www.bizkaia.eus/guregida

Kontsultak Identifikazio zenbakia: 900005033

Kontratuetan izandako irabazi eta galeren zergapetzea, diferentzien araberako finantza kontratuen/diferentzien eta dibisa eta akzioen gaineko gerokoen ondorioz



Data: 2013-11-27

Erreferentzia Kontratuetan izandako irabazi eta galeren zergapetzea, diferentzien araberako finantza kontratuen/diferentzien eta dibisa eta akzioen gaineko gerokoen ondorioz
Galdera

Kontsultagilea akzioen eta dibisen gaineko diferentzien araberako finantza kontratuetan eta gerokoetan inbertitzen duen pertsona fisikoa da eta, adierazi duenez, etengabe egiten ditu salmenta eta erosketak. Eragiketa batzuetan onurak eskuratzen ditu eta beste batzuetan galerak.

Aipatu eragiketa horietan eskuratzen dituen irabazi eta galerek Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan duten zergapetzea zein den eta batzuk besteekin konpentsatu ote ditzakeen jakin nahi du.

Ebazpena:

Diferentzien araberako finantza kontratuek ez daukate berariazko araudirik gure antolamendu juridikoan, nahiz eta Balore Merkatuari buruzko uztailaren 28ko 24/1998 Legeko 22.7 artikuluaren arabera horiek bere aplikazio eremuan sartzen diren.

Hala ere, esku hartzaileentzako betebehar eta eskubide konplexuak dituzten kontratuak dira eta horien xedea hautatutako aktiboen (akzio eta dibisak, planteatutako kasuan) prezioan egunero sortzen diren aldakuntzek eratzen dute, kontratu posizioa mantentzen den bitartean. Aldakuntza horiek, bezeroak kontra alderdi gisa jarduten duen erakundearen aurrean hartzen duen posizioaren (eroslea edo saltzailea) eta zeinuaren arabera, horien pareko zenbatekoa duen ordainketa betebeharra edo diru-sarrera eragiten diote lehenengoari. Normalean egunean gauzatzen dira, aipatu kontratuaren konturako ordainketa edo karguaren bidez.

Ondorioz, beren xede nagusiari jarraiki, diferentzien araberako finantza kontratuak bi alderdiek azpikoaren (balore negoziagarria, indizea, dibisa, interes tasa edo beste edozein aktibo) erosketa prezioaren (salmenta) eta salmenta prezioaren (erosketa) arteko diferentzia eskualdatzeko hitzartutako kontratu gisa definitu dira, salerosketa eragiketen izendatuaren ordainketa osoa egiteko beharrizanik izan gabe (eta aipatu azpikoa jaso edo entregatzeko beharrizanik gabe).

Zehazki, era honetako kontratuekin (galderan aipatu direnak baina kontsultan deskribatu ez direnak) lotutako bestelako ordainketa edo kobrantza betebeharrak egon daitezkeela albo batera utzita, eta helburu nagusia oinarri hartuta, erosleak diren bezeroek kotizazioaren igoeraren ondorioz kasuan kasuko azpikoen prezioan edo balioan sortzen diren diferentzien zenbatekoak jasoko dituzte eta, bestela, kotizazioan egondako jaitsieraren ondoriozko prezio diferentziei dagozkien zenbatekoak ordaindu beharko dituzte. Bestalde, salmenta egiteko aukera duten bezeroek kasuan kasuko azpikoen prezioan gertatutako ezberdintasunen zenbatekoak jasoko dituzte, kotizazioaren jaitsiera dela medio, eta, alderantziz, kotizazioan gertatutako gorakadaren ondoriozko prezio diferentzien zenbatekoak ordaindu beharko dituzte.

Oro har, diferentzia horiek egunero likidatzen dira eta kontratuaren kontuan kargu edo ordainketak eragiten dituzte.

