www.bizkaia.eus/guregida

Ohiko galderak Identifikazio zenbakia: 900001021

Zeintzuk dira atxikipenak edo konturako sarrerak egiteko betebeharraren salbuespenak?



Honako errenta hauek ez daude atxikipenak eta konturako sarrerak egin beharrari loturik:

  1. Salbuetsitako errentak, Zergari buruzko Foru Arauko 9. artikuluko 25. zenbakian ezartzen dena izan ezik, eta joan-etorrietarako gastuetarako eta ohiko mantenu eta egonaldi gastuetarako dietak eta kopuruak, kargapean ez daudenak.
  2. Espainiako Bankuak jaulkitako baloreen etekinak, baldin eta diru-merkatuko esku hartzea arautzeko tresna badira, eta Altxorreko Letren etekinak.

    Hala ere, kreditu-etxeek eta gainerako finantza-erakundeek beren bezeroekin Altxorraren letren gaineko eragiketetan oinarritutako kontuen kontratuak egiten badituzte, kreditu-etxe eta gainerako finantza-erakundeok atxikipena egin beharko dute kontu horien titularrek lortutako etekinak direla eta.

  3. Obligazioak akzio bihurtzeagatiko primak.
  4. Egoitza Espainian duten finantza-establezimenduek eta kreditu-etxeen atzerriko establezimendu iraunkorrek ordaindutako atzerriko kontuen etekinak.
  5. Entitateak banatzen dituen dibidenduak eta mozkin partaidetzak, baldin eta horiek sortu diren zergaldietan entitate banatzaileak ondare-sozietateen araubidean ordaindu baditu zergak.
  6. Etekin esplizituko finantza-aktiboen eskualdaketa edo itzulketatik datozen etekinak, honako betekizun hauek betetzen badituzte:
    1. Kontuko oharpenen bitartez adierazita egotea.
    2. Espainiako bigarren mailako balore-merkatu ofizial batean negoziatzea.

    Finantza-aktibo horien eskualdaketan, amortizazioan edo itzulketan esku hartzen duten finantza-erakundeek balorearen titularrari egotzi ahal zaion etekina kalkulatu beharko dute, eta horren berri jakinarazi beharko diete bai titularrari bai Zerga Administrazioari. Administrazio horri, orobat, lehen aipatutako eragiketetan esku hartzen duten pertsonei dagozkien datuak eman beharko dizkiote.

    Ogasun eta Finantzen foru diputatuak idatz-zati honetan araupetutako atxikipenak egiteko betebeharraren salbuespena benetan egiteko prozedura ezarri ahalko du. f) idatz-zati honetan aipatutakoa gorabehera, kreditu-etxeek eta gainerako finantza-erakundeek beren bezeroekin aurreko baloreen gaineko eragiketetan oinarritutako kontuen kontratuak egiten badituzte, kreditu-etxe eta gainerako finantza-erakundeok atxikipena egin beharko dute kontu horien titularrek lortutako etekinak direla eta.

    Era berean, kupoia mugaeguneratu aurre-aurreko 30 egunetan egindako finantza-aktiboen eskualdaketetan kupoi korrituaren baliokidea den prezioaren zatia ere atxikipenaren menpe geratuko da, honako betekizun hauek betez gero:

    • Eskuratzailea egoitza Espainiako lurraldean ez duen pertsona edo entitatea izatea edo Sozietateen gaineko Zergaren subjektu pasiboa izatea.
    • Eskualdatutako baloreen ondoriozko etekin esplizituak eskuratzaileari begira atxiki beharretik salbuetsita egotea.
  7. Euskal Autonomia Erkidegoan jokoa arautzeko azaroaren 8ko 4/1991 Legean eta zorizko, eskaintzazko eta apustuzko jokoen zehapen-, administrazio- eta zerga-alderdiak araupetu zituen otsailaren 25eko 16/1977 Errege Lege-Dekretuan ezarritakoaren babesean antolatutako jokoen ondorioz ematen diren sariak eta 300 euroko edo kopuru horretatik beherako atxikipen-oinarria dutenak.
  8. Hiri higiezinen errentamendutik edo azpierrentamendutik datozen etekinak, honelakorik gertatuz gero:
    • Etxebizitza enpresek beren enplegatuentzat alokatzen duenean.
    • Errentariak errentatzaileari ordaindutako errentak urteko 900 euro baino gehiago ez direnean.
    • Errentatzailearen jarduera apirilaren 30eko 1/1991 Foru Dekretu Arauemaileak, Ekonomi Jardueren gaineko Zergako Tarifak onartzen dituenak, jasotako tarifen lehen atalaren 861 taldeko epigrafeetako batean sailkatuta dagoenean, edota, bestela, hiri ondasun higiezinak errentan edo azpierrentan emateko ahalbidetzen duen beste edozein epigraferen arabera tributatu beharra izanik, errentan edo azpierrentan ematen diren ondasun higiezinen katastroko balioari 861 taldeko epigrafeetan ezarritako kuota kalkulatzeko arauak aplikatuz zero kuota ateratzen ez denean.
  9. Akzio edo partaidetzen jaulkipen prima banatzearen ondoriozko etekinak eta kapitala ekarpenak itzuliz murriztearen ondoriozkoak, etekin horiek banatu ez diren mozkinen ondoriozkoak direnean izan ezik, Zergari buruzko Foru Arauko 43. artikuluko 2. paragrafoko a) idatz-zatian xedatzen denaren arabera.
  10. Enpresek borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeetan, pentsio planetan, enpresako gizarte-aurreikuspeneko planetan edo gizarte-aurreikuspeneko mutualitateetan egindako ekarpenak, araudi honetan ezarritakoaren arabera.
  11. Talde inbertsioko erakundeen partaidetza edo akzioak itzuli edo eskualdatuta lortutako ondare irabaziak, baldin eta, Zergaren Araudiari buruzko Foru Arauko 50. artikuluan ezarritakoaren arabera, konputatu behar ez badira, eta Talde Inbertsioko Erakundeei buruzko azaroaren 4ko 35/2003 Legearen Araudiko 49. artikuluan araupetutako funtsen eta sozietateen partaidetzak edo akzioak itzulita edo eskualdatuta lortutakoak (araudi hori azaroaren 4ko 1309/2005 Errege Dekretuak onetsi zuen).
  12. Sozietateen gaineko Zergari buruzko ekainaren 26ko 3/1996 Foru Arauko 16. artikuluko 8. idatz-zatian eta Sozietateen gaineko Zergaren Araudia onetsi duen ekainaren 10eko 81/1997 Foru Dekretuko 8. artikuluan xedatutakoa aplikatuta agerian jartzen diren errentak.
  13. Higiezinen merkatuko inbertsioetako sozietate anonimo kotizatuen araubidea aplikatzea hautatzen duten sozietateek banatzen dituzten dibidenduak.
Loturak

Oharra

Galdera/Erantzun honek ez du ondore loteslerik Bizkaiko Foru Ogasunarentzat; informazio hutsa besterik ez da.

Itzuli

 

e-mailez bidali