www.bizkaia.eus/guregida

Ohiko galderak Identifikazio zenbakia: 900000012

Zer ziurtagiri erantsi behar zaizkio sozietateen gaineko zerga aitorpenari?



Ekitaldi bakoitzean, zergaren autolikidaziorako 200 eta 220 ereduak onartu eta telematikoki aurkezteko prozedura arautzen duen Foru Aginduko dokumentazioari dagokion artikulura bidali beharko dira.

2023ko ekitaldirako, dagokion Foru Aginduaren 4. artikuluak ezartzen du aitorpenarekin honako dokumentu hauek baino ez direla aurkeztu behar:

  • a) Erakundearen administrazio kontseiluko edo kontseilu artezkariko idazkariaren ziurtagiria, honako hau egiaztatzeko: aitortutako ekitaldia itxi denean erakundearen kapitalean %5eko zuzeneko partaidetza edo handiagoa izan duten pertsona fisiko eta erakunde guztiak agertzen direla aitortzailearen bazkideen/partaideen zerrendan. Edo, bigarren mailako merkatu antolatu batean kotizatzen duten baloreen kasuan, %1ekoa edo handiagoa duten guztiak agertzen direla. Kapital Sozietateei buruzko Legea eta Euskadiko Kooperatiben Legea aplikatu behar ez duten erakundeek ez dute ziurtagiri hori aurkeztu behar. Halaber, ez da ziurtagiri hori aurkeztu behar sozietatearen kapitalaren %95 baino gehiago duten titularrak adierazten badira, edo, bigarren mailako merkatu antolatu batean kotizatzen duten baloreen kasuan, %99 baino gehiago dutenak adierazten badira.
  • b) Aurkeztutako autolikidazioan zerga-oinarria murrizten bada Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 5eko 11/2013 Foru Arauaren 24. artikuluan xedatutakoa aplikatzearen ondorioz —merkataritza-funts finantzarioa—, Sozietateen gaineko Zergari buruzko Erregelamenduaren 8. artikuluan adierazitako informazioa aurkeztu beharko da; erregelamendu hori abenduaren 23ko 203/2013 Foru Dekretuaren bidez onartu zen.
  • c) Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 5eko 11/2013 Foru Arauaren 36. artikuluan aipatzen den berrinbertsioaren ondoriozko salbuespena erabiltzen duten inbertsioak frogatzen dituzten fakturen kopiak.
  • d) Bizkaiko Foru Aldundiaren abenduaren 23ko 203/2013 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Sozietateen gaineko Zergari buruzko Erregelamenduaren 41. artikuluaren 2. zenbakian xedatutakoaren arabera errentak egozteko araubideko erakundeak emandako ziurtagiria.
  • e) Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 5eko 11/2013 Foru Arauaren 53. artikuluan aipatzen den ekintzailetza sustatzeko eta ekoizpen-jarduera sendotzeko erreserba berezia gauzatzeko egindako inbertsioak frogatzen dituzten fakturen kopiak, eta faktura horien zerrenda, non adieraziko baitira nor den hornitzailea, kontzeptua, zenbatekoa eta haietako bakoitza zer kontabilitate-partidatan kontabilizatu den.
  • f) Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 5eko 11/2013 Foru Arauaren 60 bis artikuluan portu-agintarientzat ezarritako kenkaria aplikatzen duten inbertsio eta gastuak frogatzen dituzten fakturen zerrenda, faktura bakoitzak datu hauek zehaztuta dituela: hornitzailea, kontzeptua, zenbatekoa eta bakoitzari dagokion kontabilitateko partida.
  • g) Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 5eko 11/2013 Foru Arauaren 61. artikuluan ezarritako kenkaria aplikatzen duten inbertsioak frogatzen dituzten fakturen kopiak, eta faktura horien zerrenda, faktura bakoitzak datu hauek zehaztuta dituela: hornitzailea, kontzeptua, zenbatekoa eta bakoitzari dagokion kontabilitateko partida. Oro bat, adierazi beharko da aktibo berriak diren, zeinek 100eko 10eko kenkaria egiteko eskubidea ematen baitute, edo errentatutako ondasunen gaineko hobekuntzak edo inbertsioak diren, zeinek 100eko 5eko kenkaria egiteko eskubidea ematen baitute.