Horrenbestez, honelako kontratuen ondore ekonomikoa, bezeroaren ikuspegitik, azpikoekin merkatuan zuzenean arituz gero jasoko lukeen emaitza bera edo oso antzekoa lortzean datza, balio monetarioetan, baina ez du azpikoez jabetzeko (eroslearen kasuan) edo azpikoak maileguan hartzeko (saltzailearen kasuan) beharrezko ordainketa egin behar. Ondorioz, azpikoen erosketak eta ondorengo salmenak prezioan izandako aldakuntzaren araberako emaitza dakar, eta maileguan hartutako azpikoen salmentak emaitza jakin bat zehazten du mailegu hartzailearentzat, ondoren, mailegu emaileari itzuli ahal izateko, berriz erosteko beharrizanaren ondorioz.

Diferentzien araberako kontratuetan, normalean, bezeroari "berme marjina" gisa ekarpen bat egiteko eskatzen zaio eta harekin irekita dauzkan posizioen ondorioz sor daitezkeen gastuak eta likidazioak ordaintzeko betebeharra betetzen dela ziurtatzen da. Kontzeptu honen zioz eskatutako kopurua azpiko aktiboen parekoa bada, kontra alderdi gisa ari den finantza erakundeari kapitalak laga zaizkiola esan genezake eta hori ordainketa aktiboen prezioetan egondako aldakuntzen araberakoa litzateke.

Hala ere, aurkeztutako kontsulta ebazteko ondoreetarako zera ulertzen da, aipatutako kontratuetan hala badagokio "berme marjina" gisa eskatzen den gordailuak berme gisa funtzionatzen duela, azpiko aktiboen balioari dagokionez zenbateko marjinala daukala eta eguneroko likidazioaren ondorioz sortutako emaitza ekonomikoa eskuratzeko orduan esku hartzen ez duela.

Bestalde, gerokoei dagokienez, Balore Merkatuari buruzko uztailaren 28ko 27/1998 Legeko 2. artikuluan xedatutakoaren arabera, eperako kontratuak dira eta normalean gauzaz edo dirutan likidatu daitezkeen balioekin, dibisekin, interes tasekin, bestelako finantza tresnekin, finantza neurriekin eta finantza indizeekin lotuta daude.

Eperako kontratuak dira eta horien xedea azpiko bat da. Kontratu horiek etorkizunean gauza daitezke, baina hasieran daude aurre osatuta, azpikoari eta prezioari dagokienean.

Kontratu horietan berebiziko garrantzia dauka unean-unean aipatu azpikoak daukan balioak, eta, ondorioz, balio horren aldakuntza kokatzen da haren kausa, diferentzien arabera likidatzeko aukerak (hau da, dagokion aktiboa trukatu behar ez izateak) adierazten duen bezala.

Ondorioz, kontratu hauek eskubideak eta betebeharrak sortzen dituzte balorazio ekonomikoaren menpeko alderdientzat, bai hasieran, bai beren iraupenean zehar. Horien zenbatekoa azpiko aktiboaren merkatuko balioaren arabera eta indarrean dagoen bitartean duen aldakuntza posiblearen arabera zehazten da. Horrenbestez, eskubide eta betebehar horiek (ekonomikoki baloratu daitezkeen aldetik) ondare elementuak dira, irabazi edo galerak sor ditzaketelarik, beren iraupenean zehar jasaten dituzten balio diferentzien ondorioz.

Hori guztia argituta, zerga araudiari dagokionez, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 29ko 6/2006 Foru Arauko 42. artikuluak honakoa dio:

"Zergadunaren ondarearen osaeran gertatutako edozein aldaketa dela-eta agerian jartzen diren balio-aldaketak dira ondare irabaziak eta galerak, baldin eta foru arau honek etekintzat jotzen ez baditu".

Horretaz gainera, PFEZ Foru Arauko 49.1 n) artikuluan hauxe ezarri da:

"1. Ondarearen balioa honako arrazoiengatik aldatzen denean: (...) n) Abenduaren 20ko 1.814/199 Errege dekretuak araututako eperakoen eta aukeren merkatuetan egiten diren eragiketen ondoriozko ondare irabazia edo ondare galera lortutako etekina izango da; hala ere, eragiketak zergadunaren jarduera ekonomiko batean itundutako eragiketa nagusi baten estaldura badakar, titulu honetako III. kapituluan ezarri den bezala zergapetuko da. (...)".

Abenduaren 20ko 1.814/1991 Errege Dekretu honen aipamena, egun, gerokoen, aukeren eta bestelako finantza tresnen bigarren mailako merkatu ofizialak arautzen dituen urriaren 15eko 1282/2010 Errege Dekretuari buruzkoa dela ulertu behar da.

