Ohiko galderak Identifikazio zenbakia: 900005139
Sozietateen gaineko Zergari buruzko 11/2013 Foru Arauaren 52. artikuluaren arabera, zergadunek zerga-oinarria murriztu ahalko dute mozkinak nibelatzeko erreserba berezira bideratzen duten kontabilitate-emaitza positiboaren zenbatekoan, modu askean eduki dezaketen emaitzaren zati horren % 10 eta % 15 bitartean gehienez, mikroenpresen eta enpresa txikien kasuan. Gainera, mikroenpresen eta enpresa txikien kasuan kenkari horrek ezingo du gainditu zergaldiko zerga-oinarriaren zenbatekoaren % 15 - % 20.
Horrenbestez, emaitzaren banaketan mozkinak nibelatzeko erreserba berezirako diru kopuru jakin bat jarri bada, laguntzarako programak automatikoki sortuko du “zuzkiduraren zenbateko murriztua”, arestian aipatutako mugak kontuan hartuta.
Bestalde, zergadunak ekitaldi honetako ondore fiskaletarako ondare garbiaren berri eman beharko du, 47.2 artikuluari jarraiki kalkulatua; izan ere, mikroenpresen eta enpresa txikien kasuan mozkinak nibelatzeko erreserba bereziaren saldoak ezingo du gainditu zergadunaren ondore fiskaletarako ondare garbiaren % 20 - % 25.
2022ko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako ekitaldietan, aurreko paragrafoko ehunekoak % 25 eta % 30ekoak izango dira, hurrenez hurren.
Ondoren, hurrengo 5 urteetan zergadunak zerga-oinarri negatiboa aurkezten badu, aurreko zerga-oinarria handituko da aurrez kendutako kopuruetan, aipatutako zerga-oinarri negatibo horren zenbatekora iritsi arte. Beraz, azaldutakoa gertatzen denean, laguntzarako programak automatikoki kalkulatuko du ekitaldi honetako zerga-oinarriari gehitu behar zaion kopurua.
2022ko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako ekitaldietan, epe hori 10 urtera luzatuko da, nahiz eta hautazko araubide iragankor bat dagoen (14. xedapen iragankorra) aurreko epeak eta ez-betetzeagatiko interes-tasak aplikatu ahal izateko.
Oharra
Galdera/Erantzun honek ez du ondore loteslerik Bizkaiko Foru Ogasunarentzat; informazio hutsa besterik ez da.