saltatu edukira

Aldundiaren Logoa
 
 

Hemen zaude:

Gure Gida

Informazioa


www.bizkaia.eus/guregida

Ohiko galderak Identifikazio zenbakia: 900003533

Zein dira Sozietateen gaineko Zergaren arau-berrikuntzak 2019ko ekitaldian?

Bizkaiko Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza Sailak 2019ko ekitaldiari dagokion Sozietateen gaineko Zergaren autolikidazioa egiteko garatu duen laguntza-programak zenbait aldaketa izango ditu, martxoaren 21eko 2/2018 Foru Arauan, apirilaren 28ko 3/2020 Foru Dekretu Arauemailean eta maiatzaren 5eko 4/2020 Foru Dekretu Arauemailean jasotako zerga-arloko berritasunen ondorioz, bai eta irabazteko asmorik gabeko entitateen eta mezenasgorako zerga-pizgarrien zerga-araubideari buruzko martxoaren 20ko 4/2019 Foru Araua indarrean jartzearen ondorioz ere.

2/2018 Foru Arauak zergaren tasa orokorrak apurka-apurka murrizteari ekin zion, eta enpresa ertain eta handien kasuan, karga-tasa ehuneko 28tik ehuneko 26ra igaro zen 2018an, eta ehuneko 24ra 2019an. Mikro eta enpresa txikien kasuan, zerga-tasa aplikagarria % 24tik % 22ra igo zen 2018an, eta % 20koa izango da 2019an.
Hori dela eta, gutxieneko kuotaren ehunekoak ere apurka-apurka igo dira, besteak beste, tasa orokorren arabera tributatzen duten erakundeen portzentajeak: 2019ko ekitaldian, enpresa handi eta ertainentzat %17ra igaro dira, eta enpresa txiki eta mikroenpresentzat %15era.
Foru-arau horretan, tamainak eragiten dituen zailtasunen zerga-konpentsazioa murriztu zen (mikroenpresei dagokien zergari buruzko arauaren 32. artikuluko 4. apartatuan): zerga-oinarri positiboaren % 15, 2018ko ekitaldian, eta % 10 berriz, 2019ko ekitalditik aurrera.

Ekitaldi honetako kanpainan ezarri den berritasuna da aparteko kenkaria aplikatu daitekeela, COVID-19aren ondoriozko krisiak sortutako egoera ekonomiko berezia dela eta. Izan ere, enpresek jarduera ekonomikoari eusteko eta hura berreskuratzeko behar dituzten baliabideak lortu behar dituzte. Egoera arintzeko mekanismo gisa, maiatzaren 5eko 4/2020 Foru Dekretu Arauemailearen lehenengo artikuluaren Bat paragrafoak aparteko kenkari bat ezartzen du 2019ko ekitaldiko Sozietateen gaineko Zergaren aitorpenean aplikatzeko. Kenkari horri esker, beren jardueran edo etekinetan garrantzizko murrizketa bat izan dutela egiaztatzen duten zergadunek zerga horren kuota efektiboaren 100eko 60ra arteko zenbateko bat izango dute, helburu hauetarako: 2020an gertatzen den zerga-oinarri negatiboa konpentsatzeko; aktibo berri ez-korronteetan inbertsioak egiteko; I+G+b proiektuak egiteko edo beste zergadun batzuek egindakoak finantzatzeko —Sozietateen gaineko Zergari buruzko Foru Arauaren 64 bis artikuluak ezarritakoarekin bat—; enplegua sortzeko, edo, azkenik, ekintzailetza sustatzeko mikroenpresetan edo enpresa txiki eta ertainetan.
Kenkari hori soilik aplikatuko zaie Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 5eko 11/2013 Foru Arauaren 13.4 artikuluan xedatutakoaren arabera ustiapen ekonomikoa duten sozietateei, baldin eta ondarezkoak ez badira, 2019an kontabilitate-emaitza positiboa badute eta zergak zerga-baterakuntzaren araubidean ordaintzen ez badituzte. Gainera, egiaztatu beharko dute jarduera eta emaitzak gutxitu zaizkiela, araudiak jasotzen dituen parametro batzuen barruan, eta konpromisoa hartu beharko dute 2020an eta 2021ean mozkinak ez banatzeko. Programak zenbait datu eskatuko ditu, bai eta mozkinik ez banatzeko konpromisoa sinatzeko ere, kenkari hori aplikatu ahal izateko.
Irabazteko asmorik gabeko entitateen eta mezenasgorako zerga-pizgarrien zerga-araubideari buruzko martxoaren 20ko 4/2019 Foru Araua indarrean jartzearen ondorioz, irabazi-asmorik gabeko erakundeei eta Bizkaiko Lurralde Historikoan lehentasunezkotzat jotzen diren jarduerei eginiko dohaintza eta ekarpenengatiko kenkariak aldatu ziren, eta, hurrenez hurren, beren zenbatekoaren % 30 eta % 45 izango dira 2019ko ekitalditik aurrera. Beste kenkari bat ere sortu zen, % 15ekoa, Bizkaiko Foru Aldundiak onartzen dituen eta ohiz kanpoko interes publikoa duten gertaerei laguntza emateko programak betetzeko egiten diren gastu eta inbertsioei dagokiena, arauaren 43. artikuluaren arabera. Aldi berean, dohaintza eta ekarpen horiek jada ez dira gastu kengarritzat jotzen.

