www.bizkaia.eus/guregida

Ohiko galderak Identifikazio zenbakia: 900000263

Pertsona batzuek Sondikako udalerrian dagoen higiezin bat lortu nahi dute, euren ohiko etxebizitza izateko. Higiezin hori dagoen zonan, agian, hirigintza-prozedura bat hasiko da, eta, horren ondorioz, lortu nahi den etxebizitza hori duen eraikina, beharbada, eraitsi egingo da. Eraispen hori konpentsatzeko, eraikin berri bat emango diete zona horrexetan. Hauxe jakin nahi dute: 1) Higiezin hori eskuratu eta hiru urte igaro baino lehen utzi behar badute (lehen azaldutakogatik), ea etxebizitza horrek ohiko etxebizitza izaera galduko lukeen. 2) Ea lehenengo etxebizitzarako eskaturiko mailegua mantenduz gero ohiko etxebizitza eskuratzearen ziozko kenkaria jasotzen jarraitu ahal izango duten, kontuan hartuta mailegu hori trukaketan lorturiko etxebizitza berria ordaintzeko izango litzatekeela.



Etxebizitza bat ohiko etxebizitza izateko, ezinbestekoa da bertan 3 urte jarraian bizitzea, baldin eta etxebizitza aldatzea eragiten duen gauzaren bat gertatzen ez bada, interesatuak zer nahi duen edo zer komeni zaion aintzat hartu barik. Planteaturiko kasuan, eraikina derrigorrez eraitsi behar izatearen ondorioz utzi behar izan zuten etxebizitza, eta hori etxebizitza aldatzea eragiten duen gertaeratzat har daiteke, baldin eta eraikina eraistea aldez aurretik aurreikusita ez badago eta etxebizitza eskuratzeko orduan jakina ez bazen.

Azaldutako eragiketak (eskuratu nahi duten higiezina zona bereko etxebizitza eraiki berri batekin trukatzea) ondare aldaketa eragingo luke eskuratzaileentzat (irabazia edo galera). Aldaketa hori, berriz, eskualdaturiko higiezinaren eskuratze-balio gaurkotuaren eta honako bi hauen arteko handienaren arteko kenduraz kalkulatuko litzateke:

  • emandako ondasunak merkatuan duen balioa.
  • horren ordez jaso den ondasunak edo eskubideak merkatuan duen balioa.

Hala eta guztiz ere, eragiketa sinatu denetik (balioespenaren adierazpena) etxebizitza eman arte urtebetetik gorako aldia igaroz gero, epekako eragiketa edo prezio geroratua duen eragiketa dela ulertuko litzateke. Horrenbestez, zergadunek aukera izango dute sortutako errenta trukaketa-kontratuaren urtean edo etxebizitza berria emateko urtean egozteko.

Horri guztiari dagokionez, ohiko etxebizitza eskualdatzearen ondorioz sorturiko irabazia zergapetzetik kanpo gera daiteke, gehienez 2 urteko epean, Zergaren araudian ezarritako baldintzetan. Salmenta epeka edo geroraturiko prezioz egiten denean, berrinbertsioa garaiz egiten dela ulertzen da, baldin eta epeen zenbatekoa adierazitako helburua bideratzen bada, jasotzeko zerga-aldiaren barruan. Kontsultaturiko kasuan, jasotzen den higiezinak merkatuan duen balioa emandako etxeak merkatuan duen balioaren berdina edo handiagoa denez, ematen den etxebizitza ohikoa bada, lehenengo paragrafoan adierazitakoaren arabera, eta etxebizitza berria ere ohikoa izango bada, eragiketaren eraginezko irabazia zergapetzetik kanpo gera daiteke.

Planteaturiko bigarren gaiari dagokionez, ohiko etxebizitza lortzeko zenbatekoak norberaren edo besteen baliabideekin ordaindu ahal dira. Besteen finantziazioa erabiltzen denez, kenkari-eskubidea eskaturiko mailegua amortizatu ahala erabil daiteke. Horrela, planteaturiko kasuan kontuan hartu behar da ohiko etxebizitzan inbertitzearen ziozko kenkariaren oinarria, eraispenaren ondorioz jasoko den higiezinari dagokionez, modu independentean kalkulatu beharko dela, eraitsi beharreko etxebizitza eskuratzeari dagokion oinarria edozein izanik ere, ohiko etxebizitzaren ziozko zerga-kredituaren mugak errespetatuz; hala ere, trukaketa denez (diruzko kontraprestaziorik ez duen eragiketa), onargarria izango litzateke lehenengo etxebizitza erosteko eskaturiko maileguak eragiketan kontraprestazioz jasotako higiezina finantzatzeko baliozkoa izatea, eta azken hori lortzearen ziozko kenkaria bestea amortizatu ahala egin ahal izatea.

Loturak

Oharra

Galdera/Erantzun honek ez du ondore loteslerik Bizkaiko Foru Ogasunarentzat; informazio hutsa besterik ez da.

Itzuli

 

e-mailez bidali