelako baliorik edukiz gero. Gainerako kasuetan, higiezinaren balioa 200.000 eurotik gorakoa bada, geroratzeko eskaerarekin batera aurkezten den balorazioa enpresa homologatuek egina izan beharko da, Higiezin Kredituko Kontratuak arautzen dituen martxoaren 15eko 5/2019 Legearen 13. artikuluan xedatutakoarekin bat. Eskatutako geroratzearen indarraldia amaitzen den egunean besterentze batean lor litekeen zenbatekoaren arabera egin beharko da balorazioa, besterentze hori egiteko eta ondasunak erosleen eskura jartzeko beharrezkoak izango liratekeen kostu zenbatetsiak eta kargak kenduta.
    3. Kargen ziurtagiria, erregistro egokian emana, eta inskribatutako kargen egungo zenbateko galdagarrien ziurtagiriak, pertsona hartzekodunek emanak.
  5. Eskaerarekin batera berme gisa eskaintzen diren ondasun edo eskubideak ezingo dira beste batzuekin ordeztu, behar bezala arrazoitutako salbuespenezko kasuetan izan ezik.
  6. Bermearen lekapen osoa edo partziala eskatzen bada, agiri hauek ere aurkeztu beharko ditu eskatzaileak:
    1. Ordaintzera behartuta dagoen pertsonaren adierazpena. Bertan azalduko du ez berak ez Sozietateen gaineko Zergari buruzko Foru Arauaren 42. artikuluan xedatutakoaren arabera berarekin lotuta dauden pertsona edo entitateetariko batek ere ez dutela beste ondasun edo eskubiderik berme gisa eskainitakoak baino.
    2. Behar denean, aurreko a) letran aipatutako pertsonen azken hiru ekitaldietako urteko kontuak eta auditoretza-txostena, halakorik egonez gero.
    3. Pertsona eskatzaileak bere eskaeraren alde egiteko egokitzat jotzen dituen gainerako dokumentu edo frogagiriak.
  7. Ordaintzera behartuta dauden pertsonak, administrazio-bideko berrikuspenaren arloan aplikatu behar den araudian xedatutakoaren babesean, zerga-zorraren ordainketa geroratzeko edo zatikatzeko eskaera eta zerga-zorraren sarrera eteteko eskaera aurkezten baditu, geroratzeko edo zatikatzeko eskaera artxibatu egingo da eta eteteko eskaera izapidetu egingo da beti, nahiz eta bata bestearen subsidiarioak izan.
  8. Artikulu honetako 1. zenbakian xedatutakoa ez zaie aplikatuko araudi honetako 25. artikuluko 4. zenbakian xedatutakoaren arabera aurkezten diren eskaerei, baina aplikatu ahal izango da, behin zorrak sortutakoan, horiek geroratzeko eskatzen den bakoitzean.

125/2019 27. artikulua


Oharra

Galdera/Erantzun honek ez du ondore loteslerik Bizkaiko Foru Ogasunarentzat; informazio hutsa besterik ez da.

Itzuli

 

e-mailez bidali