www.bizkaia.eus/guregida

Ohiko galderak Identifikazio zenbakia: 900003533

2024ko ekitaldiko sozietateen gaineko zergaren lege-berritasun nagusiak



Ekitaldia: 2024

2024ko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako ekitaldietarako Sozietateen gaineko Zergaren araudian egindako aldaketak abenduaren 27ko 4/2004 Foru Arauaren bidez sartu ziren. Aldaketa horien artean, honako hauek nabarmendu behar dira:

Aitorpenarekin edo autolikidazioarekin baliatu behar diren aukeren araubidea malgutzea; horrela, borondatezko aitorpen-epea amaitu ondoren egindako aukera alda daiteke, betiere Zerga Administrazioak aldez aurretik errekerimendurik egin ez badu, eta borondatezko aitorpen-epea amaitu ondoren aldatu ezin diren aukera jakin batzuetarako dagoen muga ezabatuko da.

Higiezinen errentamendurako, sustapenerako eta salerosketarako jarduera ekonomikoaren kalifikazioa berrikustea, urteko batez besteko plantillaren betekizuna jarduera horien eta merkatuaren errealitatera egokituz, enplegatuen kopurua bostetik hirura murriztuz.

Ondare-sozietatearen kontzeptua berriz konfiguratzea, benetako ondare-izaera duten kasuetan aplikatzen dela bermatzeko, bai eta aplikazioan segurtasun juridikoa areagotzeko ere. Aldaketa horrek eragina du, batez ere, erakunde operatiboen gerora sortutako ondaretasuna saihesteko arauaren aplikazioan, bai eta jarduera ekonomikoak egitetik datorren "in itinere" diruzaintza bezalako elementuak jarduera ekonomikoei atxikitzat kalifikatzean ere.

I+G+B proiektuen finantzaketan parte hartzeagatiko kenkaria aldatzea, baita kulturarekin lotutako jarduera jakin batzuengatiko kenkaria ere. Ildo horretan, beharrezkoa zen araudian ezarritako egutegiak egokitzea, finantzaketa-kontratuak formalizatu behar diren aldien artean hobeto egokitzeko, bai eta ordainketak ere, fiskalki pizgarritutako finantzaketa lor dezaketen jardueren garapenaren eta gauzatzearen errealitatearekin. Halaber, kenkari horien aplikazioa aldatzen da, gutxieneko tributazio-arautik kanpo uzteko eta aplikatzen diren kuota likidoaren gaineko mugak handitzeko.

Foru Arau berean jasotako beste aldaketa aipagarri batzuek honako hauei eragiten diete: merkataritza-funtsari dagozkion doikuntzen itzulketari, dibidenduen eta zorro-gainbalioen zergapetze bikoitza kentzeari, edo Administrazioak onartutako aurretiazko balorazio-akordioen ondorioak hedatzeari.

Bestalde, azaroaren 22ko 8/2023 Foru Arauak, Batuz sistemaren behin betiko ezarpena antolatzeko neurriak onartzen dituenak, 2024. eta 2025. urteei dagozkien zergaldietan aplikatu beharreko konpentsazioaren zergadunak, baldintzak eta zenbatekoa arautzen ditu.

 
 

Ekitaldia: 2023

2023ko ekitaldiko Sozietateen gaineko Zergaren araudien berritasunen jatorria, batez ere, kultura sustatzeko pizgarri fiskalak eguneratzen eta zabaltzen dituen azaroaren 23ko 9/2022 Foru Araua da.

Arau horren bidez, Sozietateen gaineko Zergari buruzko Foru Arauaren 66quater artikulua sartzen da. Bertan, arau horren beraren 15. xedapen gehigarrian jasotakoak ordezten dituzten onura fiskalak arautzen dira, ikus-entzunezko lanen produkzioetan egindako inbertsioei eta gastuei aplikatu beharreko kenkari-ehunekoak handituz, eta etekinak arte eszenikoen eta musikalen zuzeneko ikuskizunak ekoiztera eta erakustera ere hedatuz. Era berean, inbertsio eta gastu mota horiek are gehiago bultzatzeko asmoz, inbertsio eta gastu horien kuota likidoaren gaineko kenkariaren muga % 35etik % 50era igoko da, zergaren foru-arauaren 59. artikuluan ezarritako gutxieneko tributazioaren mugetatik kanpo utzita.

Aldi berean, 9/2022 Foru Arau beraren bidez, kenkari berri bat sartu da, 66quinquies artikulu berriaren bidez, aurreko paragrafoan aipatutako kenkariak izateko eskubidea sortzeko baldintzak betetzen dituzten zergadunek arte eszenikoen eta musikalen ikus-entzunezko lanak eta zuzeneko ikuskizunak finantzatzeagatik.

Bestalde, Bizkaiko Lurralde Historikoaren Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 28ko 10/2022 Foru Arauak apirilaren 5eko 2/2002 Foru Dekretu Arauemailearen bidez 2022ko ekitaldirako mikroenpresek aplikatu beharreko zerga-konpentsazioari dagokion % 15eko portzentajea luzatzen du 2023an hasitako lehen ekitaldira.

Eta, azkenik, abenduaren 13ko 6/2021 Foru Arauan mikroenpresa, enpresa txiki eta ertainen kasuan Batuz sistemak dituen betebeharrak borondatez betetzeari lotutako konpentsazio berezia arau horretan aurreikusitako modu berean mantentzen da, eta Sozietateen gaineko Zergari buruzko Foru Arauaren 26. xedapen iragankorrean eta abenduaren 14ko 158/2021 Foru Dekretuan jasota geratzen da.

 
Loturak

Oharra

Galdera/Erantzun honek ez du ondore loteslerik Bizkaiko Foru Ogasunarentzat; informazio hutsa besterik ez da.

Itzuli

 

e-mailez bidali