www.bizkaia.eus/guregida

Ohiko galderak Identifikazio zenbakia: 900004630

Faktura zuzentzaileak



Noiz egin behar da faktura zuzentzailea?

Jatorrizko fakturan faktura osoetarako edo erraztuetarako ezarritako baldintzetako bat betetzen ez bada, faktura zuzentzailea egin behar da.

Halaber, jasanarazitako zerga kuotak gaizki kalkulatuta badaude edo Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko Foru Arauko 80. artikuluan xedatutakoaren arabera zerga-oinarria aldatzen duen inguruabarren bat gertatzen bada, orduan ere faktura zuzentzailea egin behar da.

Balio Erantsiaren gaineko Zergaren arautegian ezarritakoaren arabera ondoko kasuetan egin behar da faktura zuzentzailea zerga-oinarria aldatzeko:

  • Berriz erabil daitezkeen ontziak eta enbalajeak itzultzen direnean.
  • Eragiketa egin ondoren deskontua edo hobaria ematen denean.
  • Faktura ordaintzen ez denean edo hartzekodunen konkurtsoa gertatzen denean.

Hala ere, zerga-oinarriaren aldaketa salgaiak edo ontziak eta enbalajeak itzultzearen ondorioa bada eta itzulketa jasotzaile berari beste hornikuntza bat egiteagatik gertatu bada, eta emate-eragiketan faktura egin bada, ez da egin beharko faktura zuzentzailerik: zuzenketa jasotzaileari egindako bigarren hornikuntzan emandako fakturan edo ordezko agirian egin daiteke, hain zuzen ere itzulitako salgaien edo ontzien eta enbalajeen zenbatekoa aurreko eragiketaren zenbatekotik kenduta. Zuzenketa horrela egin ahal izateko ezinbestekoa da eragiketa guztiei zerga-tasa bera aplikatzea, emaitza positiboa zein negatiboa izan.

Noiz arteko epea dago faktura zuzentzailea egiteko?

Zuzendu beharrekoaren berri jakin bezain laster egin behar da, baldin eta Zergaren sortzapenetik edo aldaketa eragiten duena gertatu denetik 4 urte pasatu ez badira.

Urtarrilaren 22ko 4/2013 Foru Dekretua, 15. artikulua

Faktura zuzentzaileen betekizunak

Faktura berrian zuzendutako fakturaren datuak agertu behar dira.

Hainbat faktura zuzendu daitezke batera; horretarako ezinbestekoa da denak identifikatzea.

Zerga-oinarria aldatzen duena eragiketen kopuru handia dela eta deskontua edo hobaria ematea denean, ez dago zertan identifikatu zuzendutako fakturak eta aski da bakoitza zer zergalditakoa den zehaztea. Gauza bera gertatzen da Ogasun Zuzendaritza Nagusiak baimena ematen duenean ere.

  • Faktura zuzentzailean egindako zuzenketa eragiketen deskripzioan zehaztu behar da (zerga-oinarria, prezioa, deskontuak, etab…); bi modu daude: zuzenketaren zenbatekoa adieraztea edo zuzenketaren ondoren zenbatekoa nola geratzen den azaltzea.
  • Faktura zuzentzaile erraztuan egindako zuzenketa eragiketen deskripzioan zehaztu behar da (zerga-tasa, guztirako kontraprestazioa, etab…); bi modu daude: zuzenketaren zenbatekoa adieraztea edo zuzenketaren ondoren zenbatekoa nola geratzen den azaltzea.

Faktura erraztuen ordezkoak ez dira faktura zuzentzailetzat hartuko.

Loturak

Informazio gehiago


Oharra

Galdera/Erantzun honek ez du ondore loteslerik Bizkaiko Foru Ogasunarentzat; informazio hutsa besterik ez da.

Itzuli

 

e-mailez bidali