www.bizkaia.eus/guregida

Ohiko galderak Identifikazio zenbakia: 900003533

2025ko ekitaldiko sozietateen gaineko zergaren lege-berritasun nagusiak



2025eko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako ekitaldietarako sozietateen gaineko zergaren araudian egin beharreko aldaketak, batez ere, Bizkaiko Lurralde Historikoko zerga-sistemaren berrikuspen fiskalerako neurriak onartzen dituen apirilaren 9ko 2/2025 Foru Arauaren bidez sartu ziren. Foru Arauak aldaketak sartzen ditu zerga-sisteman, Bizkaiko Lurralde Historikoak datozen urteetan aurre egin beharreko zenbait erronkari aurre egiteko:

- Biztanleriaren zahartzea.
- Jarduera ekonomikoak eta lehiakortasun-oinarriak eraldatzea, jarduera berriak sortuz eta trantsizio energetiko-klimatikoak, teknologiko digitalak eta soziodemografikoak planteatzen dituzten sinergiak aprobetxatuz.
- Industriaren energia-eraginkortasuna eta deskarbonizazio-prozesua hobetzea.
- Pertsonen ahalduntzea, inklusioa eta kohesioa bermatzea, arreta berezia jarrita gazteengan eta zaurgarritasun-egoeran dauden pertsonengan.

Sozietateen gaineko Zergari buruzko Foru Arauaren kasu zehatzean, honako arlo hauetan jarduten da:

- Familia, berdintasuna, kontziliazioa, emakumea eta gazteria:

o Norberaren bizitza, familia eta lana uztartzeko neurrien ezarpena sustatzeko kenkari bat sartzen da.
o Kenkari berri bat gehitu da 36 urtetik beherako emakumeen enplegua sortzeagatik.

- Etxebizitza:

o Higiezinen errentamenduan aritzen diren ondare-sozietateen tributazioa aldatzen da, etxebizitzen errentamenduaren tratamendua hobetuz Bizigune programaren esparruan, edo errentak erreferentzia-indizeetara edo bitartekaritza publikoko prezioetara egokitzen direnean.


- Enpleguko gizarte-aurreikuspena:

o Bizitza aktiboan zehar aurrezkia sustatzeko helburuarekin, erretiroaren ondorengo bizi-baldintzei laguntzeko, erantzunkidetasunaren eta enplegatzailearen baterako protagonismoaren bidez, negoziazio kolektiboan itundutako enpleguko aurreikuspen-planetarako enpresa-ekarpenekin lotutako bi kenkari sartzen dira.
- Fiskalitate berdea:

o Enpresaren jarduera-eremuan erabiltzen diren turismo-ibilgailu ez-kutsagarrien tratamendu fiskala hobetzen da.
o I+G kenkariaren ehunekoak handitzen dira garapen jasangarriari, ingurumen-inpaktuaren murrizketari, trantsizio energetikoari eta ekonomia zirkularrari lotutako proiektuetarako.
o Garapen jasangarria, ingurumen-inpaktuaren murrizketa, trantsizio energetikoa eta ekonomia zirkularra sustatzen duten proiektuei lotutako inbertsio eta gastuengatiko kenkaria bera berregituratu da.
o Langileak lekualdatzeko hiriko bizikletetan eta haiek aparkatzeko instalazioetan egindako inbertsioengatiko kenkari bat sartzen da.
- Produkzio-sarea babestea eta bultzatzea:

o Mikroenpresen eta enpresa txikien tratamendu fiskala hobetzen da, zerga-oinarri negatiboen konpentsaziorako muga ezabatuz.
o Ondare-sozietateei aplikatzen zaien karga-eskala berrikusten da.
o Mikroenpresatzat edo enpresa txikitzat hartzen ez diren sozietateen gutxieneko tributazio-ehunekoak handitzen dira, eta igoera mugatzen da enplegatutako plantilla mantentzen edo handitzen denean edo inbertsio jakin batzuk egiten direnean.


Bestalde, abenduaren 12ko 6/2025 Foru Arauaren bidez, zerga osagarri bat ezartzen da talde multinazionalentzako eta tamaina handiko talde nazionalentzako gutxieneko zergapetze-maila globala bermatzeko, eta sozietateen gaineko zergari buruzko foru-araua eta pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari buruzko foru-araua aldatzen dira. Arau horren bidez, kenkari bat sartzen da garapen jasangarria, ingurumen-inpaktuaren murrizketa, trantsizio energetikoa eta ekonomia zirkularra sustatzen dituzten proiektuetan parte hartzeagatik.

Azkenik, foru-arau berean, kreditu fiskalen aplikazioa malgutzen duten neurriak sartzen dira:


- Kreditu fiskal horiek aplikatzeko mugak ondoz ondoko bost zergaldiko blokeen arabera kuantifikatzea baimentzen da.
- Kenkariak aplikatzean kuota likidoaren gaineko mugak ez agortzea baimentzen da, nahiz eta horiek aplikatzeko ordenari eutsi behar zaion.

Loturak

Oharra

Galdera/Erantzun honek ez du ondore loteslerik Bizkaiko Foru Ogasunarentzat; informazio hutsa besterik ez da.

Itzuli

 

e-mailez bidali