saltatu edukira

Aldundiaren Logoa
 
 

Hemen zaude:

Informazioa

 

PAGASARRI: Bilboko birikaItzuli

Pagasarri Bilboko mendirik ospetsuena da, eta jende askorentzat hiribilduko ikurrik garrantzitsuena da, itsasadarrarekin, Alde Zaharrarekin, San Mamesekin edo BegoŌako basilikarekin batera. Izan ere, 671 metroko altuerarekin, Pagasarrik Bilboren hazkundea ikusi du, eta pertsona asko gaztetarik elikatu dute mendizaletasuna, mendi horren inguruetan korrika eta olgeta eginez. Zaletu kopuru handia dauka, adin guztietako bisitariak, eta horiek egunero joaten dira inguru horretara, hiriaren erritmo bizkorretik babesteko leku egoki baten bila.

Pagasarri mendia Ganekogorta mendilerroaren barruan dago, eta hori mila metroko altueran altxatzen da Bilboko metropoliaren gainean; gainera, Bizkaiko eta Arabako lurraldeen mugan dago. Ipar-mendebaldean Kadagua ibaia dauka, eta hego-ekialdean Nerbioi ibaia, eta bertako maldak Bilbo, Alonsotegi eta Arrigorriaga udalerrien artean banaturik daude.

Etimologiak mendi horren jatorrizko itxura adierazten du. Pagasarrik bi elementu ditu: Paga edo pagoa eta sarri edo trinkoa. Beraz, Antzina Pagasarri pago geruza trinko batez estalita zegoen.



HISTORIA APUR BAT

1300. urtean, Diego Lopez de Harok sinaturiko Bilboko Herri Gutunean mendi hori aipatzen zen, Bilboren mugatzat, eta orduan Fagasarri esaten zioten.

Horren historia Euskal Herriko beste mendi askoren historia bezalakoa da, hariztiz, pagadiz eta artadiz betea; egurra, fruituak eta ehiza eskaini zizkien lehenengo biztanleei. Aztarna arkeologiko batzuk aurkitu dira (lurrazalean aurkituriko silexezko harriak) eta horiek aditzera ematen dute Brontze Aroan artzaintza jarduera hasi zela inguru horretan. Brontze Aroko artzainak abere taldeekin igotzen ziren, mendilerroko larredi aberatsetan bazkan egitera.

Hasieran artzaintza izan zen, gero siderurgia eta itsas industriaren goraldia, eta horrek, XVII. eta XVIII. mendeetan zur-eskari handia sortu zuen, Bizkaiko basoen suspertze-gaitasuna gainditu zuen eskaria. 1610. eta 1630. urteetan, Zorrozako Arsenal izenekoak gerrarako 40 galeoi baino gehiago eraiki zuen, eta horretarako, itsasontzi bakoitzeko 6.000 haritz baino gehiago moztu behar izan zen. Azkenik, Pagasarrik Karlistadetan jasandako suteek mendi horren baso-aberastasuna amaitu zuten.

XIX. mendean, Pagasarrik itxura ikaragarria zeukan, eta basomasa guztia galduta zuen. Tokiko agintarien kontzientziari eta herri ekimenari esker, mendi horrek apurka-apurka bere aberastasun naturalaren zati bat berreskuratu du.

HOZKAILUAK ETA TARIN ITURRIA

Pagasarriko zelaietara iritsitakoan, eskuinetara jaitsita (Ganetaren malden behealdetik), hozkailuak eta Tarin iturria aurkituko ditugu.

Pagasarriko hozkailuak XVII. mendekoak dira, Bizkaian elurra merkaturatzen hasi zen garaikoak. Hozkailuak lurpeko eraikuntza zilindrikoak ziren; neguan eroritako elurra biltzeko eta kontserbatzeko erabiltzen ziren, elur hori urteko hilabeterik beroenetan erabili ahal izateko. Elurra zapaldu egiten zen, trinkotzeko, eta belarrez, lastoz edo iratzez bananduriko geruzetan biltzen zen. Sorturiko izotza bloketan ebaki eta kontsumoko lekuetara garraiatzen zen, gaueko freskuratan. Medikuntzan erabiltzen zen, sukarrak arintzeko, eta analgesikotzat ere erabiltzen zuten. Halaber, edari freskagarriak eta izozki gozoak egiteko ere oso estimaturik zegoen.

Hozkailuen azpian, Tarin iturria dago; Udoi iturburuaren ondoan bildutako mendizale talde batek inauguratu zuen 1914. urtean; eraikuntzaren gastuak ordaintzeko, harpidedunei tarin bat (garaiko erreal bat) kobratzea erabaki zuten.

HAITZEKO AZTARNAK

Pagasarriren gailurrean, haitzek lapiazez, arrakalaz, dolinaz, haitzuloz eta hormaz beteriko paisaia menperatzen dute, eta horien artean belar-geruza emankorra dago; horrek guztiak, berriz, paisaia erakargarria eta berezia sortzen du.

Lapiazaren aurrean, haitzaren azaleran egitura zimurra eta irregularra ikusten da, eta bertan koralen eta errudisten aztarna fosil asko dago; horrek aditzera ematen du inguru hori antzina urpean egon zela.

