www.bizkaia.eus/guregida

Ohiko galderak Identifikazio zenbakia: 900004853

Zer kasutan gertatzen da subjektu pasiboaren inbertsioa obra-burutzapenetan?



Subjektu pasiboaren inbertsioa (SPI) BEZaren arau orokorraren salbuespena da; horren arabera eroslea da subjektu pasiboa eta, beraz, berak ordaindu behar du BEZaren karga “autojasanarazpena” deritzonaren bidez.

Subjektu pasiboaren inbertsioa gertatzen da obrak egiten direnean, materialak ekarrita zein ekarri gabe, eta obrak egiteko langileak lagatzen direnean sustatzailearen eta kontratistaren artean zuzenean formalizatutako kontratuen ondorioz, baldin eta obraren xedea lurrak urbanizatzea edo eraikinak eraikitzea edo birgaitzea bada.

Eragiketaren hartzailea kontratista nagusia edo beste azpikontratistaren bat denean ere aplikatzen da, aurreko baldintzekin.

Gertatuz gero, hartzaileak ondoko inguruabar hauek jakinarazi behar dizkie kontratista nagusiei, berariaz eta modu sinesgarrian:

  • Eragiketa horretan enpresaburu edo profesional gisa ari dela.
  • Eragiketa lurrak urbanizatzeko edo eraikina eraikitzeko edo birgaitzeko prozesu baten barruan egiten ari dela.

Gainera, eragiketa baten hartzailea aldi berean kontratista nagusia bada, azpikontratistei berariaz eta modu sinesgarrian jakinarazi behar die eragiketa lurrak urbanizatzeko edo eraikina eraikitzeko edo birgaitzeko prozesu baten barruan egiten ari dela.

Adibidea

Etxebizitza eta merkataritza-lokalen eraikin baten sustapena. Sustatzaileak eraikitzaile bati eman dio eraikuntza-lanak egiteko agindua, eta azken honek iturgin bati azpikontratatu dizkio iturgintza-lanak. Obra honetan egindako lanengatik, iturginak BEZ gabeko faktura bat egin beharko dio eraikitzaileari. Eta eraikitzaileak bere buruari jasanaraziko dio BEZa, eta, aldi berean, kenkaria egingo du; beraz, bere aitorpenaren emaitza «neutroa» izango da.

Eraikitzaileak BEZ gabeko faktura bat egingo dio sustatzaileari, eta honek bere buruari jasanaraziko dio BEZa. Eraikina etxebizitzak eta lokalak saltzeko eta merkataritza-lokalak alokatzeko erabiltzen bada, bere buruari jasanarazitako BEZa kendu egingo du; beraz, eragiketaren emaitza «neutroa» izango da kasu honetan ere. Eraikina etxebizitzak alokatzeko erabiltzen bada, aldiz, ezin izango du kendu bere buruari jasanarazitako BEZa, eta, beraz, Foru Ogasunean sartu beharko da.

Loturak

Oharra

Galdera/Erantzun honek ez du ondore loteslerik Bizkaiko Foru Ogasunarentzat; informazio hutsa besterik ez da.

Itzuli

 

e-mailez bidali