Zuzendaritza Nagusi honen ustez, PFEZ Foru Arauko 49.1 n) artikuluan xedatutakoa aplika daiteke, era berean, merkatu antolatuetan negoziatu ez diren (OTC "over the counter") gerokoen edo aukeren kontratuetako errentetan, baldin eta ezin badira bestelako etekin gisa sailkatu, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga arautzen duen araudian ezarritakoaren arabera.

Ondorioz, diferentzien araberako finantza kontratuei dagokienez, Ogasuneko Zuzendaritza Nagusi honen ustez, kasuan kasuko azpikoen prezioan egondako aldakuntzaren ondoriozko eguneroko likidazioen zioz zergadunek dituzten emaitzak PFEZen ondoreetarako ondare irabazi edo galera gisa ulertu behar dira, ezin baita ulertu beraiek aurrez jarritako kopururen baten zuzeneko edo zeharkakoak direnik, hau da, kapital propioen lagapenen emaitza direnik (hala ere, kontratuari atxikitako gutxieneko kopuru bat mantentzeko eskatu ahalko zaio, berme gisa, kontra alderdiarentzat, berme horrek eta berau ondoren berreskuratzeak beraientzat zerga eraginik izan gabe).

Irabazi edo galera horiek, dagokion kontratuan adierazitakoaren arabera, egun bakoitzaren amaieran azpiko aktiboen kontratu balioaren eta aurreko egunaren amaierako kontratu balioaren artean dagoen diferentzien araberakoak izango dira. Horrez gain, kontratu bakoitza ireki edo indargabetzeari lotutako kontratazio komisioak zenbatu beharko dira, ordaintzeko eguneko ondare irabazi edo galera zehazteko.

Hala eta guztiz, erantzun honetan ez da aztertu honelako kontratuetan bezeroei eska edo ordaindu ahal zaizkien bestelako kopuru batzuen zergapetzerik, aurkeztutako idazkian ez delako halakorik azaldu. Hala ere, horren harira, azpian akzioak dituzten eta diferentzien araberakoak diren kontratuetako erosle diren bezeroei kasuan kasuko sozietateek banatzen duten dibidenduaren pareko kopurua aitortu ahalko zaie kontura, eta, hori, normalean, diferentzia positibotzat joko da aurreko paragrafoetan adierazitakoaren ondoreetarako, dibidenduen banaketak sortzen duen akzio kotizazioko jaitsiera konpentsatzean.

Gainera, eskurako diferentzien araberako kontratuen erosle diren bezeroei interesak eskatzen zaizkie, aktiboak finantzatzeko gastu gisa. Hori horrela, interes horiek zenbatu ezin diren finantza gastua dira. Aitzitik, saltzaileak diren bezeroek izan dezaketen finantza marjina kontuan hartu behar da kontratuaren eguneroko likidazioaren ondorioz sortutako aldakuntza kalkulatzeko, ez baita hirugarrenei kapital propioak lagatzearen emaitza.

Era berean, aukera merkatuan edo geroko finantza merkatuetan egindako eragiketen ondoriozko errentak ondare irabaziak edo galerak izango dira, salbu eta jarduera ekonomikoaren garapenean egindako eragiketen estalduraren xedeari erantzuten dietenean. Izan ere, kasu horretan, jarduera ekonomikoen ondoriozko etekinei begira ezarritako arauak kontuan izanda aitortuko dira. Tratamendu horixe bera ematen zaie izaera bera duten eta merkatu antolatuetan negoziatu ez diren kontratuen ondoriozko errentei.

Errenta horien guztien aldi baterako egozketari dagokionez, hauxe xedatu du PFEZ Foru Arauko 59. artikuluak:

"1. Oro har, eta foru arau honetan ezarritakoa eragotzi gabe, zergaren oinarrian sartu beharreko errentak eragiten dituzten sarrerak eta gastuak batzuk lortu eta besteak egin diren zergaldikoak izango dira, noiz ordaindu edo kobratu diren kontuan hartu gabe. Eta zehazki, honako irizpide hauek aplikatuko dira: (...) c) Ondare irabaziak eta galerak ondare aldaketa hori izan den zergaldiari egotziko zaizkio. (...)".