  • h) Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 5eko 11/2013 Foru Arauaren 62. eta 63. artikuluetan xedatutakoaren arabera, ikerketa- eta garapen-jarduerengatiko eta berrikuntza teknologikoko jarduerengatiko kenkaria aplikatzen bada, arlo horretako eskumena daukan Eusko Jaurlaritzako edo Bizkaiko Foru Aldundiko sailak edo haiei atxikitako erakunde edo entitate batek egindako txosten arrazoituaren kopia aurkeztu behar da, 11/2013 Foru Arauaren 64. artikuluan eta abenduaren 23ko 203/2013 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Sozietateen gaineko Zergari buruzko Erregelamenduaren 35. eta 36. artikuluetan xedatutakoarekin bat etorriz. Edo, bestela, foru-arau horren 62. eta 63. artikuluen 2. zenbakian, zergadunaren jarduerak ikerketa, garapen eta berrikuntza teknologikotzat jotzeko eskatzen diren baldintza zientifiko eta teknologikoak betetzen direla frogatzen duen bestelako edozein agiri, lehen aipatutako 64. artikuluaren 1. zenbakian ezarritakoa kontuan hartuta. Edonola ere, jarduera horiei egotzitako gastuen eta inbertsioen zenbatekoak zehaztu behar dira.
  • i) Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 5eko 11/2013 Foru Arauaren 66. artikuluan aipatzen den enpleguaren sorkuntzagatiko kenkaria aplikatzen bada, autolikidazioaren epealdian eta aurrekoan enpresaren plantillan lan-kontratu mugagabea izan duten langileen alten eta bajen zerrenda. Datu hauek zehaztu beharko dira: kontratu mugagabearen data, bajaren data (halakorik egon bada), kontratu mota, lanaldiaren iraupena eta, lan-merkatuan sartzeko zailtasun bereziak dituzten taldeetako batean sartuta dauden pertsonen kasuan, zergatik dauden sartuta halako talde batean. Horrez gainera, kenkaria sortzen duten langileen urteko soldata gordina adierazi behar da.
  • j) Sozietateen gaineko zergari buruzko abenduaren 5eko 11/2013 Foru Arauaren 66.bis artikuluan ezarritako kenkaria sortzen denean mikroenpresetan, enpresa txikietan edo ertainetan inbertitzeagatik, hau da, 66.bis artikuluko 6. atalean aipatutako ziurtagiria. Ziurtagiri horretan akzioak edo partaidetzak harpidetzearen edo eskuratzearen xede izan den erakundeak honako hauek utzi beharko ditu jasota: bere identifikazio-datuak; ekitaldi horretan benetan ordaindutako 2023ko ekitaldian erositako edo harpidetutako akzioen edo partaidetzen eskuratze-balioa; erosketa horrek adierazten duen Funts Propioen ehunekoa; eskuratze-data; eta erantzukizunez betetzen dituela aitortzen duen kenkariaren atala.
  • k) Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 5eko 11/2013 Foru Arauaren 66ter artikuluan aurreikusitako prestakuntza-gastuengatiko kenkaria sortzen denean, kanpoko prestakuntza bada, kenkariari atxikitako gastuen fakturen kopia aurkeztu beharko da, bai eta faktura horien zerrenda ere, faktura bakoitza kontabilizatu den hornitzailea, kontzeptua, zenbatekoa eta kontabilitateko partida adierazita. Prestakuntza baliabide propioekin garatzen bada, memoria bat aurkeztu beharko da, egindako prestakuntzaren eta gastuen kalkuluaren xehetasunekin.
