www.bizkaia.eus/guregida

Ohiko galderak Identifikazio zenbakia: 900005318

Moduloen definizioa. Enplegaturiko langileak



Enplegaturiko pertsonatzat soldatarik gabekoak, jardueraren titularra barne, eta soldatapekoak hartuko dira.

Soldatarik gabeko langileak

Soldatarik gabeko langilea enpresaburua da. Halaber, halakotzat joko dira beraren ezkontidea edo izatezko bikotekidea eta berarekin bizi diren adingabeko seme-alabak ere, baldin eta jardueran lan egin arren soldatapeko langileak ez badira, hurrengo letran ezarritakoaren arabera.

Enpresaburua soldata gabeko pertsona gisa zenbatuko da. Kausa objektiboen eraginez (erretiroa, ezgaitasuna, beste jarduera batzuk egin beharra edo ustiapena aldi batez ixtea) jardueran urtean 1.800 ordu baino gutxiago egiten dituela frogatzen bada, jardueran benetako egindako denbora konputatuko da. Hala gertatzen denean, jarduerako zuzendaritza, antolaketa eta plangintzan egindako denbora eta, oro har, haren titulartasunari datxezkion zereginetan egindakoa zenbatzeko, enpresaria 0,25 pertsona/urteko konputatuko da, benetako dedikazioa bestelakoa dela frogatu ezean. Soldatarik gabeko gainerako pertsonei dagokienez, soldatarik gabeko pertsona gisa konputatuko dira jardueran urtean gutxienez mila eta zortziehun ordu egiten dituztenak.

Jardueran urtean mila eta zortziehun ordu baino gutxiago eginez gero, soldatarik gabeko pertsonaren zenbatekoa lanean benetan egindako ordu kopuruaren eta mila eta zortziehunen arteko proportzioa izango da. %33ko urritasuna edo handiagoa duten soldatarik gabeko langileak %75ean konputatuko dira. Ezkontidea edo izatezko bikotekidea edo adingabeko seme-alabak soldatapeko langile ez direnean, %50ean konputatuko dira, baldin eta jardueraren titularra bere osoan konputatzen bada aurreko idatz-zatian ezarritako txikipena aplikatu baino lehen eta soldatapeko langile bat baino gehiago ez badago. Txikipen hau %33ko urritasunagatik edo handiagoagatik bidezko dena aplikatu ondoren aplikatuko da.

Soldatapeko langileak

Jardueran lan egiten duen gainerako pertsonak soldatapeko langileak dira. Bereziki, soldatapeko langiletzat hartuko dira subjektu pasiboaren ezkontidea edo izatezko bikotekidea* eta berarekin bizi diren adingabeko seme-alabak, baldin eta, lan-kontratua eginik eta Gizarte Segurantzan afiliaturik, hark egiten duen enpresa-jardueran lan egiten badute jarraitasunarekin.

Ez dira konputatuko soldatapeko pertsona gisa lanlekuetan prestakuntzako nahitaezko modulua egiten ari diren lanbide heziketako ikasleak. Soldatapeko pertsona gisa konputatuko dira urtean hitzarmen kolektiboan ezarritako ordu kopurua lan egiten dutenak, edo bestela urtean 1.800 ordu egiten dituztenak lanean.

Urtean lanean egindako ordu kopurua hortik gorakoa edo beherakoa denean, soldatapeko pertsonaren zenbatekoa lanean benetan egindako ordu kopuruaren eta hitzarmen kolektiboan ezarritako kopuruaren (edo 1.800en) arteko proportzioa izango da.

Hemeretzi urtetik beherako soldatapeko langileak %60an konputatuko dira zerbitzuak ikasketa edo prestakuntzako kontratuaren arabera egiten dituztenean.

%33ko urritasuna edo handiagoa duten soldatepeko langileak %40an konputatuko dira. Murrizketa horiek euren artean bateraezinak izango dira.

*(maiatzaren 7ko 2/2003 Legean xedatutakoaren arabera eraturiko izatezko bikotea)


Oharra

Galdera/Erantzun honek ez du ondore loteslerik Bizkaiko Foru Ogasunarentzat; informazio hutsa besterik ez da.

Itzuli

 

e-mailez bidali