www.bizkaia.eus/guregida

Ohiko galderak Identifikazio zenbakia: 900004339

Bidegabeko kaleratzeagatik jasotzen den kalte-ordainaren salbuespenak badauka mugarik EEE)? Eta lan-harremana azkentzea adosten denean jasotzen den kopuruak?



Kaleratzeak, EEEak, administrazio publikoen plan estrategikoak.
  • Salbuetsitako kontzeptuak:
    • Langileak kaleratzeagatik edo lana utzarazteagatik jasotzen duen kalte-ordaina, hain zuzen ere Langileen Estatutuan ezarritako nahitaezko zenbatekoa.

      Kaleratze kolektiboa gertatzen denean Langileen Estatutuko 51. artikuluaren arabera, edo kontratuak azkentzen direnean estatutu horretako 52. artikuluko c) letran azaldutako arrazoietako batengatik, Zergaren kargatik salbuetsita dago bidegabeko kaleratzeagatik jasotzen den kalte-ordainerako Langileen Estatutuan ezarritako nahitaezko kopurua gainditzen ez duen kalte-ordainaren zatia; ezinbestekoa da kaleratze kolektiboa edo eta kontratu-azkentzea arrazoi ekonomikoengatik, teknikoengatik, antolaketakoengatik edo ekoizpenekoengatik gertatzea, edo ezinbestean.

    • Ordezpen-kontratu baten babesean lan-harremana deuseztatu eta lan-jarduera behar baino lehenago uzteagatik langileek jasotzen dituzten kopuruak.
    • Administrazio publikoek Langileen Estatutuko 51. artikuluan ezarritako arrazoietako bat oinarritzat hartuta giza baliabideen arloan egiten dituzten plan estrategikoak (kaleratze kolektibotzat hartzen dira).Jasotako zenbatekoak salbuetsita daude, gertaera eragilea 2021/03/31 baino lehenagokoa bada. Geroagokoa bada, lotuta dago, eta ez salbuetsita.
      • Salbuetsitako kalte-ordainaren zenbatekoa ezin da izan 180.000 euro baino gehiago.
        • Kalte-ordainaren zenbatekoa hortik gorakoa bada edo kalte-ordaina kapital modura jaso bada, bi aukera daude: 2 urte baino aldi luzeagoan sortu bada, kopuruaren %60 integratu behar da zerga-oinarrian; 5 urte baino aldi luzeagoan sortu bada, %50 integratu behar da.

          %100etik beherako integrazio-ehunekoa aplikatu ahal bada, gehienez ere 300.000 euroko zenbatekoari aplikatuko zaio urtean. Hortik gorako zenbatekoa osorik (%100) integratuko da.

        • Kalte-ordaina errenta modura jaso bada, osorik (%100) integratuko da.
Lan-harremana ados jarrita azkentzea

Lan-harremana azkentzea adosten denean, langileak jasotzen duen kopuruak ez dauka salbuespenik. Kalte-ordaina errenta modura jasoz gero, osorik (%100) integratuko da; kapital modura jasoz gero, modu nabarmen irregularrean lortutako lanaren etekintzat joko da eta %50 integratuko da. %100etik beherako integrazio-ehunekoa aplikatu ahal bada, gehienez ere 300.000 euroko zenbatekoari aplikatuko zaio urtean. Hortik gorako zenbatekoa osorik (%100) integratuko da.

Ordezpen-kontratuak edo erretiro aurreratuagatiko sariak

Kasu hauetan enpresak ez du kaleratzen langilea, ez dira biak ados jartzen lan-harremana azkentzeko, eta administrazio publiko batek ez du abian jartzen giza baliabideen plan estrategikoa; aitzitik, hauen xedea langileari erretiro partziala hartzeko edo sasoi baino lehen erretiratzeko pizgarriak ematea da.

Kasu hauetako haborokinak ez daude salbuetsita.

Errenta modura jasoz gero, osorik (%100) integratuko da; kapital modura jasoz gero, lanaren etekin irregulartzat joko da eta %50 edo %60 integratuko da, kasuan kasukoa jasotako kopurua sortutako urteen arabera (saria edo haborokina erretiro arrunterako falta diren urteen arabera kalkulatu ohi da, baina kasu batzuetan enpresan lan egindako urteen arabera kalkulatzen da).

%100etik beherako integrazio-ehunekoa aplikatu ahal bada, gehienez ere 300.000 euroko zenbatekoari aplikatuko zaio urtean. Hortik gorako zenbatekoa osorik (%100) integratuko da.

13/2013 Foru Araua, abenduaren 5ekoa, PFEZi buruzkoa, 9.5 eta 19. artikuluak.

Informazio gehiago


Oharra

Galdera/Erantzun honek ez du ondore loteslerik Bizkaiko Foru Ogasunarentzat; informazio hutsa besterik ez da.

Itzuli

 

e-mailez bidali