saltatu edukira

Aldundiaren Logoa
 
 

Hemen zaude:

Informazioa

NEBERONDO (Durango)

  • Kokapen planoa
    Kokapena
  • Baserri turismoa
    Baserri-turismo
  • Mapara itzuli
    Mapa
SARBIDEA

Durangoko Ezkurdi plazatik abiatuz, San Agustinalde kaletik Artearen eta Historiaren Museorantz joango gara, eta han eskuinetara hartuko dugu, San Roke kaletik. Saihesbidearen azpitik igaro ondoren, malda gogorrean gorantz egingo dugu errepide estu batetik; horrek, baserrien eta larredien artean joanez, San Andres (Iurreta) auzoa zeharkatzen du. Goialdean baseliza txiki bat dago, eta, apur bat aurrerago, errepide estuaren ordez legarrezko bidea aurkituko dugu, eta bertatik pinudian sartuko gara. 600 metro egin ondoren, bidegurutzea dago. Ezkerretik joango gara, beste bidegurutze batera iritsi arte (400 m). Eskuinetara jarraitu eta kilometro bateko aldapa igoko dugu, harik eta Neberondo jolas-eremura iritsi arte.

Mapetako ezaugarriak
  • Mahai kopurua
    10
  • Erretegi kopurua
    8
  • Edateko uren iturriak
  • Aterpe
DESKRIBAPENA
  • Gogoratu egin behar da Neberondo jolas-eremua Urkiolako Parke Naturalaren mugen barruan kokaturik dagoela. Eremuaren sarreran dagoen informazio panel batek inguru pribilegiatu horretan sartzean bete beharrekoaraudi berezia adierazten du.
  • Zalantzarik gabe, elementurik adierazgarriena hozkailua da, eremuari izena ematen dion kupula itxurako eraikuntza bitxia. Inguruetan, mahaiek eta erretegiek lurraldearen irregulartasunak aprobetxatzen dituzte, eta zerbitzu horietariko batzuk, egon ere, hurbileko pinudiaren eta pinuen, pagoen nahiz haritz amerikarren birlandaketa handia babesten duen burdina-hesi baten artean daude.
  • Azken hori inguratuz, berorren ondotik jaisten den bide belartsu batetik jaitsita, ibarbide txiki baten atzealdean kokaturiko iturrira iritsik gara, eta bertan mahaiak eta erretegiak daude.
BISITAK ETA IBILALDIAK INGURUAN ZEHAR

Hozkailua

Askaldegi

Hozkailu hau, beste asko bezala, beste garai batzuetan oso ohikoa zen geure mendietan, eta berorren barruan, neguan eroritako elurra gordetzen zen. Horrela, inguruko herriek denboraldi luzeagoan zuten izotza.

Hozkailu horietariko asko udalenak ziren, eta euren ustiapena enkantean ateratzen zen, urtean behin; errentatzaileak putzuak elurrez bete, hozkailua zaindu eta izotza erosleentzat ebakiko zuten langileak kontratatzen zituen.

Gaur egun, hozkailu honen hobi sakona zigilatu egin da, eta harlanduz eraikitako goialdeko kupula aterpetzat egokiturik dago; barruan tximinia nagusia dago, aulki batzuekin inguratuta, eta multzo osoa, berriz, ganaduari barruan sartzeko aukerarik ematen ez dion ate birakari batekin babestuta dago.

San Andrés auzoa

Jolas-eremuan sartzeko errepidea baserri sendoen artetik doa, eta baserriok, berriz, Mugarra menditik Ibaizabalen haranerantz jaisten den malda zabalean sakabanaturik daude. Goialdean, haritz talde txiki baten gerizpean, San Andresen baseliza txikia aurkituko dugu, eta horrek izena ematen dio auzoari. Leku eder horretatik, Durango udalerriaren gaineko ikuspegi bikainak daude.

Maiatzaren 9an, San Gregorioren egunean, meza dago eta ura bedeinkatzen da. Apaizak zelaiak bedeinkatzen ditu erramu batekin. Egun horri "arren eguna" esaten zaio.

Mugarra

Mugarra mendia

Jolas-eremua Mugarra mendi ikusgarriaren oinetan kokaturik dago; mendi horren irudia oso luzanga da ekialdetik begiratuta, eta mugarri handi baten itxura dauka. Iparraldeko aurpegia malda oso gogor batek osatzen du, eta hori oso-osorik ikusten da jolas-eremuaren gainean.

Malda horretan oraindik ere gailurrerantz sigi-saga igotzen den zidorra dago; haitzen artean ezkutaturiko meatze-aho batzuk lotzen ditu, eta horietatik lehen minerala ateratzen zen.

Hormari arretaz begiratuz gero, zulo txiki bat ikusiko dugu, eta, horren ondoan, zurezko egitura usteldua dago; bertan euskarritzen zen kabletik mineralez beteriko bagonetak jaisten ziren.

Lekurik zailenetan, harritsuenetan edo malda handikoetan, artadi kantabriarreko eremu batzuk daude, jatorrizko basoaren aztarnak; horiek, interes natural handia edukitzeaz gainera, izaera erreliktoa ere badute, oraingoak bezalakoak ez ziren ezaugarri klimatikoak zituzten garaietakoak baitira. Horren eraginez, mozketarik edo suterik egonez gero, horiek suspertzea oso zaila da, eta ekosistema apurkortzat eta balio handikotzat suspertu behar dira.

Dolometa haztegirako ibilaldia

Eremuaren beheko aldetik, basoko bide bati jarraituz igo daiteke, bertatik hurbil dagoen Dolometa haztegiraino. Leku horretan, basoko etxe bat dago eta, horren aurrean, aska bat; horrek iturria eta errotarriz egindako mahaia ditu. Inguru osoa jenero desberdineko basoko espezieekin landaturik dago.

Ezaugarririk aipagarriena aniztasuna da eta, besteak beste, haritz arruntak zein amerikarrak, urkiak, lizarrak, altzifreak, izeiak, laritzak eta abar ikus daitezke. Zuhaitzei buruzko gidaliburu arrunt batekin, inguruko espezie exotikoak eta autoktonoak identifika ditzakegu, eta hori oso entretenigarria izan daiteke.