www.bizkaia.eus/guregida
Ohiko galderak Identifikazio zenbakia: 900001129
Zelan eskuratzen da ondasun higiezinen jabetza?
Kode Zibilaren 609. artikuluak ondorengo hau ezartzen du: Jabetza eskuratzen da okupazioaren bidez. Ondasunen gaineko jabetza eta beste eskubide errealak eskuratu eta eskualdatzen dira legearen bidez, dohaintzaren bidez, testamentuzko nahiz testamenturik gabeko oinordetzaren bidez eta, zenbait kontraturen ondorioz, tradizio bidez. Haiek eskura daitezke, orobat, preskripzioaren bidez
.
1. Okupazioa
Okupazioaren bitartez jaberik ez duten ondasunak eskuratzen dira, adibidez ehiza edo arrantza daitezkeen animaliak, altxor ezkutuak eta bertan behera utzitako gauza higigarriak.
2. Dohaintza
Egintza honen bitartez pertsona batek (dohaintza emailea) beste bati (dohaintza hartzailea) ondasun edo eskubide bat ematen dio trukean ezer ere jaso barik.
Baldintzak
- Dohaintza baliozkoa izan dadin, dohaintza hartzaileak onartu behar du; onarpen hori dohaintza eskrituran azal daiteke edo beste batean eta beti egin behar da dohaintza emailea bizirik dagoen bitartean.
- Gainera, ondasun higiezinen dohaintza bada, hori beti azaldu behar izango da eskritura publikoan.
3. Oinordetza testamentuarekin edo testamenturik gabe
Bizkaian bi dira oinordetza arautzen duten legezko testuak, betiere eragilearen auzotasuna kontuan hartuz zentzen den momentuan:
- Kode Zibila: kode honen xedapenen bidez aforaturik ez dauden bizkaitarrak eraentzen dira; gainera, bizkaitarrek izanik, testamentu komisarioa eta mankomunatua egin dezakete.
Kode Zibilak ondokoetan eraentzen du: Balmaseda, Bermeo, Durango, Ermua, Gernika-Lumo, Lanestosa, Lekeitio, Markina-Xemein, Ondarroa, Otxandio, Portugalete eta Plentzian, Urduñan eta Bilbon.
- Euskal Autonomia Erkidegoko Zuzenbide Zibilari buruzko Legea: lege honen arabera eraentzen dira bizkaitar aforatuen testamentu xedapenak.
4. Zenbait kontratu tradizioaren bidez (salerosketa)
Kode Zibilak tituluaren eta moduaren teoriari jarraitzen dio eta horrek berekin dakar titulu balioduna nahikoa ez izatea eskualdaketa egin dela ulertzeko; izan ere, horrez gain, saldutako gauzaren tradizioa edo ematea egon behar da. Eman dela ulertzen da eroslearen esku eta jabetzan jartzen denean.
Legezko presuntzioa (KZren 1462.2 artikulua): Salmenta eskritura publikoaren bidez egiten denean, baliokideak izango dira eskritura egitea eta kontratuaren objektu den gauza ematea, baldin eta eskritura horrek aurkakoa erakutsi edo ondorioztatzen ez badu argi eta garbi.
Bizkaiko Foru Auzitegi Ekonomiko Administratiboak zenbait ebazpenetan xedatu du ondare eskualdaketen gaineko zergaren zerga egitatea ez dela kontratuak amaitzea edo sinatzea, baizik eta ondasun bat ondare batetik beste batera igarotzea; beraz, eskualdaketarik ez badago, ez dago zerga egitaterik. Kode Zibilaren 609 eta 1095. artikuluek ezarritakoarekin bat etorriz, eskualdaketa dagoen ala ez zehazteak berekin dakar ez bakarrik titulua (kontratua), baizik eta modua (tradizioa), hau da, ez bakarrik ituna, baizik eta ematea ere.
Salerosketak dokumentu pribatuetan: hirugarren baten aurrean noiz sorrarazten ditu eraginak kontratu pribatu batek?
- Kontratu pribatuei dagokienez, Kode Zibilaren 1227. artikulua aplikatu beharra dago; artikulu horrek honako hauxe ezartzen du: Agiri pribatuaren data hirugarrenei begira zenbatuko da, agiria erregistro publiko batera erantsi edo bertan inskribatu den egunetik; agiria sinatzen duten pertsonetatik edozein hiltzen denetik; edo, agiria funtzionario publikoari eman bazaio horrek duen ogibidearengatik, agiria funtzionario horri zein egunetan eman eta egun horretatik.
- Aurreko artikuluan ezarritako kasuetan, titulurako data zehatza daukagu eta hori ez dator bat agiriaren datarekin, baizik eta zendutakoen hiltze datarekin, erregistro batean inskribatzeko datarekin edo funtzionario publiko bati eman zaion datarekin; alabaina, ez daukagu edukiaren edo entregaren berririk, bertan legezko presuntziorik ez dagoelako, eskritura publikoekin gertatzen denaz bestaldera.
- Dokumentu pribatuen preskripzio ondorioetarako, ezarrita dago (FAren 66. artikulua) pribatuen data aurkezten diren egunekoa dela, baldin eta Kode Zibilaren 1227. artikuluan ezarritako zirkunstantzietariko bat gertatzen ez bada; kasu horretan data horretatik aurrera zenbatuko da.
5. Preskripzio eskuratzailea
- Preskripzioaren bidez eskubide errealen jabaria eskuratzen da denbora tarte batean, betiere legeak ezarritako baldintzen pean.
- Ondasun higiezinen gaineko jabaria eta gainerako eskubide errealak preskribatzen dira hamar urtetan presenteen artean eta hogei urtetan absenteen artean fede onarekin eta titulu zilegiarekin.
- Hogeita hamar urtetan izandako jabetza ez-etenagatik ere preskribatzen dira, titulurik eta fede onik gabe eta presente eta absenteen artean bereizi gabe.
- Jabetza edo eskubide errealak eskuratzeko modu hori ebazpen judizialaren bidez eman ohi da.
6. Enkantea
Salmenta publikoa; halakoetan ondasun higigarria edo higiezina eskaintzarik onena egiten duenari ematen zaio.
Oharra
Galdera/Erantzun honek ez du ondore loteslerik Bizkaiko Foru Ogasunarentzat; informazio hutsa besterik ez da.
Itzuli