  • l) Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 5eko 11/2013 Foru Arauaren 66 quater Bat artikuluan ezarritako ikus-entzunezko ekoizpenengatiko kenkaria sortzen denean, Zinematografiako eta Ikus-entzunezko Arteetako Institutuak, Euskal Autonomia Erkidegoko dagokion organismoak, gai horretan eskumena duenak, foru aldundian kulturaren arloko eskumena duen sailak edo Europar Batasuneko edo Europako Esparru Ekonomikoko beste estatu kide batean kokatutako organismo baliokide batek jaulkitako ziurtagiria, horren edukiari, kultura-errealitatearekin duen loturari edo kultura-aniztasuna aberasteko egindako ekarpenari dagokionez kultura-izaera duela egiaztatzen duena, Sozietateen gaineko Zergaren Erregelamenduaren 38 quinquies artikuluan ezarritakoarekin bat.
  • m) Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 5eko 11/2013 Foru Arauaren 66 quater artikuluan ezarritako kenkarietako bat sortzen denean, kenkari horiei atxikitako inbertsioak eta gastuak egiaztatzen dituzten fakturen zerrenda; faktura horietan honako hauek adieraziko dira: hornitzailea, kontzeptua, zenbatekoa eta horietako bakoitza kontabilizatu den kontabilitate-partida.
  • n) Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 5eko 11/2013 Foru Arauaren 66 quater Bi artikuluan ezarritako kenkaria sortzen denean, horren kultura-izaera egiaztatzen duen ziurtagiria, eta baita ikuskizuna benetan egin dela egiaztatzen duena ere, Sozietateen gaineko Zergaren Erregelamenduaren 38 quinquies artikuluan ezarritakoarekin bat.
  • ñ) Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 5eko 11/2013 Foru Arauaren 66 quinquies artikuluan ezarritako kenkaria sortzen denean, ikus-entzunezko lanen eta arte eszenikoen eta musikalen zuzeneko ikuskizunen finantzaketan parte hartzeagatik, ikus-entzunezko lanaren edo zuzeneko ikuskizunaren izaera kulturala egiaztatzen duen ziurtagiria, edo, oraindik eman ez badira, eskaera egiaztatzen duen dokumentazioa, kenkaria aplikatzekoa den azken zergaldiari dagokion aitorpenarekin batera, Sozietateen gaineko Zergaren Erregelamenduaren 38 quinquies artikuluan ezarritakoarekin bat.
  • o) Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 5eko 11/2013 Foru Arauaren 25. xedapen iragankorrean ezarritako kenkaria –Batuz kenkaria– aplikatzen duten inbertsio eta gastuak frogatzen dituzten fakturen kopiak, eta faktura horien zerrenda, faktura bakoitzak datu hauek zehaztuta dituela: hornitzailea, kontzeptua, zenbatekoa eta bakoitzari dagokion kontabilitateko partida.
  • p) Irabazteko asmorik gabeko entitateen eta mezenasgorako zerga-pizgarrien zer-ga-araubideari buruzko martxoaren 20ko 4/2019 Foru Araua aplikatzen duten irabazteko asmorik gabeko entitateek urtero egin behar duten memoria ekonomikoa aurkeztu behar dute, autolikidazioarekin batera, eta, memoria horretan, Irabazteko asmorik gabeko erakundeen zerga-araubidea eta mezenasgorako zerga-pizgarriak aplikatzeko Erregelamenduaren 4. artikuluan (55/2019 Foru Dekretua, maiatzaren 21ekoa) ezarritako informazioa jasoko dute, salbu eta entitateak sarrera-bolumen txikia izateagatik betebehar horretatik salbuetsita daudenean 4. artikulu horren 2. apartatuan araututakoaren arabera.

Gainera, 220 eredurako: Bizkaian aurkeztu behar ez diren taldeko sozietateen autolikidazioen fotokopia (200 eredua), taldearen ordezkaria den entitatearen autolikidazioaren kopia barne.

Beraz, erakundeak jasanarazitako atxikipenei eta kontura egindako diru-sarrerei buruzko ziurtagiriak aurkeztea ez da nahitaezkoa.


Oharra

Galdera/Erantzun honek ez du ondore loteslerik Bizkaiko Foru Ogasunarentzat; informazio hutsa besterik ez da.

Itzuli

 

e-mailez bidali