Diferentzien araberako kontratuetan, eguneroko likidazio bakoitzak konturako kargu edo ordainketa bat eragiten du, eta, ondorioz, eguneroko likidazio horiek zergadunaren ondarean aldaketak eragiten dituztela ulertu behar da. Hala, zergaldi bakoitzean sortutako irabazi eta galerak iraunaldi horretan zergapetu behar dira, berau amaitzean zergadunaren kontratu posizioa irekita edo itxita dagoen kontuan hartu gabe.

Bestalde, aukera eta gerokoen kontratuei dagokienez, Zuzendaritza Nagusi honen ustez horien ondoriozko ondare irabazi eta galerak zergapetuko dira horiek eskualdatu, ezeztatu, likidatu edo iraungitzen diren ekitaldian.

Hori guztia dela eta, kontsultagai diren kontratuen ondoriozko ondare irabazi eta galerak (bai diferentzien araberako kontratuetakoak, baina gerokoen kontratuetakoak) aurrezki errentaren parte dira, ondare elementuak eskualdatzearen ondoriozkoak direla ulertuta.

Horri dagokionez, hauxe dakar PFEZ Foru Arauaren 65 artikuluak:

"Aurrezpenaren errentatzat hartuko dira:

  • a. Foru arau honek 34. artikuluaren 1. paragrafoan aipatzen dituen etxebizitzetatik datozen kapital higiezinaren etekinak.
  • b. Foru arau honetako 36, 37 eta 38. artikuluetan jasotako kapital higikorraren etekinak. Hala ere, salbu arauz jasotzen diren kasuetan, foru arau honen 37. artikuluan eta 56. artikuluko hirugarren paragrafoan jasotako kapital higikorraren etekinak, zergadunari loturiko entitateetatik datozenean, Sozietateen gaineko Zergaren Foru Arauak 16. artikuluan emandako zentzuan, errenta orokorraren parte izango dira.
  • c. Ondare osagaien eskualdaketak direla-eta adierazten diren ondare irabaziak eta galerak".

Halaber, PFEZ Foru Arauko 45. artikuluak honela dio:

"Jarraikoak ez dira konputatuko ondare-galera gisa: (...)

  • f. Ondare-elementuak eskualdatzearen ondoriozkoak, eskualdatzaileak atzera eskuratzen baditu eskualdatu eta urtebete pasatu baino lehen. Ondare galera hori ondare elementua eskualdatzen denean integratuko da.
  • g. Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2004ko apirilaren 21ean finantza tresnen merkatuez emandako 2004/39/CE Zuzentarauan azaldutako bigarren mailako balore merkatu ofizialetako batean negoziatzeko onartutako balore edo partaidetzen eskualdaketen ondoriozkoak, baldin eta zergadunak balore homogeneoak eskuratu baditu eskualdaketa gertatu aurreko edo ondoko bi hiletan.
  • h. Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2004ko apirilaren 21ean finantza tresnen merkatuez emandako 2004/39/CE Zuzentarauan azaldutako bigarren mailako balore merkatu ofizialetan negoziatzeko onartu ez diren balore edo partaidetzen eskualdaketen ondoriozkoak, baldin eta zergadunak balore homogeneoak eskuratu baditu eskualdaketa gertatu aurreko edo ondoko urtean. Aurreko g) eta h) letretan ezarritako kasuetan ondare-galerak zergadunaren ondarean mantentzen diren baloreak edo partaidetzak eskualdatu ahala integratuko dira.

