Zuzendaritzaren Jarraibidea Identifikazio zenbakia: 900004933
Abenduaren 5eko 13/2013 Foru Arauaren hogeita zortzigarren xedapen gehigarrian salbuespen batzuk ezarri dira arau bereko 66.1 artikuluan ezarritako erregela aplikatzeko (horren arabera hauxe da erregela orokorra: aurrezkiaren errentako kapital higigarriaren etekinak eta ondare-irabaziak eta ondare-galerak ezin dira beren artean integratu ez konpentsatu). Beraz, erregela orokorren arabera horien saldoak ezin dira beren artean integratu ez konpentsatu, ez errentak lortzen diren ekitaldian ez hurrengoetan. Konpentsazio hori kalifikazio bera daukaten errenten artean baino ezin da gauzatu.
Hala ere, hogeita zortzigarren xedapen gehigarriaren arabera abenduaren 5eko 13/2013 Foru Arauaren 66.1.a) artikuluan aipatzen den saldo negatiboaren zati bat, hain zuzen ere Euskadiko Kooperatibei buruzko ekainaren 24ko 11/2019 Legearen 60. artikuluaren 6. apartatuan aipatzen diren mendeko finantza ekarpenen bidez lortutakoa, lehentasuneko partaidetzen edo mendeko zorren ondoriozkoa, artikulu bereko b) letran ezarritakoaren araberako saldo positiboarekin (ondasunak edo eskubideak eskualdatuta lortutako errentak) integratu eta konpentsatu daiteke. Aukera berri hau etekin negatiboak gertatzen diren ekitaldian aplikatu daiteke (etekin negatiboak aurrezkiaren errentako ondare-irabaziak eta ondare-galerak euren artean integratu eta konpentsatzearen emaitzako saldo positiboarekin konpentsatu daitezke), bai eta hurrengo urteetan ere (aurreko urteetan kapital higigarriak sortutako etekinen ondoriozko saldo negatiboa dena delako aldian aurrezkiaren errentan izan diren ondare-irabaziak eta ondare-galerak euren artean integratu eta konpentsatzearen emaitzako saldo positiboarekin konpentsatu daiteke), abenduaren 5eko 13/2013 Foru Arauaren 66. artikuluan ezarritako epealdiaren barruan (4 urte).
Gainera, konpentsazio araubide malgu hau ondoko ondare-galera hauei ere aplikatu dakieke: lehentasuneko partaidetzak edo mendeko zorra berrerosi eta harpidetuta edo trukatuta edo mendeko finantza ekarpenak eginda jasotako baloreen eskualdaketak sortutako ondare-galerei. Beraz, balore horien besterentzeak sortzen duen saldo negatiboaren zati bat, abenduaren 5eko 13/2013 Foru Arauko 66.1.a) artikuluan aipatzen dena (hau da: eskualdaketaren ondorioz jasandako ondare-galeren zenbatekoa), aurrezkiaren oinarrian integratu beharreko kapitalaren etekin positiboekin konpentsatu daiteke.
Oharra
Galdera/Erantzun honek ez du ondore loteslerik Bizkaiko Foru Ogasunarentzat; informazio hutsa besterik ez da.