www.bizkaia.eus/guregida

Ohiko galderak Identifikazio zenbakia: 900003533

2023ko ekitaldiko sozietateen gaineko zergaren lege-berritasun nagusiak



Ekitaldia: 2023

2023ko ekitaldiko Sozietateen gaineko Zergaren araudien berritasunen jatorria, batez ere, kultura sustatzeko pizgarri fiskalak eguneratzen eta zabaltzen dituen azaroaren 23ko 9/2022 Foru Araua da.

Arau horren bidez, Sozietateen gaineko Zergari buruzko Foru Arauaren 66quater artikulua sartzen da. Bertan, arau horren beraren 15. xedapen gehigarrian jasotakoak ordezten dituzten onura fiskalak arautzen dira, ikus-entzunezko lanen produkzioetan egindako inbertsioei eta gastuei aplikatu beharreko kenkari-ehunekoak handituz, eta etekinak arte eszenikoen eta musikalen zuzeneko ikuskizunak ekoiztera eta erakustera ere hedatuz. Era berean, inbertsio eta gastu mota horiek are gehiago bultzatzeko asmoz, inbertsio eta gastu horien kuota likidoaren gaineko kenkariaren muga % 35etik % 50era igoko da, zergaren foru-arauaren 59. artikuluan ezarritako gutxieneko tributazioaren mugetatik kanpo utzita.

Aldi berean, 9/2022 Foru Arau beraren bidez, kenkari berri bat sartu da, 66quinquies artikulu berriaren bidez, aurreko paragrafoan aipatutako kenkariak izateko eskubidea sortzeko baldintzak betetzen dituzten zergadunek arte eszenikoen eta musikalen ikus-entzunezko lanak eta zuzeneko ikuskizunak finantzatzeagatik.

Bestalde, Bizkaiko Lurralde Historikoaren Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 28ko 10/2022 Foru Arauak apirilaren 5eko 2/2002 Foru Dekretu Arauemailearen bidez 2022ko ekitaldirako mikroenpresek aplikatu beharreko zerga-konpentsazioari dagokion % 15eko portzentajea luzatzen du 2023an hasitako lehen ekitaldira.

Eta, azkenik, abenduaren 13ko 6/2021 Foru Arauan mikroenpresa, enpresa txiki eta ertainen kasuan Batuz sistemak dituen betebeharrak borondatez betetzeari lotutako konpentsazio berezia arau horretan aurreikusitako modu berean mantentzen da, eta Sozietateen gaineko Zergari buruzko Foru Arauaren 26. xedapen iragankorrean eta abenduaren 14ko 158/2021 Foru Dekretuan jasota geratzen da.

Ekitaldia: 2022

2022ko ekitaldirako Sozietateen gaineko Zergari buruzko arau-berritasun esanguratsuenak abenduaren 13ko 6/2021 Foru Arauan eta uztailaren 20ko 8/2022 Foru Arauan daude jasota.

Beste aldaketa batzuen artean, 6/2021 Foru Arauaren bidez konpentsazio berezi bat sartzen da, Batuz sistemak mikroenpresentzat, enpresa txikientzat eta enpresa ertainentzat dituen betebeharrak borondatez betetzeari lotua dagoena. Konpentsazio hau zerga-oinarri positiboa ehunekotan murriztean datza. Konpentsazioaren ehuneko zehatza betebeharrak borondatez betetzen hasten den dataren arabera zehazten da, eta murrizketa-ehuneko handiagoa aplikatzen zaie Batuz sistemari lotutako betetze hori arinago hasten duten zergadunei. Konpentsazio hau Sozietateen gaineko Zergari buruzko 11/2013 Foru Arauaren 26. xedapen iragankorrean, aipatutako 6/2021 Foru Arauak sartua, eta abenduaren 14ko 158/2021 Foru Dekretuan jasotzen da.