Kanpaina honetako beste berritasunetako bat apirilaren 28ko 3/2020 Foru Dekretu Arauemailearen 3. artikuluko Sei apartatuan ezarritakoaren ondorio da. Haren bidez, tributuen arloko zenbait aldaketa onesten dira, eta, horiei esker, araubide berezien menpe ez dauden enpresa txikiek eta ertainek zergaren autolikidazioa aurkezteko epea luzatu ahal izango dute, baldin eta zenbait betekizun betetzen badituzte. Betekizun horietako bat da urteko kontuak dagokien zergaldia amaitu eta 6 hilabete igaro ondorengo epe batean onetsi izana, COVID-19aren eragin ekonomikoari eta sozialari aurre egiteko aparteko presazko neurriei buruzko martxoaren 17ko 8/2020 Errege Lege-dekretuaren 40. artikuluan xedatutakoa aplikatuz. Hori dela eta, ekitaldi honetako programan, jasota utzi behar da aurkeztutako ekitaldiko urteko kontuen onarpen data, edo, bestela, oraindik onartu ez direla adierazi, aurkezpena borondatezko epean egiten den egiaztatzeko.

Era berean, aipatutako errege lege-dekretuan xedatutakoari heldu eta urteko kontuak dagokien zergaldia amaitu ondorengo 6 hilabeteko epea igaro ondoren onartu dituzten zergadunek, ez dutelarik baliatu 3/2020 FDAko luzapena, aukera izango dute, ekainaren 16ko 7/2020 FDAren bigarren artikuluaren bidez, une horretan eskura dituzten urteko kontuen autolikidazioa egiteko, nahiz eta autolikidazioaren borondatezko epea amaitzean dagokion organoak ez izan onartuta. Eta, dagokion organoak azkenean onartutako urteko kontuen arabera atera behar den zergaren autolikidazioa eta lehenago aurkeztutakoa desberdinak badira, beste aitorpen bat aurkeztu beharko dute, behin betiko zifrekin. Horretarako, azaroaren 25era arte izango dute epea. Aitorpen berri horren emaitza, ordaintzekoa izan zein itzultzekoa, desberdina bada, osagarria izango da, 2. artikuluan bigarren letran jasotzen diren berezitasunekin.
Azkenik, bat etorrita ondasun-emateak eta zerbitzu-prestazioak dokumentatzen dituzten erregistroen trazabilitatea eta bortxaezintasuna bermatzen dituen sistema informatiko bat ezartzeko planarekin, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza elektronikoaren bidez eragiketa ekonomikoen erregistro-liburu bat egiteko betebeharra betetzen bada, aldi baterako zerga-pizgarri bat ezartzea aurreikusita dago, BATUZ proiektura egokitzeak dakarren kostua murrizteko. Foru-arau horren 122 bis artikuluan ezarritako betekizunak betetzen dituen sistema informatiko bat erabiltzera behartuta dauden zergadunek 2020an sistema hori ezartzeko egindako inbertsioen eta gastuen zenbatekoaren % 30eko kenkaria aplikatzeko eskubidea izango dute kuota osoan, Sozietateen gaineko Zergari buruzko 11/2013 FDaren 25. xedapen iragankorrean ezarritako zehaztapen eta mugekin. Programan aurreikusita dago kenkari hori aplikatzea, baina 2020an egindako gastu eta inbertsioetarako baino ez da onartuko.

Loturak

Informazio gehiago


Oharra

Galdera/Erantzun honek ez du ondore loteslerik Bizkaiko Foru Ogasunarentzat; informazio hutsa besterik ez da.

Itzuli

 

e-mailez bidali