www.bizkaia.eus/guregida

Ohiko galderak Identifikazio zenbakia: 900001014

Non eta zer araudiren arabera ordaindu behar dira kapital higigarriaren etekinen gaineko atxikipenak?



A) Aplikatu beharreko arauak:

Atxikipenak edo konturako sarrerak egin behar dituzten pertsonek eta entitateek 47/2014 Foru Dekretuaren, PFEZri buruzko Araudia onetsi duena, VII. Tituluaren xedapenak aplikatuko dituzte, baldin eta atxikipenak eta konturako sarrerak Bizkaiko Foru Aldundian ordaindu beharrekoak badira.

Nolanahi ere, entitate ordaintzaileari Sozietateen gaineko Zergari buruzko Bizkaiko Lurralde Historikoko zerga-arautegia aplikatu behar bazaio, orduan, esandako Tituluan xedatzen dena aplikatu behar zaie etekin gainean egiten diren honako atxikipen eta konturako ordainketa hauei: Administrazio kontseiluetako eta haien ordezko batzordeetako eta beste ordezkaritza organo batzuetako administratzaileek eta kideek jasotzen dituzten ordainsariak; eta denetariko erakundeen funtsetako partaidetzei esker lortzen diren etekinak, eta obligazioen eta antzeko tituluen korrituak eta gainerako kontraprestazioak.

Aurreko paragrafoan ezarritakoa gorabehera, autolikidazioak aurkezteko leku, era eta epeari buruzko arauak autolikidaziook ordainarazteko eskumena duen administrazioak ezarritakoak izango dira.

B) Ordaintzeko lekua:

Honako etekin hauek direla-eta egiten diren atxikipenak edo konturako sarrerak Bizkaiko Foru Aldundian ordaindu behar dira:

  • Edozein entitateren fondo propioetan parte hartzeagatik lortutako etekinak, bai eta obligazio eta antzeko tituluetako interesak zein bestelako kontraprestazioak ere, etekin horiek ordaintzen dituzten entitateek Sozietateen gaineko Zerga Bizkaian bakarrik ordaintzen dutenean.

    Entitateak Bizkaian exijitzen den Sozietateen gaineko Zergaren subjektu pasiboak badira eta zerga hori eragiketa bolumenaren arabera exijitzen bazaie, Bizkaiari dagozkion atxikipenak bolumen horren proportzioan egingo dira. Horretarako, Sozietateen gaineko Zergarako azken autolikidazioan adierazitako proportzio bera aplikatuko da.

  • Bizkaiko Foru Aldundiak, udalek eta Bizkaiko Lurralde Historikoko lurralde-administrazio eta erakunde-administrazioko gainerako izakiek jaulkitako zor eta jesapenetako interesak eta bestelako kontraprestazioak, edozein tokitan ordainduta ere.
  • Banku, aurrezki-kutxa, kreditu-kooperatiba eta antzeko entitateetako eragiketa pasiboetako interesak eta gainerako kontraprestazioak, bai eta beste edozein kreditu-etxetan edo finantza-etxetan egindakoetatik lortutakoak ere, baldin eta etekinaren hartzaileak Bizkaian badu ohiko bizilekua edo zerga-egoitza.
  • Kapitalizazio-eragiketetatik eta bizitza edo elbarritasun aseguruen kontratuetatik lortutako etekinak, baldin eta horien onuradunak, edo aseguru-hartzaileak, erreskatea denean, Bizkaian badu ohiko bizilekua edo zerga-egoitza.
  • Kapital-ezarpenetik datozen biziarteko errentak eta aldi baterako beste errenta batzuk, onuradunak Bizkaian baldin badu ohiko bizilekua edo zerga-egoitza.
  • Jabetza intelektualetik lortutako etekinak, hartzailea egilea ez bada; eta industri jabetzatik eta laguntza teknikoa ematetik lortutakoak, berriz, beti, etekin horiek ordaintzen dituen pertsonak edo entitateak Bizkaian baldin badu zerga-egoitza.
  • Ondasun, eskubide, negozio, meatze eta antzekoak alokatzetik datozenak, Bizkaian baldin badaude.
  • Higiezin baten gaineko hipotekarekin bermatutako maileguen korrituak, bermatzen den ondasuna Bizkaian badago.

Hipotekatutako ondasunak Bizkaian eta lurralde erkidean badaude, edo Bizkaian eta beste lurralde historiko batean, Bizkaiko Foru Aldundiak, atxikipena eskatzeko, hipotekatutako ondasunen balioaren proportzioan hainbanatuko ditu korrituak; salbuespena: berme-asignazio berezia badago, kopuru hori izango da hainbanaketaren oinarria.

  • Higiezin baten gaineko hipotekarekin edo eskualdaketarik gabeko bahiarekin bermatutako maileguen korrituak, bermea Bizkaian inskribatuta badago.
  • Mailegu soilen korrituak, salerosketan geroratutako prezioak eta kapitalak ezarrita lortutako beste etekin batzuk, baldin eta establezimendua Bizkaian badago edo atxikipena egin behar duen erakundearen edo pertsonaren ohiko etxebizitza edo zergaegoitza Bizkaian badago.
Loturak

Oharra

Galdera/Erantzun honek ez du ondore loteslerik Bizkaiko Foru Ogasunarentzat; informazio hutsa besterik ez da.

Itzuli

 

e-mailez bidali