www.bizkaia.eus/guregida

Ohiko galderak Identifikazio zenbakia: 900005264

Zertan datza konpentsazioa NAAren araubide berezian?



Konpentsazioa kobratzeko eskubidea ematen duten eragiketak.
  1. Bere ustiapenetan lortutako produktu naturalak beste enpresari edo profesional batzuei ematea. Konpentsazio hori kobratzeko eskubidetik salbuetsita egongo dira honakoak:
    • Araubide horretara atxikitako beste enpresari batzuei saltzen dietenean.
    • Beren-beregi kenkaria aplikatzeko eskubidetik salbuetsita dauden eragiketak gauzatzen dituzten enpresari edo profesionalei saltzen dietenean.
  2. Batasunaren barruko produktu naturalen emate salbuetsiak, enpresari edo profesional modura jarduten ez duen pertsona juridiko bati.
  3. Araubide berezian bildutako zerbitzu osagarriak eskaintzea enpresari edo profesionalei.

Hartzailea ere NAAren araubide berezira atxikita badago, ez da konpentsazioa aplikatuko.

Goren mugako konpentsazioaren zenbatekoa.
  1. Nekazaritza eta basozaintzako jardueretan %12 aplikatzen da.
  2. Abeltzaintza eta arrantzako jardueretan %10,5 aplikatzen da.
  3. Produktuen edo zerbitzuen salmenta-prezioari aplikatzen zaizkio adierazitako ehunekoak. Zeharkako zergak eta gastu osagarri eta gehigarriak (komisioak, garraio sariak, aseguruak, interesak eta abar, esaterako) ez dira kontuan hartzen.
Konpentsazioak itzultzera behartuta daudenak
  • Arau orokor gisa, ondasunen eskuratzailea edo zerbitzuen hartzailea.
  • Bizkaiko Foru Ogasuna, Batasunaren barruko esportazioengatik edo emateengatik eta zergaren aplikazio-lurraldetik kanpo kokatutako hartzaileei eskainitako zerbitzuengatik.
Betekizun formala: ordainagiria

Konpentsazio hori kobratzeko, hartzaileak ordainagiria eman beharko du, NAAren araubide berezira atxikitako subjektu pasiboak sinatu beharrekoa. Kopia bat eman beharko dio azken horri.

Honako datuak agertu beharko dira ordainagirian:

  1. Seriea eta zenbakia: zenbakiak hurrenkeran jarri behar dira.
  2. Igorlearen eta hartzailearen izena eta bi abizenak edo sozietatearen izena, IFZ eta egoitza.
  3. Emandako ondasunen edo eskainitako zerbitzuen deskribapena, eta eragiketen tokiak eta egunak.
  4. Ondasunen edo zerbitzuen prezioa.
  5. Aplikatutako konpentsazioaren ehunekoa.
  6. Konpentsazioaren zenbatekoa.
  7. Nekazaritza, abeltzaintza, basogintza edo arrantza ustiapenaren titularraren sinadura.

Betekizun horiekin, konpentsazioa ordaindu duen enpresariak, kenkariak aplikatzeko gainerako baldintza komunak betetzen badira, bere aitorpen-likidazioan kendu ahalko du.


Oharra

Galdera/Erantzun honek ez du ondore loteslerik Bizkaiko Foru Ogasunarentzat; informazio hutsa besterik ez da.

Itzuli

 

e-mailez bidali