www.bizkaia.eus/guregida

Ohiko galderak Identifikazio zenbakia: 900002899

2011-02-16ko kontsulta. Zergaduna bananduta dago 2010eko otsailaren 10az gero bere gizon ohiarengandik; harekin ezkonduta egon zen irabazpidezko araubidean. Senar-emazte bien izenean dago biok oraindik ere titularrak direneko etxebizitza zergapetzen duen hipoteka mailegua, baina gaur egun emazteak egiten dio aurre maileguari dagozkion kuoten 100eko 100i. Gainera, berari esleitu zaio ezkontideen helbidearen erabilera. Ez behin-behineko neurrien autoan, ez dibortzioaren epaian, ez da ezarri ezer maileguaren ordainketari buruz. Jakin gura du ohiko etxebizitzan inbertitzearen ziozko kenkaria aplika dezakeen berak bakarrik ordaintzen duen maileguaren guztizko zenbatekoaren gainean.



Ohiko etxebizitzan inbertitzearen ziozko kenkaria aplika dezake kasuan kasuko higiezinaren gaineko jabetza osoa osorik edo zati batez eskuratzen duenak, betiere PFEZko araudian horretarako ezarritako gainerako baldintzak betetzen badira. Bereziki, betiere kasuan kasuko higiezina ohiko etxebizitza bada jabe horrentzat.

Baldin eta, emandako datuetatik ondoriozta daitekeenez, galdeturiko higiezinaren %50aren jabea bada kontsultagilea, inbertsioaren gaineko kenkaria aplika dezake titularitatearen portzentaje horri dagokion zatian (betiere, esana dugun moduan, horretarako exijitzen diren gainerako beharkizunak betetzen baditu, jakina).

Inoren kapitala erabiltzen bada inbertsioak finantzatzeko, kenkaria aplikatzea aukeratu dezakete zergadunek, ez higiezinari dagokion zenbatekoa ordaintzean, baizik eta eskaturiko maileguaren printzipala amortizatu ahala. Hala denean, era berean, zio berarengatik ordaintzen dituen interesen eta gainerako finantza gastuen gaineko kenkaria aplika dezake.

Eginiko galderan, agerliarrarena eta senar ohiarena da etxebizitza, erdibana (100eko 50ean). Gainera, erosketa finantzatzeko eskaturiko maileguan, biak agertzen dira mailegari gisa, zati berdinetan. Hori dela-eta, printzipioz, amortizazioari eta maileguaren interesei dagozkien diru-kopuruen erdian baizik ezin aplika dezake kontsultagileak ohiko etxebizitzan inbertitzearen ziozko kenkaria (betiere, Zergaren araudian exijituriko gainerako baldintzak betetzen baditu, jakina).

Ondorio horietarako, ezin uler daiteke maileguaren beste 100eko 50ari dagozkion diru-kopuruak agerliarraren ohiko etxebizitza eskuratzeko erabiltzea, zeren eta diru-kopuru horiek ordaintzeak senar ohiarekiko kreditu eskubidea baizik ez baitio ematen (azkenean kreditu eskubide hori kitatzeari kalterik egin gabe, higiezinaren titularitatearen portzentajerik handiena eskuratuta).


Oharra

Galdera/Erantzun honek ez du ondore loteslerik Bizkaiko Foru Ogasunarentzat; informazio hutsa besterik ez da.

Itzuli

 

e-mailez bidali