Antzina-antzina, orain dela 120 milioi urte baino gehiago, itsaso epel eta sakonera nahiko txikiko batek estaltzen zituen lur horiek. Ur horietan, koralezko arrezife handiak garatu ziren eta horiexek sortu dituzte inguruko mendietariko asko.

Gero, Orogenia Alpetarrean (garrantzi handiko aldi geologikoa, geure paisaiaren formei dagokienez), urpeko arro sedimen tarioa apurka-apurka altxatzen hasi zen.

Horrela, Bilboko antiklinorioko mendiak eta Ganekogorta mendilerroa sortu ziren, eta horren barruan Pagasarri dago. Material horiek azaleratu ondoren, higadura-prozesuen efektuak nabaritu ziren berriro, eta azkenean, oraingo erliebea sortu zen.

IBILBIDEA

Pagasarrirako igoera alde guztieta tik egiten duten ibilbide asko dago, inguruko udalerrietatik abiatuta. Bilboko hiriburuko Zabalburu plazan hasten den bidea aukeratu dugu, berori baita Pagasarrirako ibilbiderik klasikoena eta erabiliena.

Zabalburu plazatik hasita, Juan de Garai kaletik San Adrianerantz igoko gara. Auzo ospetsu hori behean utzita, autobidearen gaineko zubi bat zehar katuko dugu. Iberdrolaren eraikina inguratu eta ezkerretara egingo dugu bira, "Pagasarrirako Bidea" deritzonaren ondotik, Garbigunearen albotik igarota.

Bihurgune zabal baten ostean, Ikoko baserrien ondoko errepidearen al bora iritsiko gara. Apur bat gorago, errepidea utziko dugu hormigoizko bide batetik; bide horrek, malda gogo rrean, Bentabarri baserriraino eraman go gaitu; baserri hori duen zelai ederrean, auzoko jaiak eta erromeriak ospatzen dira.

Gorantz jarraituko dugu, errepidetik, Arnotegiko malden azpitik, Athletic tabernaren eta Igertuko baserrien ondotik igarota, eta bertan, Buiatik eta Bolintxu errekaren haranetik gorantz doan bidearekin bat egingo dugu. Bertan lehen presa bat zegoen, baina 1983ko uholdeek hondatu egin zuten; presa hori oso ospetsua da Bilboko gazteen artean, udako egun sargoritsuetan bertara joaten baitira bainua hartzera.

Aldapa txiki bat igo ondoren, ibilgailuen bidea ixten duen hesira iritsiko gara, eta bertatik Pagasarriko maldetan sartzen da. Ezkerretara dagoen asfaltozko estrata batek San Roqueren baselizara hurbilduko gaitu, paisaia bukolikoan kokaturiko baselizara; inguruan, Uzkortaren kare-harrizko haitzak daude eta, bertan, baso autoktono ugaria dago: lizarrak, haritzak, haltzak, astigarrak, gaztainondoak eta arteak. Baso horiek, berriz, malda horietan antzina zegoen basoko aberastasunaren aztarnak dira.

Herri tradizioak dioenez, 1575. urtean kolera izurri ikaragarri batek Bilboko biztanleria jota utzi zuen.

Biztanleak, ikaratuta, Pagasarrin San Roqueren omenezko baseliza eraikitzea erabaki zuten, santu hori izurridunen zaindaria baita. Santua erromerian igo zen bertara, eta, garaiko kronikek diotenez, santua eskuzabala izan zen, handik gutxira izurria amaitu egin baitzen.

Hesira itzuli eta legarrezko bide zabal batetik gorantz egingo dugu, harik eta hiru bide desberdin dituen bihurgunera iritsi arte: ezkerretarako bidea basoaren barrutik lau-lau doa, Pastorekorta mendi-lepora iritsi arte, eta bertatik Pagasarrira igotzen da, gailurrerako muinotik; aurrealdean antzinako bidea daukagu, ederrena baina gogorrena; eta, azkenik, eskuinetara, Arraizko bidearekin bat eginez gorantz doan legarrezko bide zabala dago. Bide horietariko edozein hartuta, Pagasarriren zelaietara iritsiko gara, ordubete eta erdian edo ordu bitan, bakoitzaren ahalmenaren arabera.

Ezkerretara aterpea dago eta bertan atsedena nahiz ondo merezitako mokadua har daiteke. Jatorrizko eraikina Bilboko Udalak eraiki zuen, 1914an, Kirol Klubak eskatuta; urte horietan bizitza osasuntsua, naturismoa eta mendiko aire osasuntsuak sustatu ziren. Urte askotan, Francisca Intxausti andreak gobernatu zuen, eta horri Paca esaten zioten; horrenbestez, oraindik ere askok "La Paca" taberna esaten dio.

Zelaien leuntasuna eta karstaren fisonomia malkartsua tartekatzen dituen igoera labur batean, gailurrera hurbilduko gara, Bilboko metropoli zalapartatsuaren eta Abraren bokalearen gaineko begiratoki bikaina da.

Aterpetik, ausartenek aurrera egin dezakete "bitarteko zelaira" doan bidetik; bertan banatu egiten dira Zollorako, Laudioko Santa Luciarako nahiz Aretarako bideak (Espino deritzon iturritik), Ganekogorta mitikorako igoera gogorretik.