Horren harira, Balore Merkatua arautzen duen uztailaren 28ko 24/1988 Legeko 2. artikuluak honako dio:

"Lege honen eremuan sartzen dira honako finantza tresna hauek:

  1. Pertsona edo erakunde publiko edo pribatuek igorritako balio negoziagarriak eta igorpenetan sartuak. Balio negoziagarria izango da ondarezkoa den edozein eskubide, bere izena edozein izanda ere, baldin eta bere osaera juridikoaren eta eskualdaketa transmisioaren ondorioz finantza merkatuen trafiko orokortu eta inpertsonala jasan badezake. Edonola ere, balio negoziagarriak izango dira, Lege honen ondoreetarako:
    • a. Elkarteen akzioak eta akzioen pareko balio negoziagarriak, baita akzioen parteko balio edo ekintza eskuratzeko eskubidea ematen duten bestelako balio negoziagarriak, bihurketagatik edo ematen dituzten eskubideez baliatzeagatik. (...)
    • k. Legezko edo arauzko xedapenei balio negoziagarritzat jotzen dituzten bestelakoak.
  2. Aukera, geroko, truke eta eperako interes tasen akordioen kontratuak eta bestelako finantza tresnen kontratuak, balio, dibisa, interes tasa edo etekinekin lotuak, nahiz bestelako finantza tresnak, finantza indizeak eta finantza neurriak, gauzaz edo diruz likidatu daitezkeenak. (...) 7. Diferentzien araberako finantza kontratuak. (...)".

Ondorioz, gerokoak eta diferentzien araberako finantza kontratuak finantza tresnak dira juridikoki, baina ez baloreak, uztailaren 28ko 24/1988 Legearen 2. artikuluko 1. idatz-zatian xedatutako zentzuan. Horregatik, ezin zaie aplikatu PFEZ Foru Arauaren 45. artikuluko g) eta h) hizkietan xedatutakoa.

Azkenik, honako kontratuetan eskuratutako irabazi eta galeren konpentsazio posibleari dagokionez, PFEZ Foru Arauko 68. artikuluan xedatutakoa aplikatu behar da. Horren arabera:

  1. "Aurrezpenaren zerga-oinarria honako saldo hauek batuta lortzen den saldo positiboa da:

    a. Zergaldi bakoitzean, foru arau honen 65. artikuluko a) eta b) idatz-zatietan aipatzen diren etekinak euren artean soil-soilik integratuz eta konpentsatuz lortutako saldo positiboa. Paragrafo honen a) idatz-zatian aipatzen diren errentak integratu eta konpentsatu ondoren, emaitza saldo negatiboa bada, zenbateko hori a) idatz-zati honetan aipatzen diren etekinen saldo positiboarekin baino ezingo da konpentsatu, hain zuzen ere, ondorengo lau urteetan agerian jartzen direnekin. Letra honetan aipatzen den integrazioaren eta konpentsazioaren emaitza saldo negatiboa bada, zenbateko hori letra honetan aipatzen diren irabazi-galeretatik ondoko lau urteetan agerian jartzen direnen saldo positiboarekin soilik konpentsatu ahal ezingo da.

  2. Aurreko paragrafoan jasotako konpentsazioak ondorengo ekitaldietako bakoitzak baimentzen duen kopuru gehienekoan egingo dira eta, bide batez, aurreko paragrafoan aipatzen den lau urteko epearen barruan egin beharko da, ondorengo ekitaldietan errenta negatiboak bailiran jasoz. Zergadunak agiri bidez frogatu beharko du, hala badagokio zein ekitalditakoak diren eta zein zenbateko duten konpentsatu nahi dituen saldo negatiboak, sortu diren ekitaldia edozein dela ere".

Horrenbestez, kontsultagileak diferentzien araberako finantza kontratuetan edo gerokoetan sortutako irabazi eta galerak sartu eta elkarren artean konpentsatu ahalko ditu, horiek gauzatzen diren urtean. Sarrera eta konpentsazio horren emaitza positiboa bada, hala zergapetu beharko du. Bestalde, emaitza negatiboa bada, hurrengo lau urteetan eskuratzen duen ondare elementuen eskualdaketaren ondorioz irabazi eta galeren saldo positiboarekin soilik konpentsatu ahalko du. Konpentsazio hori hurrengo ekitaldietan ahalbidetzen den gehieneko kopuruan egin beharko da eta zergadunaren ardura izango da konpentsazioaren egokitasuna agiri bidez egiaztatzea.

Araua

Abenduaren 29ko 6/2006 Foru Arauko 42, 65 eta 68. artikuluak.


Oharra

Galdera/Erantzun honek ez du ondore loteslerik Bizkaiko Foru Ogasunarentzat; informazio hutsa besterik ez da.

Itzuli

 

e-mailez bidali