www.bizkaia.eus/guregida

Ohiko galderak Identifikazio zenbakia: 900004547

Atzerriko enpresa batek Bizkaiko egoiliar bat kontratatu du eta pertsona hori atzerrira bizitzera lekualdatu da, baina ez du zerga egoitza lortu bizi eta lan egiten ari den herrialdean.(183 egun baino gutxiago bizi da atzerrian). Tributazioa, zerga onurak, kenkariak, gastuak…



Non ordaindu behar ditu zergak?

Bizkaiko egoiliarra denez gero, Bizkaian ordaindu behar izango ditu zergak bere errenta mundiala dela eta. Hori hala izango da, betiere nazioarteko hitzarmenek ezarpen bikoitza saihesteko ezarritakoari kalterik egin gabe; izan ere, hitzarmenean definituko dira errenta motak eta ezarriko da zelan ordaindu behar diren zergak kasu bakoitzean.

Atzerriko lanengatiko salbuespena aplikatu ahal izango du edo soberakinen erregimena?

Atzerriko enpresa batek kontratatua izan den kasu zehatz honetan atzerriko lanengatiko salbuespena hautatu ahal izango du, baldin eta Bizkaiko PFEZri buruzko 13/2013 Foru Arauak eta haren garapen xedapenek ezarritako beharkizunak betetzen badira.

Soberakinen erregimenari dagokionez, esan beharra dago hori ez dela aplikagarria, beharkizunetariko batek ezartzen duelako enpresak langilea atzerrira lekualdatu behar duela, eta hori ez da planteatutako kasua.

Lan etekinen gastu kengarri gisa onar daiteke atzerriko herrialdearen gizarte babesaren erregimenari egin beharreko nahitaezko kontribuzioa?

Bai. Aintzakotzat hartu beharra dago PFEZri buruzko arautegiak gastu kengarriaren tratamendua ematen diela Gizarte Segurantzaren kotizazioei, betiere organismo jasotzailearen naziotasunari buruzko inolako bereizketarik egin gabe.

Eta atzerriko herrialdeko sindikatu bati ordaintzen badio?

Bai. PFEZri buruzko arautegiak ez du inolako bereizketarik ez desberdintasunik ezartzen langileen sindikatuen naziotasunari dagokionez. Horrenbestez, kengarria izango da zergaren kuotan.

Pertsona batek etxebizitzaren alokairuagatik kendu ahal izango du atzerrian alokatuko duena?

Bizkaiko egoiliar fiskala izanez gero, atzerrian alokaturiko etxebizitzagatik kendu ahal izango du; izan ere, kenkariaren betekizunen artean ez da ezartzen etxebizitzak Bizkaiko Lurralde Historikoan kokaturik egon behar duenik ezinbestean.

1. adibidea: Bizkaiko egoiliarra Frantzian egoitza izatera igaro da 2020ko azaroan eta 2021ean Frantzian eskuratzen du egoitza fiskala. Bilbon erositako ohiko etxebizitza bat dauka.

Etxebizitza horregatiko kenkariak egin ahal izango ditu Bizkaian okupatzen duen bitartean.

2. adibidea: Bizkaiko egoiliarra Alemanian bi hilabetez bizi izan da lan arrazoiak direla eta. Bilbon erositako ohiko etxebizitza bat dauka eta bertan familia bizi da.

Etxebizitza horregatiko kenkariak egin ahal izango ditu urte osoan, Alemanian emandako denbora tartea aldi baterako absentziatzat hartzen delako. Atzerrian alokatutako etxebizitza bat badauka, ez da bateragarria izango alokairugatiko kenkaria ohiko etxebizitza erosteagatiko kenkariarekin.


Oharra

Galdera/Erantzun honek ez du ondore loteslerik Bizkaiko Foru Ogasunarentzat; informazio hutsa besterik ez da.

Itzuli

 

e-mailez bidali