www.bizkaia.eus/guregida
Ohiko galderak Identifikazio zenbakia: 900003007
Zein higiezin sabuestuta daude OHZn?
4/2016 FORU ARAUA, maiatzaren 18koa, Ondasun Higiezinen gaineko Zergari Buruzkoa
3. artikulua. Salbuespenak.
- Jarraiko higiezinak daude salbuetsita:
- Estatuaren, Euskal Autonomia Erkidegoaren, Bizkaiko Lurralde Historikoaren edo bertako toki-erakundeen jabetzakoak direnak, baldin eta zuzen-zuzenean afektatuta badaude nazio-defentsari, herritarren segurtasunari eta hezkuntza zein espetxe-zerbitzuei.
- Auzo-ondasunak eta amankomuneko auzo-mendiak.
- Erregelamenduz ezarritako hazkunde moteleko espezieekin landatutako mendien azalera, baldin eta haien aprobetxamendu nagusia egurra edo kortxoa bada, betiere arbolen dentsitatea espezie bakoitzaren kasuan berezkoa edo normala dena bada.
- Eliza Katolikoaren higiezinak, Espainiako estatuak eta Egoitza Santuak 1979ko urtarrilaren 3an sinatutako Gai Ekonomikoei buruzko Akordioan ezarritakoaren arabera.
- Elkarte konfesional ez-katolikoen higiezinak, baldin eta elkarteok legez aintzatetsita badaude, Estatuak halako elkarteekin sinatutako lankidetza-akordioetan ezarritakoaren arabera -akordio horiek Espainiako Konstituzioaren 16. artikuluan aipaturikoak dira-.
- Espainiako Gurutze Gorriaren higiezinak eta erregelamenduz zehazten diren antzeko beste erakunde batzuenak.
- Euskal Herriko Unibertsitatearen higiezinak.
- Atzerriko gobernuen higiezinak, haien ordezkari diplomatikoek edo kontsulatuetakoek edo haien erakunde ofizialek erabiltzeko direnean, baldin eta elkarrekikotasuna badago edo egoera hori indarrean dauden nazioarteko hitzarmenekin bat badator.
- Indarrean dauden nazioarteko hitzarmenak direla bide salbuespena aplikatu behar zaien organismo edo erakundeen higiezinak.
- Trenbideek atzemandako lurrak eta lur horietan dauden eraikinak, baldin eta geltokiak edo biltegiak badira edo lineak ustiatzeko ezinbestekoa den zerbitzuren baterako behar badira. Honenbestez, ez daude salbuetsita ostalaritzako, ikuskizunetako, merkataritzako eta aisialdirako establezimenduak, ez eta enplegatuak bizitzeko diren etxeak, zuzendaritza-bulegoak eta fabrika-instalazioak ere.
- Udalei kontraprestaziorik gabe lagatako ondasun higiezinak, ondasunok dauden udalei lagatakoak badira.
- Halaber, aurretik hala eskatuta, salbuetsita egongo dira hauek:
- Euskal Kultur Ondareari buruzko 1990eko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 2. artikuluko 2. zenbakiko a) letran adierazitakoaren arabera monumentu diren ondasun higiezinak. Inbentariatutako ondasuntzat jotzen diren ondasun kulturalak ere salbuetsita egongo dira, baldin eta 1990eko uztailaren 3ko 7/1990 Legean ezarritako betekizunak betetzen badituzte.
- Hezkuntza-itunen araubidean dauden ikastetxe pribatuak, harik eta ikastetxe itundu izaera hori galdu arte.
- Gizarte-jarduerak egiteko baino ez diren ondasun higiezinak, baldin eta delako salbuespen hori kasu bakoitzean dagokion udalak erabaki badu eta kontuan hartuta, betiere, zer ezartzen den Irabazizkoak ez diren erakundeen zerga-araubideari eta mezenasgoari emandako zerga-pizgarriei buruzko 2004ko otsailaren 24ko 1/2004 Foru Arauan.
- Ordenantza fiskaletan osasun-zentro publikoen titulartasuneko ondasunetarako hobaria arautu daiteke, baldin eta ondasunok zuzenean afektatuta badaude zentroen helburu zehatzak betetzeari. Salbuespen honen inguruko gainerako alderdiak —funtsezkoak zein formazkoak— ordenantza fiskalean ezarriko dira.
- Udalek, zerga-bilketaren kudeaketa eraginkorragoa eta merkeagoa izan dadin, erabaki dezakete salbuetsita uztea ordenantza fiskalaren bidez ezarritako kopurua gainditzen ez duen kuota likidoa duten ondasun higiezinak; hori dela eta, landa-ondasun higiezinei dagokienez kontuan hartu ahal izango da foru arau honen 12. artikuluko 4. zenbakian ezarritakoa aplikatuz sortzen den kuota taldekatua.
Udalen ordenantza fiskalek ez badute ezartzen aurreko paragrafoan aipatutako zenbatekoa, zenbateko hori sei euro izango da.
Loturak
Oharra
Galdera/Erantzun honek ez du ondore loteslerik Bizkaiko Foru Ogasunarentzat; informazio hutsa besterik ez da.
Itzuli