6/2021 Foru Arauaren bidez, era berean, kenkari berriak sartzen dira sortu berri diren, berritzaileak diren edo zilarrezko ekonomiari lotuta dauden mikroenpresetan eta ETEetan egindako inbertsioengatik (SZFAren 66bis artikulua), eta zilarrezko ekonomiaren eta zainketen sektoreko prestakuntzarako gastuengatik (SZFAren 66ter artikulua).

Kenkariekin jarraituz, nabarmentzekoa da enplegu egonkorra sortzeagatiko kenkariaren erregulazioaren aldaketa, 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako zergaldietan aplikatzekoa. Horrela, zergaldian kontratatzen den pertsona bakoitzeko, lan-kontratu mugagabearekin eta kontratazioaren unean indarrean dagoen lanbide arteko gutxieneko soldata ehuneko 70 gehituta baino handiagoa den soldatarekin, urteko soldata gordinaren ehuneko 25 izango da kengarria. Kenkari honen muga kontratazioaren unean indarrean zegoen lanbide arteko gutxieneko soldataren % 50 izango da. Hala ere, kenkarirako eskubidea sortzen duen kontratatua lan-merkatuan sartzeko zailtasun berezia duen talderen batean badago, kenkaria urteko soldata gordinaren ehuneko 50ekoa izango da, eta muga kontratazioaren unean indarrean dagoen lanbide arteko gutxieneko soldata. Era berean, Sozietateen gaineko Zergaren Erregelamenduan, artikuluaren 2. atalean, zenbait kolektibo zehazten dira eta horietan betetzat jotzen da lan-merkatuan sartzeko zailtasun bereziaren baldintza arestian aipatutako kenkari areagotua aplikatu ahal izateko.

Beste alde batetik, 8/2022 Foru Arauaren bidez beste arau-aldaketa batzuk egin dira, eta horien artean emaitza aplikatzearen arloko zuzenketei lotutako onura fiskalen gehikuntza azpimarratu behar da. Kasu batzuetan zerga-onura horien ehunekoak eta mugak handitzen dira, eta beste batzuetan horien denbora-mugak malgutu.

Gainera, ingurumenaren hobekuntzarekin lotutako proiektuak bultzatzeko eta klima-aldaketa iraultzeko, % 35etik % 50era igo da garapen jasangarria, ingurumena kontserbatzea eta hobetzea eta energia-iturriak modu eraginkorragoan aprobetxatzea bideratzen duten proiektuei lotutako inbertsio eta gastuengatiko kenkarien kuota likidoaren gaineko kenkariaren muga (SZFAren 65. artikulua).

Era berean, araubide iragankorra sartzen da lurralde erkideko araudia aplikatuta tributatzen zuten kapital aldakorreko inbertsio-sozietate jakin batzuen Bizkaiko araudiari lotutako bazkideentzat, desegitea erabakitzen badute eta lurralde erkideko araudian jasotako baldintzetan berrinbertitzeko konpromisoa hartzen badute (SZFAren 28. xedapen iragankorra).

Apirilaren 5eko 2/2002 Foru Dekretu Arauemailearen bidez % 10etik % 15era igo zen mikroenpresek 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako lehen ekitaldian aplikatu beharreko zerga-konpentsazioa (SZFAren 32.4. artikulua).

Azkenik, 2022ko ekitaldian eragina galduko dute 2021eko ekitaldian aplikatu ziren ezohiko neurri batzuek. Zehatzago esanda, honako hauek dira: jarduera ekonomikoa garatzeko erabiltzen diren lokalen errentamenduen errentak jaisteari buruzko doikuntza, 4/2021 FDAren 3. artikuluan jasotakoa; jarduera ekonomikoei berriro ekiteko ezohiko kenkaria, hau ere 4/2021 FDAn jasota dagoena, eta mikroenpresetan eta ETEetan inbertitzeagatiko ezohiko kenkaria, 4/2020 FDAn araututa dagoena.

Loturak

Oharra

Galdera/Erantzun honek ez du ondore loteslerik Bizkaiko Foru Ogasunarentzat; informazio hutsa besterik ez da.

Itzuli

 

e-mailez bidali