saltatu edukira

Aldundiaren Logoa
 
 

Hemen zaude:

Informazioa

ALDAZITALA ETA SANTUARIO (Abadiño)

  • Kokapen planoa
    Kokapena
  • Baserri turismoa
    Baserri-turismo
  • Mapara itzuli
    Mapa
SARBIDEA

Aldazitalako jolas-eremua Otxandiotik Urkiolakomendatera bitarteko BI-623 errepidearen bi aldeetan dago, mendatera iritsi baino kilometro bat lehenago.

Mapetako ezaugarriak
  • Mahai kopurua
    84
  • Erretegi kopurua
    60
  • Edateko uren iturriak
  • Paperontziak edo edukiontziak
  • Aparkalekua
DESKRIBAPENA
  • Errepideak bitan banatzen du jolas-eremu hori; eremuak azalera handia dauka, Urkiolako Parke Naturalaren mugen barruan.
  • Aldazitalako zonarik txikiena, bestalde, portuko errepideak eta bertarako sarbideak mugatzen dute, eta luzera osoan aparkalekua dauka. Hala eta guztiz ere, mahaien eta erretegien antolamenduari esker (eremuko bazter guztiak aprobetxatzen baititu) eta pago zaharren nahiz haritz hostotsuen babesean dagoenez, zaratak ez du oztoporik sortuko geure egonaldian. Aldazitalako zona nagusia azpiegiturarik handienekoa da, bai ekipamenduari eta bai zuhaitzen aniztasunari dagokionez.
  • Mahaiak eta erretegiak zuhaitzen artean daude, batzuk eguzkitan, zuhaitz txikien ondoan, Saibiren gailurrerako ikuspegi bikainekin, eta beste batzuk pagoen adar luzangen gerizpean; eremua zenbait errekatxok zeharkatzen dute, eta, multzo oso horren eraginez, Aldazitalaren barrualdea leku oso atsegina da eguna emateko.
BISITALDIAK ETA TXANGOAK INGURUETATIK

Toki Alai edo parkeko harrera-etxea

Fósil

Urkiolako Parke Naturaleko Harrera, Informazio eta Interpretazio Zentroa Toki Alain zentralizaturik dago, Saibi mendiaren maldan. Bertara Urkiolako mendatearen goialdetik joaten da, jatetxeen arteko bideari jarraituz. Leku horretan, inguruko jarduerei eta lekuei buruzko informazio guztia aurkituko dugu, eta gainera, ikus-entzunezkoak ere eskueran izango ditugu.

Bertako erakusketa iraunkorrak jakitera ematen ditu Parke Naturalaren ezaugarriak, eta erakusketa horretan aipagarria da hartz baten hezurdura fosildua (Anbototik hurbileko haitzulo batean oraintsu aurkitua). Halaber, saien bizitza denbora errealean ikusi ahal izango dugu, Mugarrago habien zonan kokaturiko kamera bati esker.

Aldazitala - Toki Alai deritzoneko ibilbide didaktikoa

Iturria

Toki Alaiko Interpretazio Zentroan, oinezko ibilbidea egiteko gidaliburutxo batzuk har daitezke.

1. ibilbide didaktikoa ondo seinaleztaturik dago; Aldazitala jolaseremua Toki Alai interpretazio zentroarekin lotzen du.

Aipagarriak dira ibilbide osoan zeharkako landa mota desberdinak eta zuhaitzen aniztasun handia. Ibilbidean, zenbakidun baliza txikiak daude eta, horien bidez, errazago ulertuko ditugu ibilbideari buruzko gidaliburutxoan agertzen diren informazioak nahiz azalpenak.

Komenigarria da Aldazitalara 2. ibilbide didaktikoan agertzen diren balizei jarraituz itzultzea. Horrela, hauxe ezagutuko dugu: Urkiolako Santutegiaren ingurua, bide gurutzeko begiratokia, Kristo Santuaren baseliza, hozkailua, galtzada eta Santa Apoloniaren baseliza, Santutxu ere baderitzotena.

Urkiolako santutegia eta horren ingurua

Paisaia

Paduako San Antonioren santutegia debozio espiritualeko gune garrantzitsua izan da aspaldi-aspalditik; ez Bizkaian bakarrik, baita Euskal Herri osoan ere. Oraingo basilika XIX. mendekoa da; Jose Maria Basterra arkitekto bilbotarrak egin zuen.

Bertako jai nagusiak urtarrilaren 17an dira, San Antonio badearen jaiegunean, baita ekainaren 13an ere, Paduako San Antonioren egunean, eta eraikina horren omenezkoa da (ikusi Urkiolako Parke Naturalaren gaia).

Santutegira itsatsitako abatetxearen eta beste etxe baten artean, galtzada bat abiatzen da; hori, pagadi zahar batetik, Santa Apoloniaren baseliza txikirantz doa, eta bertan iturri emaritsua dago. Tradizioak dioenez, iturrian ur apur bat edan, aita gurea errezatu eta baselizari bira emanez gero, hori guztia hirutan egitekotan, urte osoan ez dugu hortzetako arazorik izango.

Santutegira errepidetik iritsi baino lehen, errege-galtzada zaharretik desbideratuko gara; Mañariatik eta Atxartetik igotzen ziren erromesak bertatik iristen ziren santutegira, eta Santa Apoloniaren galtzada, berriz, Otxandioko erromesek erabiltzen zuten. Pagoen eta haritzen azpitik, Kristo Santuaren baselizaren ondotik igarotzen da, bide gurutzeko begiratokira iritsi arte, eta handik Durangaldeko ikuspegi bikainak daude: aipagarriak dira Untzillatx mendia eta Alluitzetik Anbotorako bizkarra ("Damaren irudia").

Santutegiaren ondoan, pagadiaren eta hariztiaren babesean, mahaiak eta erretegiak modu estrategikoan banaturik daude, Santutegiko jolas-eremua osatuz, eta bertan umeentzako jolasak ere aurkituko ditugu.