Ohiko galderak Identifikazio zenbakia: 900004293
Baliozko erantzuna indarrean dagoen arautegia egun honetatik aurrera aplikatuz: 2025/1/1
Baterako zerga-ordainketa aukeratzeko, familia-unitateko kide guztiak hartu behar dira kontuan. Hauek osatzen dute familia-unitatea:
1. Legez banandu gabeko ezkontzak edo izatezko bikoteak
Ezkontideak edo izatezko bikoteko kideak eta, halakorik badago, seme-alabak eta harreran dauden adingabeak (*).
2. Guraso bakarreko familiak
Guraso, adoptatzaile edo harreragile bakarra (adibidez, aita edo ama alarguna, edo beste gurasorik ez duen ama edo aita ezkongabea) eta seme-alabak eta harreran dauden adingabeak (*).
3. Genero-indarkeriagatiko edo etxeko indarkeriagatiko zaintza, edo guraso-ahal esklusiboa
Zergaduna edo zergadunak eta genero-indarkeriagatik edo etxeko indarkeriagatik zaintza esleitu zaien edo guraso-ahal esklusiboa esleitu zaien seme-alabak eta harreran dauden adingabeak (*), arautegian ezartzen den moduan egiaztatuta.
Kasu honetan ez da eskatzen mendekotasun ekonomiko esklusiboa.
4. Legez bananduak, ezkontza-loturarik edo izatezko bikote-loturarik gabeak, edo ebazpen judizialarekin
Guraso, adoptatzaile edo harreragilea eta harekiko mendekotasun ekonomiko esklusiboa duten seme-alabak eta harreran dauden adingabeak (*). Bi gurasoek mantenuan laguntzen dutela presumitzen da, kontrako frogarik ezean.
o Zaintza esklusiboa: kasu guztietan ulertzen da mantenu esklusiboa dagoela jasotzen diren mantenurako urtekoak hilean 235 € edo gutxiago badira seme-alaba bakoitzeko. Gehiago badira, lehentasunez, hauekin egiaztatu daiteke: mantenurako urtekoak ez ordaintzeagatiko demanda judiziala, mantenuan parte hartzen ez duen gurasoaren zinpeko adierazpena edo mantenua jasotzen ez duen gurasoaren zinpeko adierazpena (betiere beste gurasoak ondorengoengatiko kenkaria inolako zenbatekotan aplikatzen ez badu).
o Zaintza partekatua: mantenu esklusiboa gurasoetako batek bizikidetzaren ohiko gastuak ordaintzeko betebeharra betetzen ez duenean baino ez dago, eta hori demanda judiziala aurkeztuz egiaztatu behar da.
(*) Familia-unitatean sar daitezkeen seme-alabak eta adingabeak:
o Seme-alaba adingabeak, gurasoen baimenarekin independente bizi direnak izan ezik.
o Ordezkaritza-ahalmenak dituen kuradoretzapean dauden seme-alaba adindunak, betiere kuradoretza gurasoek edo adoptatzaileek gauzatzen badute.
o Harrera iraunkorrean edo adopzio-helburuko zaintzan dauden adingabeak, adingabeak babesteko eskumena duen Erakunde Publikoaren aurrean formalizatuta.
Gainera:
o Inor ezin da bi familia-unitatetako kide izan aldi berean.
o Familia-unitateko kideak urte bakoitzeko abenduaren 31ko egoeraren arabera zehazten dira.
Oharra
Galdera/Erantzun honek ez du ondore loteslerik Bizkaiko Foru Ogasunarentzat; informazio hutsa besterik ez da.